-
pd31_f02.jpg

Haritz Rodriguez

2007ko Apirilaren 13a

2007ko martxoaren 31n, larunbata, Durangon izan nintzen, Gerediagak, Berbarok eta Krixkitin taldeek bonbardaketaren biktimei 70. urteurrenean egindako omenaldian. Gertakari honek niretzako garrantzia hirukoitza du. Italiako hegazkinen bonben biktima izan ziren guztiengatik, zibilak jomuga zituen lehenengotariko aire bonbardaketa izan zelako, eta isildutako sarraskia delako. Senitarteko kontuek ere hunkitzen naute, aitortu beharrean sentitzen naiz.

Ekitaldiaren audioa igo dut blogera. Nahiko kalitate eskasekoa da. Ezin beti ibili hamaika tramankulu gainean ditudala: kamera, grabagailua, ordenadorea... Ez beza gaizki har bigarren eskuko Sanyo grabagailu digitala berriki oparitu didan lankideak. Asko eskertzen dizut, benetan. Izan ere, aparailua oso egokia da prentsa kazetaritzan aritzeko, baina ez irratigintzan. Grabatutakoa transkibatzeko lar ona, baina munduari plazaratzeko ez hainbeste.

Dagoeneko ez da hain berria, pare bat urte izango ditu. Esan beharrik ez dago: mikrosegundoak azkarrago pasatzen dira teknologiaz ari bagara. Orain gutxi baldarkeriaz lurrera erori zitzaidan grabagailu klasikoaren oinordeko lanetan ongi dabil, osasuntsu. Kazetaritza molde berrien jardunerako, ordea, hankamotz. Behin eta berriz aipatutako journalismo digital+multimedia=digimediarik, deus.

Minijack iltze bikoitzaren bitartez eramangarriari lotu eta denbora errealean grabatu behar izan dut beste behin. Erraztasunetara ohitu ahala haien esklabo bilakatzen da gizakia. Ez USBrik, ez Mp3 edo antzekorik. Behinola erabili nuen minidisk bat Korrikan, orduan ere lagun batek utzita. Eta «Info7»ko mahaia ezagun asko baino hobeto ezagutzen dut. Baina oraingoan ez bata eta ez bestea ez nituen eskura.

Prozesu luzea amaituta (15 bat minutu, ez dakit eskala teknologikoan zenbat mikrosegundo), entzun egin dut Durangoko ekitaldia. Iragan mende hasierako gramofonoen kutsua hartu diot soinuari, belle epoquen girotutako filmetan agertzen den horietakoa. Ez du bellerik batere, alta.

Kalitate txarrekoa da, baina berebiziko balio historikoa duela iruditu zait. Hain zuzen ere, ez dadin berriz gertatu Durango bonbardatu ondoren jazo zena. Orduko lekukotasun idatzi asko ez dago (orain gutxi arte naziak izan zirela sinistuta geunden), are gutxiago grafikoak edo ikus-entzunezkoak.

Hedabide askotan ikusi dut, paperean eta pantailan, udalak urtemuga tamalgarrian antolatutako goizeko omenaldia, Lakuako arduradunen presentzia nabarmenarekin. Sinets iezadazue, ez dut omenaldi horren aurkako ezer, are gutxiago omenduekiko. Zilegi deritzet biei, bateragarri eta beharrezko. Baina arratsaldekoa herrikoiagoa iruditu zitzaidan, nabarmen. Zergatik ez esan.

Ez dakit kazetariaren jardunerako igande goizeko ordutegia erosoago delako (giza ikuspegitik ulergarria agian), edo agintaritzaren presentzia hain agerikoa ez zelako... Arratsaldeko ekitaldia ez dut ia inon ikusi. Horregatik ere erabaki dut kalitate eskaseko soinua, eta edukiz aberatsa, sarera igotzea. Beste lekukotasun xume bat. Ez bedi berriz ahanzturaren zoko ilunean erori Durango. 70 urteren buruan hori ikasi ez badugu, badugu zer ikasi.

Egin denboran atzera, aztertzeko oraina.

PD: Oparitutako astoari ez omen zaizkio hortzak begiratu behar, eta alderaketak gorrotagarriak omen dira...