BIDAIARIAK -
pd29_f01.jpg

Joxean Agirre

2007ko Apirilaren 13a

Kuba izan zen bizikletaz zeharkatu zuten lehen herrialdea. «Oso leku ona da bizikletan ibiltzeko. Zirkulazio txikia dago, eguraldi ona eta edozein lekutan aurkitzen da lo egiteko tokia. Ohiko bidea egin genuen, Santiagotik Habanara», hasi zen Mikel Bringas. Hurrengoa Costa Rica izan zen. Paisaia aldetik polita da, dudarik gabe, baina gogorragoa da, aldapatsua», jarraitu zuen. Ondoren, Asia Ekialdera jo zuten Rosa Lizasok eta Mikel Bringasek, eta bi hilabeteko ibilaldia egin zuten. «Singapurren hasi, Malaysia osoa zeharkatu eta Thailandian barrena Kanputxeara iritsi ginen. Jendeak besterik uste duen arren, hor errepideak izugarriak dira. Bizikletan ibiltzeko paradisua da, Kanputxea salbu, herrialde horretan oraindik bideak asfaltatu gabeak baitira», jarraitu zuen. Ea bi hilabeteko ibilia ez den nekagarria galdetu genion. «Zenbat eta gehiago ibili, orduan eta indar handiagoa izaten da. Gorputza jarri egiten da. Azken etapan 170 kilometro egin genituen jarraian. Hori bai, dena laua da han», erantzun zuen.

Bidaia horren ondoren geratu zen Rosa haurdun, eta aspaldidanik buruan bueltaka zerabilten egitasmo bati heldu zioten, «Euskal Herria bizikletaz» gida prestatzeari. Bi urte eman dituzte gida prestatzen, eta joan den hilean aurkeztu zuten Donostian. «Gida honen atzean bi urte eta erdiko lana dago eta bidaia osoa iazko Aste Santuan eta udan egin genuen, bi zatitan. Berez, itzuli osoa egiteko gidak 30 etapa proposatzen ditu, baina lotura batzuk eginez, ibilbide txikiagoak ere egin daitezke», hasi zitzaigun agertzen Mikel, Rosa eta Eki egongelan jolasean ari ziren bitartean.

Etapa horietako bakoitza zehatz-mehatz azterturik dator. «Abiapuntu gisa dauden bidegorrien mapa egin genuen eta gero horiek denak elkartzen ahalegindu. Kartografia eta bibliografia asko baliatu dugu etapa bakoitza zehazteko. GPS eta grabadora bat hartuz etapa bakoitza egin genuen behin eta berriz. Badira zortzi aldiz egindako etapak ere. Ondorioz, oso informazio xehea ematen da gidan», jarraitu zuen.

50 kilometro

Etapa bakoitzaren batez bestekoa 40 kilometrokoa da eta 700 metroko igoera dute gehienez. Gidak etapa bakoitzaren aurkezpen bat egiten du, datu garrantzitsuenak aipatuta. Ibilbidearen krokisa eta bidaiariak bidean aurkituko dituen bidegurutze bakoitzaren deskribapena datoz. Bidean ikus daitezkeen jakingarriak ere badatoz. «Zirkulazio handiko bideak saihesten saiatu gara, tandemarekin eta ume txiki batekin ez delako auto artean ibiltzea batere gomendagarria. Etapen luzerari eta aldapari ere muga bat jarri diegu: gehienez 50 kilometro luzean eta gehienez 700 metroko altuera. Konparaketa bat egiteko, Santiago Bidean batez besteko luzera 75 kilometrokoa da. Etapak, bestalde, kanpina edo aterpetxea dagoen lekuan bukatzen saiatu gara», esan zuen Mikelek. Donostiatik abiatu eta Aste Santuan 11 etapa egin zituzten eta udan beste guztiak. «Gure filosofia oso argia da: bi edo hiru ordu bizikleta gainean egin eta gainerontzeko orduak bazterrak ikusteko erabili nahi ditugu. Euskal Herriaren irudi askotarikoa erakusten saiatu gara: zazpi hiriburuak eta beste zenbait herri handi bisitatzen dira, baina herri txikiak ere bai; toki oso idorrak eta toki oso hezeak eta gure lurraldearen mugak ere ukitu nahi izan ditugu: ekialdetik Maule, hegoaldetik muga pasatu eta Tarazonan sartu ginen, bide berde bat zegoelako, eta mendebaldetik Galdameseko bide berdea egin genuen», jarraitu zuen Mikelek.

Astubururo etapa bat eginez igaro dituzte Mikelek, Rosak eta Ekik bi urte. «Toki batzuetara zortzi aldiz joan izan gara biderik aproposena aukeratzeko. GPSrekin neurtzen genituen ibilbideak. Etxera etorri, datuak ateratzen genituen eta hegazkinetik ateratako argazkiak erabiliz marrazkiak egiten genituen. Lagunei eman dizkiegu ibilbideak, eta bidez ez zirela galtzen ziurtatu dugu gutxienez», jarraitu zuen.

Filosofia

Bizikletak baditu hainbat abantaila. Mikelek dioenez, jendeak harrera ezberdina egiten dio bizikletazaleari. «Inguruarekin harremanak errazten ditu bizikletak. Gu behar dugun guztia gainean dugula egiten dugu bidea, su txiki bat ere eraman ohi dugu, komeni den lekuan geratu eta otorduak prestatzeko. Haurrarentzako jakiak ere geuk berotzen ditugu, baina, egia esan behar bada, haur batekin zoazela ikusita, askok ate guztiak irekitzen dizkizute. Bertakoei begira egindako gida da, baina kanpotarrei eskaintzeko ere balio du; kanpotarrei Euskal Herriaren berri emateko, alegia. Euskal Herria pasaia aldetik izugarri askotarikoa da eta erakargarria, oso kilometro gutxiren bueltan asko aldatzen delako», esan zuen.

Gida Elea argitaletxeak kaleratu du. 16 euron dago salgai. Aurrera begira, Europan ere ibilbide batzuk egiteko asmoa badute. «Umearekin ibiltzeko oso leku aproposak badaude Europan. Danubio ondoan 1.800 kilometroko bidegorria dago. Hori baino leku hoberik ezin liteke aurkitu bizikletan ibiltzeko. Azpiegitura aldetik ere oso prestatua dago», esan zuen Mikel Bringasek.