PERTSONAIA -
pd10_f01.jpg

Amagoia Mujika

2007ko Apirilaren 13a

Rachel Louise Carson Pennsylvaniako herri txiki batean jaio zen 1907 urtean, Springdalen hain juxtu. Amak erakutsi zion natura sakonki maitatzen eta naturarekiko maitasun hori izan zen bere bizitzaren ardatza. Idazlea, zientzialaria eta ekologoa izan zen egungo ingurumenarekiko pentsamoldearen sortzailetzat hartzen den emakumea. Gaurko egunez zendu zen, duela 45 urte.

Pennsylvaniako emakumeen unibertsitatean burutu zituen ikasketak eta, ondoren, itsas biologia ikasi zuen Woods Hole Marine Biological Laboratory zelakoan. Azkenik, Zoologiako lizentziatura eskuratu zuen Johns Hopkins unibertsitatean. Hala ere, traba ekonomikoak, familiarrak eta gizartekoak tarteko, ezin izan zuen aurrerago egin ikertzaile zientifiko bezala, nahiz eta hori zen bere betiko ametsa.

Kazetari bezala aritu zen depresioaren garaian eta, 1936 urtean, gobernuaren Arrantzarako eta Basa Bizitzarako Sailean hasi zen lanean. Dibulgazio testu ugari idatzi zituen bertan, baita irratirako gidoiak ere. Itsasoko kontuen gaineko hamaika artikulu idatzi zituen eta bere lanek sekulako arrakasta izan zuten, bai kritikoen artean, baita herritarren artean ere. Bere denbora librean, ikerketa zientifikoa prosa liriko bihurtu zuen. Hartara, eta «ozeanoaren biografia» marraztu zuten bere lan izugarri batzuk tarteko, oso ezaguna egin zen idazle naturalista. 1952 urtean Gobernuko bere lanpostua utzi eta idazle lanetan hasi zen erabat.

Familiako kontuak zirela-eta, Marylandko landara joan zen bizitzera. Bertan kezkatuta ikusi zuen eguna joan eta eguna etorri pestizidek, DDT izenekoak batez ere, zer nolako sarraskia zekarten ingurumenarentzat. Kezka berdinak zituzten zientzialariek eta ekologistek animatuta, bere idazle ibilbidean pisu gehien izan zuen lana abiatu zuen: Silent Spring.

Lau urte luze eman zituen buru-belarri liburuarekin eta, azkenean, 1962an argitaratu zuen. Hala ere, argitaratu aurretik mota guztietako presioak eta kritikak jaso zituen Carsonek, bai erakunde ofizialetatik, baita industria kimikoaren arlotik ere.

Silent Spring best-sellera izan zen eta indarra eta batasuna eman zizkion hasiberria zen eta erabat sakabanatuta zegoen kontzientzia sozialari. Ekologismoaren «biblia» dela diote askok, lan horrek ezarri baitzuen egungo mugimendu ekologistaren lehen harria.

Lehenengoz, gizakiaren ekintzaren ondorioz sortzen diren ingurumeneko arazoen larritasunaz ohartarazi zuen lan horrek. Ingurugirora intsektizida, pestizida eta herbizida formako pozoiak botatzerakoan, gizakiak bere biziraupena ez ezik, naturako izaki bizidunena ere arriskuan jartzen duela esan zuen. Hasiera batean alarmistatzat jo zuten Carson eta bere lanaren kontrako ahots ugari altxatu ziren. Gaur egun, ordea, munduaren pentsamoldearen aldaketaren hasiera finkatu zuela uste da. Silent spring lanaren ondoren ulertu zuen munduak natura ez dela ondasun agortezina eta gizakiak ezin duela nahi duen modura egin eta desegin. Carsonen lanak garbi utzi zuen gizakia Lurrean dauden espezietan beste bat baino ez dela eta, beraz, Lurraren ongizatearen alde lan egin behar duela.

Rachel Louise Carson gazterik hil zen, 57 urte zituela, bularreko minbiziaren kontra hilabete luzeetan borrokan jardun eta gero. Ez zituen ezagutu, beraz, bere lanak ekarritako aldaketa garrantzitsuak, bai gizartearen kontzientziazioan, baita ingurumenaren gaineko legedian ere. Izan ere, gizartea Carsonen lanaren ondorioz hasi zen ulertzen natura sare konplexua dela, bere zati guztiak estuki lotuak daudela eta edozein ekintzaren ondorioak aurreikusten zailak direla, baita giza osasunaren gainekoak ere. Hartara, naturaren gaineko ekintza guztiak oso gertutik zaindu behar direla ulertarazi zion gizarteari Rachel Louise Carson ekologoak.