Realeko jokalari ohia eta europako txapelduna liverpoolekin

Imanol Amiano
2007ko Apirilaren 13a
Madril eta Palman Espainiarekin jokatu eta gero, bidaiak direla eta nekatu samar iritsi da Xabi Alonso Liverpooleko bere pisura. «Zer moduz?», galdetu diogu. «Orain ondo, dagoeneko etxean nago eta», erantzun du. «Etxean» horrek adierazten duen bezala, gustura dago tolosarra. Tonuan ere nabari zaio.
Liverpool. Zer moduz The Beatles-en hirian?
Ondo, ondo. Dagoeneko hiru urte daramatzat hemen eta ohitu naiz. Jendea oso harro dago bertakoa izateagatik, scousers izateagatik. Izan ere, The Beatles-en ondoren, futbol taldea da esanguratsuena.
Ontziolak. Krisia eta industrializazioaren osteko garaia. Donostiarena baino Bilboren tankera handiagoa du...
Bai, antzekoa da. Datorren urtean Kulturaren Europako Hiriburua izango da. Guggenheimen tankerakorik ez dago hemen, baina bai BEC gisako pabiloi handiak feriak, kontzertuak edota konferentziak egiteko. Museoak ere dezente daude. 80ko hamarkadan ontziola batzuk itxi ziren, langabezia arazoak izan ziren, baina azken urteetan egoera asko hobetzen ari dela dio jendeak.
Gomendioak: leku bat ikusteko, beste bat jateko eta beste bat edateko.
Nik The Quarter jatetxea atsegin dut. Zerbait azkar-azkar jateko lekua da, baina oso giro polita izaten da, unibertsitate mundukoa eta musikarekin lotutakoa. Zerbait edateko, The Cavern-era joateak badu bere puntua. Bertan, kontzertuak eta izaten dira. Euskal Herritik etortzen direnek asko bisitatzen dute The Beatles taldea ezagutzera eman zen lekua. Dena Ingalaterrako ordutegiarekin egin behar da, baina gauzak egiteko modua badago.
«This is Anfield». Benetan beldur eszenikoa sortzen du zuen zelaiak?
Ez dakit beldurra sortzen duen, baina guri behintzat, motibazioa ematen digu. Estadio oso berezia da: partida ona tokatuz gero, oso giro polita izaten da. Ezberdina da, eta ezagutzeak pena merezi du.
`The Kop' tribunako kantua: «Oh, the man is a midfield maestro, and all the passes he makes are delightful, everyone wants to know Alonso, Alonso, Alonso». Zirrara sortzen al du?
Jokalari guztiok ditugu kantuak, baina egia da zurea abesten dutenean ukitu ukitzen zaituela. The Kopen ia 20.000 zale izaten dira. Xarma berezia du.
Azkeneraino. Galdu arren, `Ez zara inoiz bakarrik ibiliko'.
Ba, bai. Hala esaten du kantuak eta hala gertatzen da. Galdu arren, asko animatzen dute eta jokalariok eskertzen dugu.
J.B. Toshack. Zure debuteko entrenatzailea eta instituzioa Liverpoolen.
Hemen oso jokalari garrantzitsua zen, denek gogoratzen dute. Clementerekin urtebete lehenago Kopan debutatu nuen arren, Ligan berarekin jokatu nuen lehen partida. 18 urte nituen, baina konfiantza eman zidan. Lehenengo minutu horiek, Lehen Mailako lehenengo partida horiek oso garrantzitsuak izan ziren.
John Aldridge. Izango duzue elkarren berri...
Noski. Partidetako aipuak egiten ditu Liverpooleko irratian. Sarri pasatzen da Anfieldetik eta entrenatzen dugun lekutik, eta oso tipo jatorra da. Atotxara joaten nintzenetik ezagutzen nuen nik. Oso berezia izan da Realeko jokalaria izandako bat hemen ezagutzea.
Liverpool, `red'ak. Everton, `blue'ak. Kolore ezberdinak baino gehiago?
Lehia dezentea dago. Hiria erdi eta erdi dago banatuta bi taldeetako zaleen artean, baina normalean pike sanoa da.
