Alexander Muela
2007ko Apirilaren 13a
Gure gizartea, azkeneko urteotan, asko aldatu da. Asmatutako teknologia berriek, gure bizimoduan, gure identitatean edo, hobe esanda, gure izateko eran eragin handia izan dute. Helduontzat, telefono mugikorren erabilera edo Internetez baliatzea nahitaezkoak egin dira, bizi garen aro moderno eta globalizatu honetan. Eta zer esanik ez nerabeentzat, non tresneria honen zerrenda handituz doan: bideo-jokoak, Mp3/4-ak, I-Pod-ak eta abar.
Zer motatako eragin psikosoziala dute teknologia horiek gizakiongan? Aurrerapen teknologiko horiek gaixotasun psikiko berriak ekarri dituzte beraiekin? Teknologia berriekiko mendekotasuna existitzen al da? Nerabeak eta haurrak prestatuta al daude horrelako tresneria modu sanoan erabiltzeko? Eta horrela ez bada, nolako eragina izan dezake beraien garapenean erabilera desegokiak? Horrelako galderek, gure gizartean, kontsumitzaileen, gurasoen eta profesionalen jakin-mina eta alarma soziala piztu dute.
Har dezagun Internet, Euskal Herrian oso hurbila egiten zaigun kontsumo-tresna, adibide gisa. 90eko hamarkadatik aurrera hasi ziren, mundu mailan, Internetek gizakion arlo sozialean eta arlo intra/interpertsonalean daukan eragina aztertzen. Lehenengo ikerketek egun ezaguna den Internet paradoxa delakoa deskribatu zuten: Internet komunikazio tresna da, isolamendu soziala eta estresa sortarazten du, ordea. Lo egiteko denbora eta lagunekin pasatzen dena murrizten du, baita lanorduak ere. Berriki, Internetekiko Mendekotasun Nahasteaz asko hitz egin da. Nahaste psikologiko horren existentzia defendatzen dutenen ustez, joko patologikoarekin antzera, gaixoak hurrengo sintomak erakutsiko lituzkete: jasankortasuna (adibidez, sarean konektatuta denbora gehiago eta gehiago ematea, asetasun maila bera lortzeko), konektatuta ez daudenean abstinentzia sintomak (adibidez, barne-hestura, sarean gertatzen denarekiko pentsamendu obsesiboak), Interneten denbora gehiagoz jarduteko irrika, edota egunerokotasunean izaten diren ondorio negatiboak (adibidez, lanpostua galtzea, eskola-porrota, arazo ekonomikoak, bikotekideekiko eta familiekiko arazoak).
Ikuspuntu horretatik abiatuta, badira Internet-psikopatologia erlazioa aztertu dutenak. Ikertzaile horien aburuz, Internetekiko mendekotasuna azaltzen duten helduek nahaste afektiboak eta nortasun nahasteak erakusten dituzte, baita droga kontsumoak ere hainbat kasutan. Nerabeetan, aldiz, sintomatologia obsesibo-konpultsiboa, somatizazioa, barne-hestura eta inpultsoak kontrolatzeko nahasteak sumatu dira. Azken horietan, Interneten erabilerak isolamendua eta eskolatik bidalitako etxeko lanen eta ikaskuntza denboraren jaitsiera ekarri du. Esan beharra dago ikerketa horien metodologia ahula izan dela askotan, eta beraz, ondorioztatutako baieztapenak zalantzan jarri behar direla. Baina badira Internet norberaren garapen sozioemozionala garatzeko oso baliagarria dela baieztatu duten profesionalak ere. Horien ustez, Internetek gizarte jarduera gehiago areagotzen du. Eta erlazio sozial horiek ez dira alderdi birtualetara besterik mugatzen, baizik eta gehienetan, gertutasun gehiago eta hurkotasuna bilatzeko premiaz, aurrez-aurreko erlazio bilakatzen dira. Ikusten dugunez, goian azaldutako informazioa kontrajarri egiten da nolabait. Datu horiek guztiak kontuan izanda, labur esanda, nire iritsi profesionala hauxe da:
Ez dago frogatuta Internetek mendekotasunik sortzen duenik. Hau da, Internet izatez ez dela adiktiboa esan daiteke. Aitzitik, zenbait zerbitzuk, eskaintzen duten izatasun interaktiboa dela-eta, adikzioa edota beste mendekotasun psikologikoak sor ditzakete (adibidez, joko patologikoa, sexuarekiko adikzioa eta abar).
Interneteko mendekotasuna erakusten duenak, gehienetan, ez du bakarrik zerikusirik izango Internetekin, hori segur aski sintoma bat besterik ez da izango. Pertsona horren estruktura psikikoan beste zerbait gehiago ondo ez doan sintoma izango da eta laguntza psikoterapeutikoa eskaini beharko zaio bai Interneteko mendekotasuna gainditzeko bai agerian egongo diren beste hainbat arazo adaptatibo sendatzeko ere.
Isolamendu soziala eta estresari dagokionez, ezinbestekoa ikusten dut erabiltzaile motak desberdintzea. Hau da, Internet era gizartekoian (foroetan parte-hartzea adibidez) edo era ez-gizartekoian (nabigatzea, pelikulak edo musika bakarrik deskargatzea...) erabiltzen dutenak bereizi behar dira. Lehenengokoek erlazio sozialak sustatzea izango dute jomuga, eta baliteke horrek ondorio psikologiko positiboa izatea beraiengan. Adibidez, autoestimu soziala igotzea, sozialki erlazionatzeko modu desberdinak sortzea eta abar. Bigarren joerak, ordea, batez ere muturrekoa denean, isolamendua sor dezake.
Badirudi Interneten erabilera desegokiak erabiltzailearengan ondorio negatiboak sortzen dituela eta nerabeak direla bereziki ondorio negatibo horiek pairatzeko arrisku gehien duten xede-populazioa. Kontsultan, gurasoek askotan kontatu didate zein traumatikoak izan diren beraien seme-alabentzat Interneten izandako esperientzia negatiboak. Azpimarratu behar da gertaera horiek beti izaten dutela harremana erabilera desegokiarekin.
Nire aburuz, eskola zein familia barruko hezkuntza sustatu behar da Internet ezagutzeko eta modu sanoan nabigatzen ikasteko -adibide ona da bide-segurtasunaren kasuan egiten dena-. Ez dugu ahaztu behar nerabeak kultura digitalean bizi direla eta komunikazio teknologia berriek euren identitateari zentzua ematen dietela. Internetetik heltzen zaizkien estimuluen karga izugarria da eta gehienetan zaila egiten zaie hori guztia ulertzea, barneratzea eta gero, behar bezala erabiltzea.
Honen garrantziaz ohartu diren gurasoak saiatzen dira seme-alabak sarean pasatzen dituzten orduak kontrolatzen eta ikuskatzen duten materiala gainbegiratzen; hala ere, hau ez da nahikoa, gure seme-alabek gaur egun modan dagoen, baina praktikatzen ez den, kontsumo arduratsuan hezi behar ditugu.




