
Joxean Agirre
2007ko Apirilaren 13a
Sukaldeagatik bisitatzen dira jatetxe gehienak, baina badaude sukaldaria ezagutzeagatik ere merezi dutenak eta badaude lekuaren ederragatik ikustera joan beharrekoak ere. Pausun (Behobia) mugatik oso metro gutxira dago Xaia (Le Chais). «Pausuko etxe zaharrenetakoa da. 1920 arte hau zalditegia izan zen eta ondoren ardandegi bihurtu zen. Barrika luze batzuk ziren hemen, eta jendea bere ontziekin etortzen omen zen. Guk hartu genuenean horrelaxe zegoen, orain dagoen antzera», esan zuen Beñat Elizondok.
Beñaten aita andoaindarra zen; 1936an igaro zuen muga; Bretainian egin zuen lan bolada batean, eta Urruñan baserri bat erosi zuen. Anaia Tote Elizondok jarraitzen du baserrian ardiekin, eta gaztak saltzen ditu. Beñatek hogei urtez lantegi batean egin zuen lan Donibane Lohizunen, eta Xaia alokatzeko zegoela ikusirik orain zazpi urte hasi zen bertan lanean. «Bost kideren artean elkarte bat osatu genuen. ABko jendea ginen gehienak, baina abertzale militanteei zabaldu genien partaide izateko aukera. Ehun eta hogei lagunek jarri zuten dirua», esan zuen Beñat Elizondok.
Urruñan zinegotzi
1989tik Urruñako zinegotzia da Beñat Elizondo. «1983. urtean sartu ginen lehen aldiz Udalean. Abertzaleen zerrenda independente bat egin genuen. Gaur egun, bi zinegotzi ditugu udalean», jarraitu zuen.
Xaia ez da, beraz, edaritegi edo jatetxe arrunt bat. «Urteko programazio bat egiten dugu. Hilaren lehen ostiralean kantaldi, kontzertu edo bertso-afari bat eratu ohi dugu. Musika ezberdinak ekartzen ditugu ahalik eta jende gehiena erakartzeko. Urtarrilean reggae musika ematen dugu, otsailean saltsa, martxoan Karidadeko Benta etorri zen. Musika zelta etorriko da apirilean, eta hilero generoz aldatzen saiatzen gara. Euskal musika dugu, beraz, egitarauan, baina baita kanpokoa ere. Euskaldun ez diren entzuleak ere dezente etortzen dira honera. Martxoaren 12tik 18ra artean, Iparra-Hegoa egitarauan, Euskal Herriko Mus Txapelketa egin zen hemen», adierazi zuen Beñatek.
Xaian sagardotegiko menua ematen dute. «Sei edo zortziko taldea izatea eskatzen dugu, baina talde txikiagoei ere eman ohi diegu. Egun batzuk lehenago abisu ematea nahi izaten dugu 33(0)559207610 telefonora deituta. Gure beste berezitasun bat zera da: jendeari bere jakiak ekarri eta hemen jaten uzten diogu, baita sukaldea erabiltzen ere. Hala egiten zen aurreko nagusiarekin, eta hala jarraitzen dugu guk ere. 25 euro kobratzen dugu sagardotegiko menua. Bakailao tortilla ematen dugu, txuleta patata frijituekin eta entsaladarekin, eta postrea», esan zuen Beñatek.
Bilerak egiteko ere askok erabiltzen dute lekua. Mus txapelketak egiten dira bertan. Iparra-Hegoa elkartea hor dago kokatua, nahiz eta aste kulturala Seguran egiten duten.
Turista batentzat ere harrigarria da lekua. «Kaletik barrua ikusten ez badute ere, askok ezagutzen dute. Bretainiatik udan jende asko etorri ohi da bisita egitera. Disko batzuen bideoklipak ere egin dira hemen, azkena Imuntzo eta Belokirena», jarraitu zuen Beñat Elizondok.
Bertso-afari batean 80 lagun sar daitezke Xaian. «Baina gertatu izan da Anje Duhalde edo Niko Etxart eta aita etorri zirenean ehun inguru lagun sartzea. Afaritara datozenez gainera, beste batzuk ere etorri ohi dira kontzertura», esan zuen. Egun horietan familiakoak eta lagunak eraman behar izaten ditu Beñatek tabernara. «Pausuko festetan ere jende asko ibiltzen da eta egun horietan zortzi bat langile behar izaten dira lanerako», erantsi zuen.
Azarotik hasi eta apirilera arte egunero beheko sua pizten dute eta horrek ere xarma ematen dio lekuari. Udan atarian mahai handi bat dago eta han ere biltzen da jendea jatera.
Sabaia, habeak eta mostradorea zurezkoak ditu Xaiak, eta badira begira egiteko moduko gapirioak.
Xaiako mostradore gainean kultur ekitaldien iragarpenak aurki daitezke eta bazter batean «Andoain. Askatasunaren alde eta frankismoaren aurka borrokatu zutenak oroituz» izeneko liburua ikus daiteke eta haren barruan, Beñaten aitaren inguruko xehetasunak aurki daitezke, argazki eta guzti.




