Datorren asteburuan Nigerian egingo diren hauteskunde presidentzialetan Atiku Abubakar presidenteordeak esku hartu ahal izango du, Epaitegi Gorenak hartu duen erabakiaren arabera. Olusegun Obasanjo presidentearentzat oso berri txarra da, bera izan baita, begiraleek salatu dutenez, Abubakar hauteskundeetatik kanpo utzi nahi zuena.
2007ko Apirilaren 17a
Teorian, datorren larunbateko hauteskundeak ikaragarri garrantzitsuak dira Afrikako herrialderik populatuenarentzat, hautesontzietatik ateratako Gobernu batek beste baten esku utziko baitu agintea.
Independentzia 1960an lortu zuenetik Estatu kolpeak besterik ezagutu ez dituen herrialdean, agintean errelebo baketsua izatea berri pozgarria litzateke.
Hala ere, hauteskunde prozesoak zalantza ugari eragin ditu. Joan den asteburuan Nigeriako 36 estatuetako gobernadoreak aukeratzeko hauteskundeak egin ziren.
Kanpainan hogeitik gora hildako zenbatu bazituzten, igandean han-hemenka sortutako istiluetan beste berrogeita hamar pertsona hil zituzten, bertako hedabideek egin dituzten kalkuluen arabera.
Europar Batasunak bidali duen begirale taldeak makina bat irregulartasun ikusi ditu eta horiek konpontzeko deialdia egin die agintariei zein alderdi politikoei.




