Aurrerapenak aurrerapen, hies gaixotasuna duten bi milioi pertsona besterik ez daude tratamenduan gaur egun eta zazpi milioi pertsona dira munduan heriotza saihesteko tratamendua beharrezkoa dutenak. Datu hauek Unicef-ek, Munduko Osasun Erakundeak (MOE) eta Nazio Batuen Erakundeak (NBE) eman zituzten atzo argitara txosten batean.
2007ko Apirilaren 17a
Herrialde pobretuetan tratamenduan dauden gaixoen kopurua %54 igo da 2005eko abendua eta 2006ko abenduaren artean, 1,3 milioitik 2,015 milioitara pasatuz. Emaitza hauek positibotzat jo dituzte aipatu hiru erakundeak baina oso urrun daude MOEk eta NBEk 2005aren amaierarako herrialde pobretuetan lortzea espero zutenekiko: tratamendurik ezean hiltzeko arriskua duten gaixoen erdiarengana iristea.
2006ko bukaeran lau gaixotik batek ez zuen beharrezko botikak eskuratzeko aukerarik. 15 urtetik beherako gaixoen artean, gainera, kopuruak behera egiten zuen eta 780.000 umetik 6k soilik zuen tratamendua. «Haurrek, ihes pandemiaren aurpegi ezkutua izaten jarraitzen dute», esan du Ann Veneman, Unicef erakundearen zuzendari orokorrak.
Gaixorik dauden 2,3 milioi umeen %90 amak kutsatu ditu. «Asko dago oraindik egiteko», gaineratu du Peter Piot-ek, Onuaids, NBEk ihesari aurre egiteko duen programaren arduradunak. Garapen bidean dauden herrialdeetan, haurdun dauden emakumeen %11 bakarrik jasotzen du hau galarazteko beharrezkoa duen botika.




