KONTROL SOZIALA -

GAUR8 kalera irten da, Donostian, herritarrak 3 kilometrotan zenbat zelataritza kameraren aurrean pasatzen diren jakiteko. Agerkari honek 100 inguru kontatu ditu. Baina horiek agerikoak dira, ezkutuan ere egon badaude eta. hainbat Legeria daude bideozaintzaren inguruan, eta salbuespenak ere bai

pd16_f02.jpg

Haritz Rodriguez

2007ko Apirilaren 13a

Nabaria da Euskal Herrian zelataritza kamerek duten presentzia, beste toki askotan bezala. Honez gero, geure hiri eta herrietako paiasaiaren parte bilakatu dira gisa guztietako bideozaintza tresnak.

Garai batean «norbait begira izatearen sentipena» esamoldea dezente erabiltzen zen arren, egun ez da hainbeste esaten. Eguneroko sentsazio bilakatu da, ohitu egin gara, eta dagoeneko ez zaigu sentipen arrotza egiten.

GAUR8 kalera atera da aste honetan, Donostian. Egia auzoan hasi eta Igararaino hiru kilometrotik gora oinez egin ditu agerkari honek, tarte horretan dauden zelataritza kamerak zenbatzeko. Ez da erraza kopuru zehatza ematea. Hainbeste direnez, askok eta askok GAUR8ren begiradari ihes egin diolako. Ikusi, 100 bat ikusi ditu. Horien artean, ohiko kamera baten itxura dutenak. Baina farola itxura dutenak ere asko ugaritu dira. Lehenengo bistazoan argiztatzeko daudela dirudi, baina gaua gainera datorrenean tramankuluaren benetako izaera agerian geratzen da. Ez dute argirik igortzen-eta...

Baina, agerikoez gain, badaude beste batzuk ere.

Legeak

Estatu espainol zein frantsesean badago bideozaintzaren inguruko legedirik. Jakina, legea ezberdina da teknika hauek «segurtasun indarrek» ala enpresa pribatu nahiz norbanakoek erabiltzen dituztenean. Gainera, Lakuako Herrizaingo sailak ere badu dekretu propio bat, Ertzaintzak bideozaintzaz egin dezakeen erabilera zehazten duena, baina oinarrian Espainiako lege organikoa darabil.

Orokorrean, legeok oso ondo zehazten dituzte norbanako nahiz enpresek gune publikoetan kamerak jartzeko bete behar dituzten baldintzak. Gainera, indar polizialek dituzten betebehar eta arauak ere zehazten dira. Kasu hauetan, ordea, salbuespenak ere zehazten dira. Alegia, polizia gorputzek nola egin diezaioketen muzin legeari herritar bat epaileen baimenik gabe zelatatu nahi badute.

Estatu frantsesean 2005. urtean onartu zuten «terrorismoaren aurkako legeria»k bideozelataritza ezartzea ahalbidetu zuen, beste neurri batzuen artean. Gainera, telefono entzuketak egiteko, e-posta zelatatzeko eta herritarren datuak eskuratzeko erraztasun gehiago eman zituen.

Salbuespenak

Nicolas Sarkozyk bultzatutako legeak ere salbuespenak ditu. Eta salbuespen horien «onurak» Poliziaren jarduna «erraztera» bideratuta daude. Izan ere, legeria fransesak zehazten duenez, «polizia zerbitzuek autoen jarraipena egiteko zaintza sistemak ezarri, bertan doazen lagunak grabatu eta irudiak zortzi egunez gorde ditzakete, epailearen baimenik eskatu gabe». Gainera, telefono operadoreek eta ziber-kafetegiek datuak gorde eta poliziari entregatu behar dizkiete.

Estatu espainolean 1997an onartu zuten gune publikoetan dauden bideograbagailu mugikor nahiz finkoen inguruko legea. Hedadura handiko mikrofonoen erabilpena ere arautzen du. Ordutik, zenbait dekretu eta zuzenketa egin dituzte lege honen gainean.

Berez, Bideozaintza eta Askatasunen Batzordeak ikuskatu behar du legea betetzen den eta modu gardenean erabiltzen den. Batzorde hau autonomia erkidego bakoitzeko gobernu-ordezkariek eta Auzitegi Nagusiko presidenteak osatzen dute.

Kasu honetan ere, indar polizialen jarduna «salbuespenek» babesturik dago: «Baimena eskatzeko beharrezkoa den txostena garatzeko denborarik ez badu, eta gertakari jakin batzuk izan daitezkeela uste badu, Poliziak kamerak erabil ditzake irudiak grabatzeko, baina 72 orduren buruan epaileari jakinarazi behar dio».

«Ikerketa polizial bat abian dagoen bitartean», bestalde, irudiak nahi bezainbat denboraz gorde ditzake Poliziak. Irudiak komunikabideei bidaltzeko aukera ere eskaintzen dio legeak Poliziari. Halaber, kamera bat eremu pribatu batean ezarri nahi bada, «edozein herritar dago Poliziari instalazio eta mantentze lanetan laguntzera behartua», epailearen baimena tarteko denean.

Bestelako bideozelataritza kameren kasuan (hainbat denda eta egoitzaren inguruetan daude) legeak 30 eguneko epean irudiak ezabatzera behartzen du jabea.

Orokorrean, estatu espainolean nahiz frantsesean arau asko ezarri dituzte; batez ere, «bideozaintza zibila»ri dagokionez. Besteak beste, Datuak Babesteko Legea indarrean denetik herritarren pribatasuna «seguruago» dago. Legeak gauza asko debekatzen ditu, ondorengo atalean zehazten diren egoeretan salbu.