1937 eta 1944 urteen artean milaka emakume eta haur preso sartu zituzten Saturrarango hondartzan zegoen espetxean

Xole Aramendi
2007ko Apirilaren 13a
Gaur betetzen dira 76 urte Bigarren Errepublika ezarri zenetik. Une pozgarriak bizi izan ziren, baina kontuak aldatu egin ziren 1936ko uztailaren 18an. Errepublikaren alde borrokatzea larrutik ordaindu zuen makina bat herritarrek, gizon eta emakume. Horiez gain, izan ziren «ez si eta ez no» espetxe zigorra ere jasan zutenak. Hilabete luzeetan umilazioa eta errepresioa izan zuten eguneroko ogia. Horien «erru» bakarra, errepublikar baten alaba, emaztea ala arreba izatea.
1937ko abenduaren 29an emandako ordenu batek erabaki zuen Saturrarango seminarioko bainuetxean emakumeentzako kartzela irekitzea eta halaxe izan zen 1944a arte. 1938ko urtarrilean eraman zituzten lehenengo emakume presoak. Guztira 16 eta 80 urte bitarteko 5.000 emakume egon ziren preso -gehienak asturiarrak eta asko euskaldunak-. Horietatik 177 emakumek eman zuten azken arnasa Mutriku eta Ondarroa banatzen dituen hondartzan. Hantxe bertan, oraindik bizirik dauden sei emakumek omenaldia jaso zuten joan den apirilaren 1ean: Victoria Fernandez, Carme Riera, Rosario Sanchez, Balbina Las Heras, Sagrario Merodio eta Anita Morales joan ziren ekitaldira. Raul Blanco, Mari Campos eta Davila Arias abizeneko emakumea ere han izan ziren. Saturrarango errepresio garaiak ume zirela ezagutu zituzten azken horiek. Lekuko mutu, kartzela izan zen eraikinetik zutik geratzen den orma bakarra.
Saturraranen bizitako zorigaiztoko egunak presoek bakarrik dakizkite. Hori bai, horietako hiruk, Leonor Ruiperezek, Josefa Garcia Segretek eta Isabel Riosek, liburu bana idatzi zuten hango sufrikarioen testigantza emateko.
Arantza Ugartek eta Xabier Basterretxeak Saturraranen egondako emakume batzuen ahotik entzun ahal izan dute gau eta egun sufritu zuten amesgaiztoa. Ez eurek bakarrik, baita seme-alabek ere. Kasu askotan han hil ziren umeak edo betirako galdu zituzten. Udalak emandako beka bat zela medio hasi ziren Saturrarango historia aztertzen. Sorpresa handia hartu zuen Arantzak han emakumeentzako presondegia egon zela jakin zuenean. Askoz ezagunagoa da Saturraranen gaur egungo talasoterapiaren aitzindaria egon zela 1869an, kostaldeko beste hainbat herritan bezala. Itsasoko ura berotu eta bainuak hartzen ziren. 1921ean, negozioa itxi ondoren, elizari eman zitzaion eraikina. Seminarioa jarri zuten. Azkenik, kuartel moduan erabili zuten gerran.
Hona hemen Arantza Ugartek eta Xabier Basterretxeak presoen artean bildutako lekukotasun batzuk:
CARME RIERA. 90 urte ditu. Alaba zeukan garai hartan: Aurora, 8 hilabetekoa. Bartzelonako kartzelan egon zen eta Euskal Herrira bidali zuten. Saturraranen umea hil zitzaion, gaixorik. Zigor geletan ura gerriraino zutela egoten ziren: hildakoen gorpuak ere hantxe egoten ziren, karroan eraman zain. Umea bertan beilatzen utzi zioten Carmeri. Moja lore bila joan zen eta zera esan zion: «Ai, aingerutxoa, zeruan egongo da...». Carmek, hori ikustean, mojari toka kendu zion eta handik bidali zuen. Handik pixka batera karroan eraman zuten umea. Ez zioten utzi lur-ematera joaten. «Nik ez dut ikusi nire umea non dagoen lurperatuta», esan zuen Carmek apirilaren 1ean egindako omenaldian bere samina agertuz.
ASUN RODRIGUEZ DEL PULGAR. Asturiasko Moreda herrian jaioa, duela hiruzpalau aste hil da Deban. 1937ko azaroaren 26an atxilotu zuten.
«Ez naiz politikan ibili, ezkertiarra izan naiz, ez dut bozkatu demokrazia iritsi bitartean: 36ko propaganda besterik ez nuen egin. Senarra bai, politikoa zen. (...) Bi emakume hil zituzten Asturiasen eta nire aitak mendira eraman gintuen nire ahizpa, nire senarra eta hiruok. Bonbak jaurtiki zizkiguten eta zaurituta harrapatu gintuzten txabola batean. Herriko hiltzaile falangistak etorri ziren baina zortea izan genuen: kamilan eraman gintuzten herrira. Senarra hil egin zuten eta ahizpa eta biok oso larri geunden. Hamar hilabete egon ginen Oviedoko ospitale batean, mojen komentua izandako tokian. Oso ondo tratatu gintuzten, eta hori ez zen ohikoa mojen artean».
