-
pd07_f01.jpg

Jose Angel Oria

2007ko Apirilaren 13a

Aljerian aste honetan bertan egindako eraso suizidak direla-eta, begirale batzuek arabierazko hedabideen eragina ikusi dute. «L'Economiste» egunkariak, Marokoko enpresarien kazetak, horixe nabarmendu zuen asteazkeneko edizioan: «Auzo txiroetan satelite bidezko telebistak duen eraginak eta planetako beste bazter batean, Ekialde Hurbilean, gertatzen ari denak, kamikaze horien ereduarekin bat egiteko prest dauden pertsonak sortzea eragin dezakete». Al Jazeera telebista katea, berriemale izateaz gain, berrien protagonista ere bihurtzen dute etsai politikoek. Estatubatuarrek bezalaxe, Magrebeko dirudunek.

«Control Room» izenburuko dokumentalak, Al Jazeera telebista kateak Irakeko okupazioaren inguruan egindako lana aztertu du. Baita goraipatu ere. Jehane Noujiam zuzendari egiptoarrak «oso era eraginkorrean erakutsi digu Estatu Batuetako hedabide handiek gerra hori nola manipulatzen duten», Ann Hornaday kritikariak «The Washington Post» egunkarian idatzi duenez.

Ekialde Hurbileko beste gatazka bat, Palestinakoa, erabiltzen du Emir Sader brasildarrak, informazioa emateko garaian erabili beharreko hitzen aukeraketak duen garrantziaz aritzeko. «Mendebaldeko hedabide handiek ez dute `okupazio' hitza erabiltzen Israelek militarki bere kontrolpean dauzkan lurraldeei buruz hitz egiteko -idatzi du Saderrek «Carta Maior» aldizkarian-. Eskatzen diote PAN Palestinar Aginteari erresistentzia moteltzeko, PANek indarkeriaren aurka nahikoa egiten ez duela frogatu nahian. Ez zaizkie azaltzen Mendebaldeko irakurleei `okupazio' horren atzean dauden zapalkuntza, beldurra eta umiliazioa. Hildako israeldarrek, nahiz eta palestinarrak baino askoz gutxiago izan, izena eta abizenak dituzte, aurpegia, familia, lana, lagunak, auzo bat eta etxea; palestinarrak, berriz, `terrorista' bezalako hitzen azpian ezkutatzen dizkigute». Emir Saderrek Joris Luyendijk kazetarinederlandarrak egindako lana erabiltzen du «Hitzak eta gauzak» artikulua idazteko: Palestinako kontuak Herbehereetan aztertu eta Brasilen zabaldu; globalizazioaren aroan gaude.

Azken hamarkadotan gerra eta gosea besterik ezagutu ez dituen Afganistanen ere bertako hedabideak garatu nahi dituzte, horrela datozen belaunaldiek itxaropenen bat izango dutelakoan. Ann Ninan IPS Inter Press Service agentziako kazetariak «Hedabideak garapena dira» deitutako jardunaldietan esandakoa laburbildu du.

«Gero eta ikaragarrigoa den indarkeriarekin kezkatuta, Afganistango egonkortasuna, demokrazia eta epe luzean garatzeko aukerak zapuzten dituelako, afganiarrek zuzendutako ahaleginen beharraz ohartarazi dute ahots independienteek. Helburua litzateke konfiantza sortzea eta horretarako ezinbesteko dira hedabideak eta gizarte zibila. Baina Kabulen egindako konferentzia ez zen agertu nazioarteko komunikabideetan, hiri bereko alde zaharreko meskita baten aurkako eraso suizidak estali baitzuen».

Martxoaren 28an eta 29an egin ziren aipatu jardunaldiak. Bertan esku hartu zutenek esandakoaren arabera, herrialdetik kanpo gertatzen den gerra irudiak erabat baldintzatzen ditu afganiarren ahaleginak. Talibanen Gobernua hankaz gora bota zutenetik bost urte pasatu diren arren, indarkeria berriz nagusitu da, inoiz ahuldu bada, eta Mendebaldeko estatuek orain arteko dirulaguntzak murriztu egin dituzte. Gainera, publizitatearen bitartez biltzen denarekin aurrera jarraitzea ezinezko da. Ondorioz, «Afganistango hedabide independienteek nahikoa dute bizirik jarraitzearekin, afganiarren interesen zerbitzura egon beharrean. Ustelkeria eta gehiegikeria besterik ezagutzen ez duten agintariei aurre egiteko kemenik gabe geratu dira». Ninanek idatzitakoaren arabera, Afganistanen aurki onartuko duten lege berrian ere somatzen da hedabideen lana gero eta zailagoa izango dela, autonomia arrastorik ez dutela izango eta, horrela, irakurle, entzule, ikusle eta nabigatzaileen konfidantzarik ez dutela lortuko.

Latinoamerikan ere sekulako ahaleginak egiten ari dira bertako indar aurrerakoiak, hedabide propioak garatzeko. «Ez ikusi telebista, zerorrek egin ezazu» irakur omen daiteke Caracas hiriko Catia auzoan, bizilagunek beraiek egiten duten telebistaren egoitzan. Catia TVren berri ematen du Cecilia Fernandezek «Revista Pueblos» aldizkarian. Hugo Chavez presidentetzara iritsi zenetik, ugaldu egin dira herritarrek egindako hedabideak.