
2007ko Apirilaren 13a
Bilbo Zaharra bizitasun handiko auzoa da eta kultura abangoardistenaren topaleku izan nahi du hiritarren aurrean. BLV D. Muestra /Bilboko Joerak modaren, artearen, gastronomiaren eta diseinuaren azken joeretan murgiltzeko aukera ezin hobea da eta bide batez, Bilbo Zaharra merkataritzaren eta hiriko aisialdiaren erreferentziazko leku izan dadin, lanean ari diren sortazile gazteak ezagutzeko abagunea eskaintzen du. Profesionalei eta ikusleei oro har zuzendutako desfileak, aurkezpenak, tailerrak, hitzaldiak eta bestelako diziplina arteko egitasmoak izango dira auzoan. Izan ere, BLV D Muestra /Bilboko joerak-ek nahastea eta gurutzaketa sustatu nahi ditu, elkarren arteko ezagutza eta bizikidetza interkulturala auzoaren aurrerapenaren balio bereizgarri izan daitezen».
Zuri-gorri-beltz kolore bilbotarren paperetan zetorren idatzia komatxoen artean azpimarratu dudana. Auzoan biziko ez banintz, guztiz sinesgarria irudituko litzaidake guztia. Ez da-eta gogoeta makala. San Frantzisko kaleak orain duen erronkaren lehen pausoa emanda dagoela dirudi. Nahiz eta hurrengo egun hauetan gastronomia, diseinua, artea, merkataritza eta aisialdia bultzatzen saiatuko diren, lehen erakustokia modarena izan da beste arteen gainetik. Orain dela egun gutxi, Lan Ekintzak San Frantzisko kalean libre zuen leku erraldoienean aurkeztu zen asmo guzti horien izpiritua. BIEM enpresaren bataioan izan ginen lekuko. Sarrera babesten hamaika udaltzain, Sanfranen inor ez den nor festara sar ez zedin, noski Alfombra gorria ez genuen faltan bota tamaina hartako kontrola eta gero...Bai berriz gonbidapenak eskatzen auzoko koloredunak. Ez zen horrela izan: 90-60-90 neurriko neska-mutil-katxarroak besterik ez zeuden barruan eta batzuk eta besteok zuriegiak nire uste (apalean, noski). OPI-ak (oso-pertsona-in-teresanteak) eta -hemen bai ageriko pluralismoa- alde guztietako politikari ezin sinpatikoagoak kanpaina egiten txertatu nituen. Boterearen erotika ulergarriago egiarazten zidan egoerak: modeloak direnak eta izan nahi dutenak PSOE, PNV eta PPko burukide edo zerrendaburuen inguruan hegaz hedatu zirenean. Lucia Marzo Miss Euskadi ohia eta Isabel Muela -bai, «Pasalo»-ko tertuliakidea, Miss eta Mister Euskadi sariko antola-fundatzailea eta tenorea, beste balore politiko eta ezkutatuen artean- eskenatokian azaldu arte ez genekien non izan zitekeen negozioa.
Bilbo izena unibertsala nola egin milurte honetan omen da gakoa. Eta asko izan badira hori lortzeko saiatu eta saiatzen diren artistak, oraingo honetan Muelaren burutazioak daude pil-pil agerian. Postura guztiak bere alde daude frontoi horretan. Euskal modeloak bilatu, aurkitu eta mundu osoko pasareletara jaurti San Frantzisko kaletik. Naomi Campbell -eredu gisa- Bilbon jaio izan balitz, bertan jaio behar izan zuelako, noski. BLV D. Muestra /Bilboko joerak-en lehorreratzeak hasi besterik ez du egin. Eta ezin leku egokiagoan: Bilboko Berreginen Museoan egin ziren etorkizunean hiri aldakor hori arrakastara eramango dituzten lehen desfileak. Ederra paradoxa!. Modeloek egin behar zuten pasilo buruan Samotraziako Victoriaren gorputz enbor ezin trinkoagoa zegoen. Alboan eta atzean, Miloko Venus, Moises, Mediciseko Lorentzo... Azken aro modernoetan mendebaldeak izan dituen estetika canonen artean gaurko neurriko neska eta mutilak.
Leticia Oruek zabaldu zuen Euskal Diseinatzaile Gazteen lehen desfilea. Deigarria nonahi: Orue Modorra izeneko desfile alternatiboa egin zuen orain dela 2 urte benetako arrrakasta lorturik ezaugarri hauexekin: bertan 2. eskuko arropa erakusten zuen, edonor izan zitekeen disenatzaile ala modeloa, berdin zu ala ni. Baina ez da egon oraingo honetan gaizki lagunduta; Jon Fiz, Jota Mas Ge, Mercedes de Miguel, Fulanita y Menganita, Alicia Rueda, Sin Patron etabar luze bat bildu zen San Frantziskoko Berreginen Museoan. Ez naiz nekatuko Isabel Muelaren energia eta grina bera miresten eta miresten dudala esanez. Auzoko amabitxi maitagarria izendatu behar izango dute laster. Joan den egunetan negozio eta fusio kulturaletarako duen usaimen animalia ondo erakutsi eta islatu zuen. Jaia bukaera borobiltzeko entzundako arenga ez zuen alferrik ala muxutruk bota. Hitz guztiak errentagarriak izango direlakoan nago nik neuk, berak nik baino askoz ere argiago duelako, noski. Eta horrek lasaitzen gaitu Auzoa beste begiekin ikusten du, noski. Inbertsorearen so-katik. Montmartre balitz deskribatu zuen gure Negruri. «San Frantzisko denon artean berregingo dugu.. bideak hemen daude...moda izango da gune horrek behar duen bultzakada nabarmena...». Agian bera ere kanpainan dago. Ez dira bestela ongi ulertzen bere hitz demagogikoak. Parisen bagina txalotu eta gero (ni Samotraciako Victoriari txalotu nion, aitortu behar dut) kalera atera ginen. Beti bezain marroia iruditu zitzaidan kalea. Bere Bar-era heldu eta etxera ailegatu baino lehen pasarte batzuk ordea, inoiz baino beltzagoak ikusi nituen. Zulo beltzagoak.




