Telebistako izar batek behartuta, hautagai guztiek agindu diete estatuko boto-emaileei ingurumena oso kontuan izango dutela presidente kargura iritsiz gero

Jose Angel Oria
2007ko Apirilaren 13a
Tamalez, urte askotako manifestazio, hausnarketa, proposamen, eztabaida, artikulu eta bestelako lanek lortu ez dutena, alegia, ingurumenari buruzko kezkei hauteskunde kanpainatan leku egitea, hedabideetako izar batek lortu du aitaren batean. Bat batean, kolore guztietako hautagaiak ekologista bihurtu dira. «Ba zen garaia», pentsa dezake irakurleren batek. «Kargura iristen direnean zer egiten duten ikusi behar», erantsi beharko litzateke.
Segolene Royal PSko hautagaiak «ingurumen bikaintasuna» agindu badu, Nicolas Sarkozy eskuineko arerioak «iraultza ekologikoa» iragarri du. Posible ote da Greenpeaceko kide bat Zeelanda Berrian hil zuen espioiaren arrebak, orain «ingurumen bikaintasuna» agindu eta botoemaileek sinestea? Zer nolako sinesgarritasuna dauka Sarkozy etorkinen etsai amorratuak «iraultza» hitza erabiltzen duenean? Eta «ekologikoa» erabiltzen duenean? Tankerakoa.
Nicolas Hulot telebista izarrak behartu ditu hautagaiak betiko hitzaldiak albo batera utzi eta ingurumenaz aritzera. «Ushuahia» izeneko saioa zuzendu eta aurkezten du TF1 telebista kate publikoan. Klima aldaketari aurre egiteko Hulotek berak prestatutako «itun ekologikoa» betetzeko beharrezko neurriak hartzeko konpromisoa sinatu zuten hamar hautagaik otsailaren hasieran -Royal eta Sarkozy barne- . Orduan egin ziren inkesten arabera, telebista izarrak, hauteskundeetara aurkeztuz gero, botoen %10 eskuratuko zukeen, gutxienez. Ondorioz, hautagaiek nahiago izan zuten beren hitzaldia zertxobait egokitzea eta arerio arriskutsua izan zitekeena borrokatik kanpo uztea betikoari eustea baino.
Klima aldaketa bezalako gaiak hedabideetan eguneroko ogi bihurtu diren honetan, Estatu frantseseko politikariak «ekologista» bihurtu zaizkigu azkenean. Kostatu zaie, Herbehereetan eta Danimarkan esaterako, hautagaiek orain hogei urte ere nahasten baitzituzten hitzaldietan ingurumena eta osasuna kontzeptuak. Daniel Boy adituaren iritziz, oraingo kanpainan ingurumenak betiko tratamendua izango luke Huloten «xantaia» egon ez balitz. Ez zaio arrazoirik falta, Hulotek hauteskundeetara ez zela aurkeztuko argitu zuenean, mezu ekologistek behera egin baitzuten hautagai guztien ekitaldietan, langabeziari, erosteko ahalmenari eta betiko gaiei tartea emateko. Horregatik, hautagaiak «berriz txertatzea» erabaki zuen Hulotek: gehienekin hitz egin zuen berriz ere ingurumena kontuan har zezaten eta manifestazioa antolatu zuen apirilaren 1ean Paris hiriburuan. France Presse agentziak egindako kalkuluen arabera, 7.000 pertsona inguru elkartu ziren.
Hautagaiak estutzen saiatzen ari da talde ekologistek osatutako Planetaren Aldeko Aliantza ere -bost minutuz argi guztiak itzaltzeko proposamena egin zuena-. Egin dituen proposamenek hautagaien idatzietan duten oihartzuna neurtu du Aliantzak, eta horren araberako sailkapena ere egin du. Hautagaiek gora egin dute Hulotek bere ekimenaren berri eman zuenetik. Berdeak dira, jakina, lehen postuan daudenak.