Zauritu zutenean haurdun zegoen Asun. Semea atxilotu eta ospitalean zegoenean jaio zen. «Nire semeak zazpi aste zituen eta epaiketak iraun zuen bitartean ospitalean utzi behar nuela esan zidaten. Nik ez nuen nahi eta besoetan eraman nuen. Epaiketan negar eta negar aritu zen, botxornoa zen, baina....»
«Epaiketan xuabe tratatu gintuzten. Egun batzuk lehenago Asturiasko Gobernadorearen arreba epaitu eta libre atera zen. Honela esan zuen epaileak nire ahizpa eta nigatik: `Berdin zait abizena Prieto edo Largo duten. Emakume horiek politikak dira, baina ez ideologia hiltzailekoak'. Zortea lagun, ez gintuzten salaketengatik epaitu, ekintzegatik baizik. Epaitu eta betiko kartzela zigorra ezarri ziguten. Egun gutxira gizon bat pozik etorri zitzaigun 20 urterako zigorra jarri zigutela esanez, baina ez zen pozik egotekoa».
«Oviedoko kartzelatik irten eta Saturraranera bidean honela abesten zuten: `Adios convento del alma, de lejos te voy mirando, la mayor pena que llevo, que no te dejo quemando'. Saturrarango atera iritsi arte kantari etorri ziren. Atera iristean mundu guztiak ahoa itxi zuen».
Aita 1939an hil zuten. Senarra Silvino Moran zen. Zibilez ezkonduta zeuden baina ez zion onartu kartzelako apaizak eta ospitalean edukitako semeari bere abizenak eman zizkion, ezkongabea izan balitz bezala. Aldiz, hiru urteko alabak aitaren abizena zeraman.
(...) «Dilista asko ematen ziguten, xomorroz beteta, eta ezin genuen hura jan. (...) Jantokian hamar pertsonentzako mahaiak zeuden eta izkinan tokatzea nahi izaten genuen, platera ondo jarri eta ezer eror ez zedin. (...) Behin lapikoa lurrera erori eta guztiak lurrera bota ziren ero moduan. Ikuskizun ikaragarria izan zen. Oso gaizki pasa arren eutsi egin genuen».
«Mojek janariarekin espekulatu egiten zuten. Presoen janaria estraperloan saltzen zuten. Arroz eta azukre zakuak mendian barna ateratzen zituzten. Janaria zerbitzatzen zutenean zenbat platerera zenbat patata erortzen ziren kontatzen genuen; ura besterik ez ziguten ematen. Gose handia pasa genuen. Mojek guri kendutako janariarekin zerriak hazten zituzten. Batzutan, inspekzioetan, urdaiazpikoak komunean ezkutatzen zituzten mojek. Ama Nagusia oso gaiztoa zen eta haren ondoren zuzendari zibila etorri zen eta zegokigun janaria ematen hasi zitzaigun».
SAGRARIO MERODIO. Kanpoaldean soldadu eta erreketeak zeuden kartzela zaintzen eta barnean ofizialak. Presoen zaintza, berriz, mesedetaka ordenuko mojen esku zegoen. «Mojek oso jarrera gaiztoa zuten presoekiko. Gaiztoena sor Maria Arantzazu Velez de Mendizabal zen. Pantera zuria edo La Veneno deitzen zioten. Sor Maria Arantzazu txikia zen, potola eta aurpegi gaiztoa zeukan, indioilarrak bezalakoa. Gaiztoa zelako bota zuten. Sor Jazinta hobea zen. Moja asko euskaldunak ziren. Behin komedorean geundela, bat hizketan ikusi zuten eta zigor gelara bidali zuten. Han hildakoen kutxak zeuden. Nik uste moja ez zela konturatu hilkutxak zeudela. Hurrengo goizean Don Jose Mariak esan zuen
-Nor dago zigor gelan?
-Nik dakidanez inor ere ez- esan zion mojak
-Nola ezetz, ate joka ari da eta!
Ateratzera joan ziren eta begiak eroaren modukoak zeuzkan. Nik hitz egin nuen berekin eta hildakoen eskuak kutxatik irteten ikusten zituela esan zidan. Gaixoak burua galdu zuen».
MARI CAMPOS. Titiko umea zen Saturranera eraman zutenean. Eraikina ez, baina gogoan du zimitzak hiltzeko botikaren usaina: «Ez dut gogoan nolakoa zen Saturraran. Lo amarekin egiten nuen burdinezko ohean. Zimitzak hiltzeko botikaren (zotal) usaina zegoen». Madrildarra, bizi da egun.
TERESA MARTIN. 1940an eraman zuten Saturrarana amarekin. «Bi urte edo hiru izango nituen eta ume asko zeudela gogoratzen dut. Azalore zatiak eta azak botatzen zituzten zabor ontzira eta borrokan egiten genuen zatirik onena amari emateko». Bizirik dago. Madrildarra.




