-

Xabier Paya

2007ko Apirilaren 13a

ola aldatzen diren gauzak! Trantsizio osteko lehen urteek erreserba izatekoak aspaldi pasatuta zeuzkan xanpaina botilaren efektua ekarri omen zuten Euskal Herrira. Zenbat denbora nahi genuena egin gabe, genuena izan gabe, izan gabe ere! Ordukoak dira egun gero eta handiagoak diren euskal mugimendu gehienak. Agian zaharragoak ere, baina esan liteke zirenak garai hartan azaleratu zirela eta ez zirenak orduan hasi zirela izaten. Hura izan ei zen militantziaren urrezko aroa: jendea prest zegoen lantegia utzi eta helburu jakin batzuk zituen alderdi politiko, sindikatu edo herri mugimendu baten kide izateko, guztiz integratzeko eta taldearen lanetan aktiboki parte hartzeko. Jarduera mota horrek, ordea, ezinbestekoa zuen esparru soziala gero eta urrunago dauka egungo gizartean. Izan ere, lehenago gizartearen parte baino ez zen pertsona orain izate oso bat da espektro sozialean. Militanterik militanteenak ere familia dauka, lanorduak, zaletasunak... gaur eskubide deitzen diren horiek. Militantzian, langileen helburuek bat etorri behar dute mugimenduaren helburuekin, ez bakarrik militante izateko, baizik eta militantziak sortzen duen ilusioa sentitzeko ere. Hortaz, zer gertatzen da langilearen helburuak eta mugimenduarenak bat ez datozenean? Posible ote da erakunde batek beti bere helburuak lortu nahi dituzten langileak izatea? Zailtasunak erraz pilatuko dira. Eman beharreko pausoa ez da erraza ordea: nola uztartu langileen helburuak mugimenduarenekin, bakoitzak bere idiosinkrasia galdu gabe? Beldur naiz ez ote diren sortuko izenburuan begien deigarri nabarmentzen nituen funtzionario militanteak: zortzietatik hiruretara mugimendu jakin baten helburuak lortzeko ezin (pro)aktiboago jardungo duten langileak. Asteaz gain, asteburuetan lan egitea suertatuz gero, aparteko orduak aparteko lansarian jasoko dituzten beharginak. Funtzionario militanteak. Oraingoz gehiago du oximoronetik epitetotik baino.