-

Iņaki Altuna

2007ko Apirilaren 13a

Gertaerak gertaerak dira, jakina; baina, gertaera bertsuek ez dute beti irakurketa bera eragiten. Testuinguruak eta aurrekariek zerikusi handia izan ohi dute; baita, haatik, irakurketa egiten duenaren asmoak eta gogoak ere. Espainiako Gobernuaren, PSOEren eta horien inguruko hedabideen asmoa eta gogoa ari dira, hain justu, gaur egungo egoera politikoa marrazten. Gertaerak gertaera dira, jakina; baina PSOEkoen irakurketa eta, are erabakigarrigoa dena, jokabidea norabide jakin bat hartzen ari dira. Halaxe deliberatu dutelako. Horren erakusle da ezker abertzalea legez kanpo uzteko egiten ari diren lan eskerga.

Batasunak alderdi berri moduan izena ematen bazuen, ez zuela aparteko arazorik izango esan zuen Rodriguez Zapaterok urriaren 12an. Egia esan behar bada, hitz haiek esan eta oso denbora gutxira, Auzitegi Gorenak ederki gezurtatu zituen: indar polizialak herriko tabernetara bidaliz (inbentarioa egiteko) eta, bide batez, Batasunari jarraipena eman nahi izango lioken beste edozein alderdi indargabetzeko asmoa berretsiz.

Sinesgarritasun handirik gabe bada ere, Zapaterok ezker abertzaleak bere burua legeztatzeko ez zuela arazorik izango baietsi zien kazetariei orduan. Egunotan gertatzen ari denak baieztapen hura gezurtatzen du berriro ere, bistan da. Espainiako Gobernuko presidenteak eta horren alderdiak, ordea, Barajasko ekintzaren ondotik testuingurua aldatu dela eta aurrekariak oso kontuan hartu behar direla erantzungo ahal izango lukete orain. Jakina, testuingurua ez da berbera; baina, den-dena mahairatu behar bada, krisi egoera nork larritzen duen galdetu beharko genuke. Testuinguruak? Aurrekariek? Ez ote dira izango, preseski,  PSOEren gogoa eta asmoa? Gertaerak gertaera eta errealitatea errealitate.

Erakunde armatua, lehen eta orain

Joan zen urteko martxoaren 22ko ETAren errealitatea eta gaur egungoa ez da arras ezberdina. Erakunde armatua zen orduan eta erakunde armatua da gaur egun, ez baita hori aldatzen hasteko bidean urratsik egin. ETAk oraingo elkarrizketan esan duena eta su-etenaren iragarpenaren ondotik esan zuena («Zutabe» bat argitaratu zuen eta elkarrizketa eskaini zion orduan ere GARAri) alderatuz gero, esaldi antzekoak aurkituko genituzke.

Orduan, PSOEk bere aburuz positiboak ziren baieztapenak goraipatu zituen eta hain gustokoak ez zituen erranei, berriz, ez zien erreparatu ere egin. Orain, ordea, kontrako jokabidea hartu du: indarkeriarik gabeko egoera lortzeko ETAren hitzei jaramonik ere ez die egin. Barajasen ondorioa edo prozesuarekin amaitzeko erabakiaren isla? Hortxe galdera. Beste hipotesi bat ere egin daiteke: etorkizuneko negoziazioetan, horiek badira, indar egoera lortzeko saiatzen ari da. Joku arriskutsua litzateke, edonola ere; indarra hartzeko ahaleginean prozesua bera bideratzeko aukerak arriskuan jartzen baititu. Nabarmen ezker abertzalea hauteskundeetatik kanpo uzten badu.

Dena dela, badirudi mezu nagusia aukeratu dutela: ETAk indarkeriarekin jarraitu nahi du (genetikoa bailitzan-edo) eta Batasuna ez da hori aldatzeko gai. Nork daki, akaso 2004ko martxoaren 11ren aurreko hitz-jariora bueltatuko dira eta «El País»en ere modu honetako titularrak irakurriko ditugu berriro ere: «ETA busca una masacre en Madrid». Gatazka urte luze hauetan guztietan, gezurra ez baita soilik PPren ahotan entzun.

2006ko su-eten iraunkorra aztertzerakoan, ezin daiteke ondoriozta, besterik gabe, ETAk egun batetik bestera sekulako aldaketa egin zuela. Inozokeria da hori. Su-etenaren erabaki hark beste gauza bat islatu zuen; askoren ustetan, askoz ere garrantzitsuagoa bake etorkizuna bermatzeko: bazela gatazka gaindituko lukeen prozesu demokratiko bat garatzeko aukera, aldez aurretik oinarri batzuk finkatu zirelako eta, Anoetako eskemaren bidetik, ibilbide oso bat aurrez ikusten zelako. Zoritxarrez, oinarri horiek azkar baino azkarrago hasi ziren higatzen eta elkarrizketa politikoa ezin bideraturik aritu da orain arte. Zorionez, oraindik ere bideari segitzeko asmoa erakutsi dute zenbait eragilek, ETA barne -GARAk eginiko elkarrizketa zintzoki irakurtzen bada, ondorio hori agertzen da-.

Arazoen tamaina eta konponbideek behar duten sendotasuna onartu beharrean, ETAren «autodisoluzioa» aterabidearen abiapuntuan kokatzen dutenak, berriro ere, inozokerian dabiltza. Edo, okerrago dena, ez dira konponbideaz hitz egiten ari, hausturaz baizik.

Horrexegatik da seinale txarra indarkeriaren mezu hipokritan -torturaz inor gutxi kezkatu da- indar politiko nagusien bozeramaileak nola katramilatzen diren ikustea. Ez baitira ari konponbideaz. Kasurik onenean, ez aurrera ez atzera dabiltza. Eta txarrenean, errepresio aldi berri bat prestatzen ari dira.

Euskal Herria Bai

Barkaezina litzateke azken urteotan landutako aukera politikoak galtzen uztea. Aukerak landuz gero, emaitzak lor baitaitezke. Luzaz elkarri mokoka ibili ondoren, lankidetzaren eta elkarlanaren ordua iritsi da Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoara. EAk, Batasunak eta ABk Euskal Herria Bai sortu dute hauteskundeetarako. PNBk ez dio erronkari eutsi. Hori ere seinale txarra izan daiteke, EAJ Euskal Herri osoan zer egoeratarako prestatzen ari den igarrarazten baitu. Maluruski.