«Museoaren kontzeptua finkatuta dago; gestioaren garaia da eta pentsatzen naiz ona, ez gestionatzen»
Xole Aramendi
2007ko Maiatzaren 04a
Pedro Manterolak gertutik ezagutu zuen Jorge Oteiza. Hain gertutik, bere handitasunaz seduzituta sentitu zela oriotarra ezagutu bezain pronto. Hain gertutik, azken urteetan artistarengandik aldendu beharra ikusi zuela. «Neurrigabekoa zen, artista handia zen baina bazuen aurpegi iluna ere, eta hori ez nuen atsegin», esan du.
Datorren Sanferminetan hiru urte beteko ditu Altzuzako museoaren zuzendari bezala eta berak bakarrik daki 2007a kargu horretan amaituko duen. 71 urte beteak ditu eta orain arte lortu ez duena du helburu, Oteizaz ahaztea, nolabait. «Ez dut nire bizitza agure kaskagogor haren oroitzapenak markatu dezan nahi», aitortu du. Hitz horiek entzun eta kontrakoa dirudien arren, nabaria da artistari dion mirespena. Baina, era berean, Oteiza izan da azken urteotako bere jardueraren ardatz: lehenik, Unibertsitateko katedra gidatzen, eta ondoren, museoa zuzentzen. Orain, lan biak uzteko asmoa du. Pietateaz behin eta berriz idatzi eta zuzendu duen liburua amaitu -hunkitu egin da gaiaz hitz egitean- eta etxean, lasai, margotzen eman nahi du denbora. Jorge Oteiza eta Itziar Carreñoren etxeko sukaldea izan zen toki berean du bulegoa, museoan, eta hantxe hartu gaitu. Lehenengo galdera egitea nahikoa da hizketaldi atseginari hasiera emateko.
Aurten 50 urte betetzen dira Jorge Oteizak Sao Pauloko Bienalean eskultura sari nagusia eskuratu zuenetik. Zein motako erakusketa prestatu duzue?
Maiatzaren 11n irekiko da. Bienala bera ekarriko dugu, ez osoa, baina bai saritutako artelan guztiak: Morandi, Oteiza, Nicholson... Asko kostatu zaigu, baina lortu dugu. «Bienal de Sao Paulo, 1957» izan zen izena eta horixe da erakusketarena ere. Hiru zati ditu: lehena Bienaleko nazioarteko sariak, bigarrena espainiar ordezkaritza -nagusiki El Paso taldea-, eta hirugarrena, Oteizaren obra. Guztira, 26-29 pieza artean aurkeztu zituen Jorgek eta berak idatzi zuen «Proposito experimental» testuaren faksimilea ere prestatu dugu. Bere ekarpenaz egin zuen katalogoa da. Gainera, maiatzaren 8rako argitalpen ederra aterako dugu erakusketaz. Hainbat artikulu dauzka, bat Bienalaren historiaz, beste bat Morandiren inguruan, nik ere idatzi dut «Proposito experimental» testua ardatz hartuta...
2008an Oteizaren jaiotzaren mendeurrena ospatzeko kongresua iragarri zenuten nazioarteko adituan parte hartzearekin. Zertan da?
Orain hasi gara martxan jartzen. Lehenik Batzorde Zientifikoa osatu behar dugu eta datorren urterako baliabideak aurkitu. Kongresua Oteizaren mendeurrenarekin bat eginez irekiko dugu, urriaren 21aren inguruan. Hasteko, Done Jakue Bidearen kaperari buruzko azterketa aurkeztuko dugu erakusketa batekin. Javier Saenz de Oizarekin diseinatu zuen eta Premio Nacional de Arquitectura saria irabazi zuen, nahiz eta, maiz gertatzen den bezala, ez zen egin. Gogo handia nuen erakusketa egiteko eta mendeurrenaren urtea era honetan hasiko dugu, ahaztu behar ez dugun Oteizaren alderdi batekin: arkitekturarekin zuen lotura. Ondoren orain arte egin dugun erakusketarik zailena etorriko da, konprometituena, Kleren Laborategiarena. Ordurako ez naiz museoan egongo, baina egin beharra dago. Denek hitz egiten dute laborategiaz baina inork ez daki zer den. Oteizak utzitako material kopurua itzela da eta horregatik garrantzitsua da azterketa noren esku utzi erabakitzea. Niri gustatzen zaidan moduko erakusketa izango da: ez ezer ikusgarria, baina bai garrantzitsua. Poztu egingo naiz egiten denean. Mendeurrenaren urtea nazioarteko kongresuarekin amaituko da.
