Langabezian dago, baina lanpetuta. Aitarekin sartu zen kazetaritzan umetan eta horretan dihardu. 18 urterekin hasi zen «La Codorniz" astekarian lanean eta maisua izan da kritikan eta zutabegintzan. Euskaraz egin dugu hasi eta buka elkarrizketa. Iraganaz zer kontaturik baduela erakutsi digu, baina aurrera begira bizi da. Oteizari buruzko liburu bat eta beste hainbat saio ditu esku artean

Joxean Agirre
2007ko Apirilaren 13a
Itsasbegi kalean bizi da Deban, eta etxeko leihoetatik edo terrazatik hondartza osoa eta itsasoaren zati eder bat ikus daitezke. Rafa Castellanoren etxean familiaren historiari edo bere biografiari lotutako zertzeladak daude nonahi. Argazkietako batean bere aita ikus daiteke Pio Barojarekin berriketan. «Topografoa zen, baina argazkilaritza gustuko zuen. `El Sol' egunkari errepublikanoan kolaboratzen zuen. Ni mutikoa nintzela, harekin ibiltzen nintzen», esan du. Egongelako arasetan Dali, Cary Grant, Antonio dantzaria eta garaiko beste hainbat pertsonaia ikus daitezke. «Nik batzuetan aita espia zela pentsatzen dut. Gure etxean bi hitz zeuden debekatuta: Jainkoa eta Eliza. Horregatik nik ikasketak Lizeo Frantsesean egin nituen», jarraitu du.
Txikitandik landu zituen, beraz, ingelesa eta frantsesa, eta gaur euskaraz ere oso ondo moldatzen da. Elkarrizketa euskaraz egin genuen hasi eta buka.
Hemezortzi urterekin hasi zen «La Codorniz»en. «Thriller bat idazten nuen astero; beldurrezko ipuin bat, alegia. `Tiemble despues de haber reido' zen atalaren izenburua. Irratien eta diskoen kritikak egiten nituen eta `Critica de la vida' atala egiten hasi nintzen kalean. Kaleko kazetaritza beti gustatu zait. Herriko berriemaile batek esaten dit tarteka ea gairen bat bururatzen zaidan eta gaiak aurkitzeko kale buelta bat ematea aski dela erantzuten diot», esan du.
Oteizari buruzko liburua
1977an lortu zuen kazetari karneta, eta badu baita argazkilari karneta ere Europako Elkarte batek emana. «Kontrol batean geratzen banaute, bigarren hori erakusten dut. Inpresioa egiten die», dio. Etxean barrena adiskide margolarien lanak barreiatu ditu. Egongelan Beorlegiren koadro handi bati eman dio lekurik onena, eta Juan Gurrearen batzuk jarri dizkio ondoan. Langela da etxeko gelarik ikusgarriena. Lau hormak ditu liburuz estaliak. Horietatik herena-edo liburu zaharrek betetzen dute. Han daude, karpeta lodietan bildurik, «La Codorniz»en hasi eta egin dituen lanak, argitaratu dituen ipuin eta liburuak, «Egin»en urteetan atera zuen «Alajainkoa!» zutabe famatua (dozena bat artxibategitan bildu ditu), «Gabai» bildumarako egindako gidoiak, filmetarako gidoiak eta bere bi nobelak.
Durangoko Azokarako bi liburu atera zituen. Bata, «Cosas. Anecdotario de Euskal Herria» (Basanderea), aspaldi «La Voz»en argitaratutako umorezko pasadizoak bildu ditu. «Garai bateko pasadizoak dira horiek, baina egin daiteke gaurko pasadizoekin ere gisa horretako lanik. Nahikoa da diru beltzaren inguruan dauden gertakariak biltzen hastea», esan du. Bigarrena bere lehen euskarazko liburua da eta euskal mitologia eta ohiturak ditu gai nagusi. Gaiak argitaletxeak kaleratu zion. «Goitik behera zuzendu behar izan didate; ez naiz gauza oraindik euskaraz txukun idazteko», azaldu du. Castellanok posta bidez ikasi omen zuen euskaraz CCCrekin, orduan ez baitzegoen euskaltegirik. Orain eguneroko bizitza euskaraz egitea lortu du. «Horretarako garrantzitsuena lotsa galtzea da eta lotsa galdu egin dut. Kalean ezagunekin, dendan erosketak egiterakoan, euskaraz egiten dut», esan du.
Oteizari buruzko liburu bat du esku artean eta beste zenbait saio. «Oteizari buruzko zakukada bat karta eta material dut beste etxean. Academia Erranten eta Debako Eskolan ezagutu genuen elkar eta oso harreman estua eta luzea izan genuen Oteizak eta biok, baina ez nintzaion, beste batzuk bezala, etengabe ate joka ibiltzen. Gainera, Oteizarekin denbora gehiegi egonez gero, neurotiko bukatzeko arriskua zegoen. Oteizari buruzko neure ikuspegi kritikoa emango dut liburuan. `Oteiza, alias Oteitza' izango du izenburua. Liburuaren garapena, dena den, blogean ikus dezake nahi duenak», esan du. «Hemen, artista handi bat hiltzen denean denek bere lana zurrupatu nahi dute. Nik ez dut horretarako asmorik. Lagunak ginen, baina tarte bat mantentzen genuen», erantsi du eta «Ejercicios espirituales en un tunel» liburuaren azalean idatzitako eskaintza irakurri du: «Rafael, admirado, distante pero querido» hasten da. «Hildakoekin jarrera oso muturrekoak izaten dira. Nik ez dut Oteizaren apologiarik egin nahi eta ez dut ikonoklasta ere izan nahi», erantsi du. Meliton Manzanas nork hil zuen ere argitu nahi luke beste saio batean. Eta Nafarroari buruzko beste bat ere ari da prestatzen, «Sanzi gauza batzuk gogora ekartzeko». «Kazetaritza batzuetan Historiarekin oso lotuta ikusten dut. Batak makrokosmosa arakatzen du eta besteak mikrokosmosa», jarraitu du.
Baina azken bolada honetako bere lanik bitxienak bere blogean (maverickpress.blogspot-en) argitaratzen ditu. «Esku artean ditudan lanekin hilabete batzuetarako badut», adierazi du langelako zoluan dituen liburu pilei begira. Pozik dago blogek eskaintzen dioten aukerarekin. «Banuen garaia neure buruaren jabe, neure buruaren nagusi izateko. Hemen ez dit mozten inork testurik edo ez didate aldatzen», esan du. Betiko gaztelania landua erabiltzen jarraitzen du lan horietan, baina ez omen da hori bere errua, bere maisuena baizik.
Rafa Castellano aktorea, musikaria (Los Brincos taldean jotzeko zorian egon zen) eta beste gauza asko izan da.
Orain urte eta erdi, bihotzeko gorabeherak izan zituen eta dieta jakin bat jarraituz bizi da. Egunero pare bat orduko itzulia ere egiten du. «Ez dago horrelako botikarik», dio.