Mikel Arteta. Zu han eta ni hemen. Everton eta Liverpoolen arteko ika-mikak hala Antiguoko eta Realaren artekoak komentatzen dituzue?
Nahiko gertu bizi gara elkarrengandik, eta argi dago hango gauzak komentatzen ditugula. Hori bai, azken albisteen ondoren ez gara elkarrekin egon. Hala ere, badaukagu han gertatzen denaren berri. Ea dena ondo bukatzen den.
Kazetariak. Bakean uzten omen zaituztete hor...
Realeko eta Ligako funtzionamendua ezberdina da. Hemen astean zehar ez daukagu ez prentsaurrekorik, ez elkarrizketarik... Gauza guzti horiek klubak filtratzen ditu, eta ondorioz, jokalariak eta entrenatzailea askoz ere lasaiago izaten gara. Gero, asteburuan, partida dagoenean, guztiaren berri izaten dute kazetariek, baina astean zehar nahiko lasai izaten gara. Eta eskertzen da.
Keegan, Dalglish, Rush, Barnes, Carragher, Gerrard... eta Xabi Alonso?
Pixkanaka-pixkanaka ari naiz ni karrera egiten. Hori bai, taldeak tituluak irabazten baditu, guztiok irabaziko dugu garrantzia klubeko historian. Hala ere, niri asko geratzen zait izen horiek lortu dutena lortzeko.
Istanbul. 2005eko maiatzaren 25a. 3-0 aurreneko zatian. Ostean, 3-1, 3-2...
Penaltiaren unea beti izango dut gogoan. Atezainak geratu egin zidan, baina azkar erreakzionatu nuen. Realetik atera eta aurreneko denboraldian, Liverpoolek azken hogei urtetan irabazi gabeko Europako Kopa eskuratzea, Milanen aurka... Ikaragarria izan zen.
Bartzelona. Txapelduna txapeldun ohiak kanporatuta.
Oso berezia izan zen. Barçak daukan taldea edukita, oso zaila da beraien aurka jokatzea. Guk aldiz, konfiantza asko genuen. Kanporatu genituen eta orain partida batzuk geratzen zaizkigu. Ikusiko dugu noraino iristen garen.
Premiership. Ingalaterran egiten den jokoa «Izarren Liga» deitzen duten honetakoa baino hobeto doakizu? Futbola bera ulertzeko era ere desberdina omen.
Ez dakit. Desberdina da, baina ondo adaptatu naiz. Hemen jokoa oso zuzena da, indartsuagoa eta teknikoki ez hain ona. Estadioak ere oso diferenteak dira: zelaiko giroan, zaleen harreran eta jarreran diferentzia handia dago.
Rafa Benitez. Hark eraman zintuen Liverpoolera.
Rafa manager bezala heldu zen. Eguneroko lana bere ardura da, baina baita fitxaketena ere, eta berak ekarri ninduen. Entrenatzaile oso ona da eta horregatik lortu ditugu lortu ditugunak.
Luis Aragones. Honek ez zaitu hain gustuko...
(Isilunea) Partida batzuk jokatu ditut, beste batzuk ez... baina zaila da, klubetan gauzak ondo egiten dituzten jokalari asko baitaude postu bakoitzerako. Horretan ari gara, leku bat egiten saiatzen. Ea pixka bat gehiago jokatzen dudan.
Euskal selekzio ofiziala. Munduko Txapelketa batean ikusten al duzu zure burua?
Ikusi beharko dugu. Hori bai, garbi dago lehenengo beste gauza batzuk mugitu beharko liratekeela. Ikusiko dugu zer gertatzen den etorkizunean.
Periko, Xabi, Mikel eta Jon. Futbola gustuko izango ote du Isabel amak?
Urteekin futbolera egin da. Partida asko ikusi ditu. Gertutik bizi du futbola eta dezenteko aditua da. Gauzak esaten dituenenean, arrazoi batengatik esaten ditu.
Reala. Ai, Reala.
Bueno... (hasperen luzea). Aurtengoan, bere egoerarik larrienean dago. Partidak geratzen dira eta itxaropena mantendu behar da; zaila da hainbeste partida irabaztea, baina saiatu beharra dago. Aukera guztiak ahitu behar dira.