Ordurako badago beste ideia bat ere, Victor Erice zuzendariak film bat egitearena, ez gaur egun dauden dokumentuen erreportajea, Oteizak nahi zuen museoaren ingurukoa baizik. Oraindik finantzapena zehaztu gabe dago eta ikusiko dugu aurrera ateratzen den. Polita litzateke. Nik ere egindako lanaren arrastoa utzi nahi dut, beste edonork bezala.
Noiz arte egongo zara karguan?
2004ko uztailean hasi nintzen zuzendari. Hasieran, 2006ko abendura arte egotekoa nintzen. Aldaketa erraztu nahian, eta udal hauteskundeak esanguratsuak gertatu daitekeenez, horiek pasa arte pixka bat egoteko eskatu zidaten. Kontua konplikatu egin da eta Patronatuaren azken bileran aurtengo urte osoa geratzeko eskatu zidaten. Pentsatuko nuela erantzun nien eta azken bileran denbora gehixeago eskatu nien. Erabakia hartua dut, baina ez diet horren berri eman eta ez dut aurrez publiko egingo.
Ez duzu jarraitzeko tentaziorik izan?
Oso gustura nago, baina zahartua nago. Gainera, museoaren kontzeptua finkatuta dago eta gestionatzeko garaia da, eta ni pentsatzen naiz ona, ez gestionatzen.
Gehiago geratzeko eskaera zurekin gustura daudenaren seinale da.
Bai, eta gainera, arazoari konponbide erraza ikusten ez diotela uste dut. Patronatua konplikatu egin dute. Nik badakit isilpeko gatazka dagoela, baina horrek ez du Oteizarekin zerikusirik. Ondorioz, ez dut ezer jakin nahi.
Zuzendari berriaren izendapenean parte hartuko duzu?
Patronatuko kideek nire iritzia eskatzen badidate, nire ustez zuzendariak izan behar duen profila emango diet, baina ez izenik: erabakiarekin hanka sartzekotan, sar dezatela eurek.
Kargua hartu aurretik Patronatuak zure lana egiten uztea espero zenuen. Hala izan da?
Bai, nire izendapena aho batez onartu zuten, handik bi hilabetera onartu zuten lan-plangintza ere, eta gaur arte ez dut inolako arazorik izan. Museoa sortu eta berehala eskaini zidaten zuzendari kargua baina ezezkoa eman nuen. Ondoren, gauzak okertu zirenean, pena ematen zidan gauzak nola zihoazen ikustea eta baiezkoa eman nuen. Orain Patronatuan egoera asko lasaitu da.
Zer aurkitu zenuen Altzuzara iristean?
Ni etortzerako kolpe asko hartuta zeuden langileak, eta beldurtuta zeuden. Eskerrak ez nuen jakin, bestela agian ikaratu egingo nintzen eta atzera egingo nuen... Oso talde ona da, langileak museoaren alde lan egiteko prest daude eta adituak dira. Beraz, ezin zaie gehiago eskatu.
Egin beharrekoa bukatuta dagoenaren sentsazioarekin alde egingo duzu?
Lana inoiz ez dago egina, baina museoaren kontzeptua finkatuta dago, lehen ez zegoena. Museoak alor zientifikoa indartu dezala nahi dut, munduko museo moderno guztiek egiten dutenaren aurka, baita ikuskizun hutsa uka dezala ere. Fondo propiorik ez duten museoak ez ditut atsegin, aldikako erakusketak eta argitalpenak egin eta bisitari asko ekartzetik bizi direnak. Kulturaren industria oso perbertsio larria da, gure mendearen zeinua: gero eta argiago ikusten dut, baina jada ez nau kezkatzen, gainera, dagoeneko ez nago jokoan.
Erakusketak egin ditugu, orain arte ezagutzen ez zen lana erakutsi dugu, idazlanen edizio kritikoak egin eta euskaratu ere bai, eta dokumentazio zentroa sortu dugu. Lau bekadun ari dira bertan lanean. Guztiari buelta eman diogu: dena den, nik ez dut nahi nire proiektua betikotzea, beste norbait etorri eta nik egindakotik gustatzen ez zaiona kendu eta bere ideiak gehitzea nahi dut. Horrela, museoa aberastu egingo da.
Publikoak artistaz dakiena berak sortutako pertsonaira mugatzen da?
Bai, Oteizaren ezagutzan sakondu behar da, pintoreskoa eta dibertigarria zen Oteiza hartaz aldendu. Oteizak atzean gordetzen zuen bere obra, nahita. Nik, berriz, aurrean ipini nahi dut. Museoak erakusketa, ikerketa eta kontserbazioa izan behar ditu oinarri, beti izan dituen funtzio klasikoak.




