Europa etorkin kualifikatu bila, hizkuntz gaitasuna eta ezagutzak neurtzeko frogak Britainia handian
Hilaren hasieran jarri ditu indarrean Britainia Handiak etorkinen integrazioa neurtzekeo frogak, baina Austrian, Herbeheretan eta beste zenbait herrialdetan dagoeneko abian zeuden

2007ko Apirilaren 13a
Britainia Handian modu egonkorrean bizi nahi duenak hizkuntza gaitasuna eta herrialdeari buruzko ezagupidea neurtzeko galdeketa gainditu behar ditu joan den asteaz gero. Test horren helburua etorkinen artean kualifikatuenak aukeratzea da, horiek aiseago integratuko direla pentsatuz. Ez da Britainia Handia neurri horiek hartzen hasi den bakarra, atzerritarrei azterketak jartzen hasi diren herrialdeen zerrenda handitzen ari baita.
Berriki, martxoaren azken astean, Gobernu alemaniarra izan zen bertakotu nahi dutenei azterketak jarri ahal izateko lege proiektua egin zuena. Alemaniar naziotasuna lortu nahi duen atzerritar orok «herrialdeko gizarte egituraketaz eta antolakuntza juridikoaz jakintza landu beharko du», aipatzen du lege proiektuak eta horretarako «integrazio ikastaroak» edo «herri heziketa» egin beharko ditu.
Hizkuntzaren ezagutzak, noski, garrantzia izango du Alemaniako lege proieketuak arautzen duenez, alemana modu egokian hitz egitea ezinbestekoa izango baita beren egoera arautu nahi duten atzerritarrentzat. Baldintza bera ezarriko zaie familia ekarri nahi duten atzerritarrei ere.
Sarkozy eta royal
Hauteskunde giroan murgildurik dabiltza Estatu frantsesean eta Nicolas Sarkozy (eskuindarra) mintzatu da familia bildu nahi dute atzerritarrei frantsesaren ezagutza gutxieneko bat eskatu behar zaiela esateko. Segolene Royal sozialistak ez du gisako neurririk ezarri nahi. Adierazi duenez, familia Estatu frantsesean bildu ahal izateko bertako hizkuntzaren ezagutza eskatzea Giza Eskubideen Europako Itunaren kontrakoa da.
Herbeheretan, bestalde, etorkinak bi test gainditu behar ditu: jatorriko herrialdean bertan egin behar du lehena, ezagutza nagusiak, kulturari eta hizkuntzari buruzko jakintza gutxieneko bat neurtuz, eta emigratu ondoren egin beharrekoa da bigarrena. Biak iaz jarri ziren indarrean.
Danimarkan beste horrenbeste: maiatzaren 15etik aurrera azterketa idatzia gainditu beharko dute herrialdeko gizarteari, historiari, kulturari eta hizkuntzari buruzko jakintza neurtzeko. Azterketa egitera doan etorkin bakoitzak ordubete izango du 200 galderatatik 35i erantzun ahal izateko.
Finlandian, bertakotu nahi duen etorkinak hizkuntzari buruzko testa gainditu behar du edo, bestela, finlandiera edo suedierari buruzko ikastaroak egin, bi hizkuntza horiek ofizialak baitira herrialdean. Austrian eta Portugalen ere badituzte etorkinek gainditu beharreko frogak. Polonian ere lantzen ari diren lege proiektuak gisako azterketak aurreikusten ditu. Italian ere antzeko frogak ezarririk dituzte.
Grezia, Belgika, Suedia eta Txekiar Errepublika dira salbuespenak, herrialde horietan ez baita inolako hizkuntzari buruzko gaitasun frogarik ezarri.
Britainia Handiko kasua
Britainia Handiak hilaren hasieran indarrean jarri dituen frogek 24 galdera nagusi dituzte eta etorkinek bertako historiari, sistema politikoari, ohitura eta herritarren eskubideei buruzko jakintza neurtu nahi dute. «Zein da Ingalaterrako Elizaren burua», «Noiz koroatu zuten Elizabeth II.a erregina?», edo beste zailago hau, «Zenbat diputatu dira Eskoziako Legebiltzarrean? aurki daitezke galdeketa horretan. Naziotasun britainiarra eskatzen duten guztiei egin zaie galdeketa hori 2004az gero. Aurrerantzean Britainia Handian modu egonkorrean bizi nahi duten guztiei egingo zaie. Europako herritarrek, dena den, emigrazio kuotapean dauden errumaniar eta poloniarrak salbu, izango dute Britainia Handiaan mugarik gabe bizitzeko eskubidea.
Test hori egitea 34 libera (50 euro) kostatuko zaie eta prestatu ahal izateko erosi beharreko liburuek hamar libera inguru balio dute.
Entzun dira, noski, kontrako ahotsak ere. Habid Rahmanek, Etorkinen Ongizateaz arduratzen den kontseiluko arduradunak oso garbi adierazi du «test horiek ez dutela etorkinen eta errefuxiatuen integrazioa bultzatuko».
Britainia Handia Europako beste herrialde asko baino irekiagoa izan etorkinen auzian, baina badirudi mugak indartzeko asmotan dela. «Britainia Handian modu egonkorrean bizitzeko asmotan diren etorkinek jakin behar dute asmo horrek betebeharrak ere badituela berarekin», esan zuen Liam Byrnek, Emigraziorako Estatu idazkariak. «Ingeles gutxieneko bat jakiteak lagundu egingo die gizartean leku bat aurkitu eta gure gizartean integratzen», erantsi zuen.
Neurriok badute, ordea, beste helburu ezkutuagoa bat ere: orain bi urteko atentatuen ondotik tramatizaturik bizi dira Londresen eta neurrion bidez mugak hobeto kontrolatu nahi dituzte eta herrialdera sartu edo irteten diren herritarrak hobeto kontrolatu. Barne ministroak dagoeneko agertu du mugak ertsiki kotrolatzeko borondatea eta familiak biltzeko orduan ere oztopoak gehitu egingo dituztela agindu du.
Herbeheretan neurri berriak
Britainia Handia ez da, esan bezala, neurriak gogortzen ari den Europako herrialde bakarra. Herbeheretan 2002an hasi ziren gisako neurriak hartzen eta iaz gogortu egin zituzten etorkinak onartzeko prozedurak. Testak ere iaz jarri zituzten indarrean. Herbeheretara iritsi nahi duen etorkinak bere jatorrizko herrialdeko enbaxadetan eta kontsulatuetan egin beharko ditu azterketa horiek. Izena emateko 350 euro ordaindu beharko ditu azterketa egitera doanak. Herrialde honetan ere badira, alabaina, salbuespenak: Europako herritarrek, kanadiarrek, japoniarrek, Zeelanda Berrikoek eta AEBetako herritarrek ez dute azterketarik egin beharrik izango. Azterketa horietan nederlanderaren ezagutza ere neurtuko da eta horrekin batean herrialdeko gizarteari buruzko galderak egingo zaizkie. Gobernuak ez du azterketa horiek prestatzeko ikastarorik ematen, baina material multzo bat eros dezake edonork liburu dendetan.
Neurriok 2002an jarri ziren indarrean, Pim Fortuyn populista hil eta gero, garaiko «politika multikulturalista»ren ondorioak zalantzan jartzen hasi zirenean. Islama gogorki kritikatzen zuen Theo van Gogh zinegilearen heriotzak ere tentsioak sortu zituen Herbeheretako talde etniko ezberdinen artean.




