LATINOAMERIKA -

Ekuadortarrek bihar erabakiko dute Correa presidenteak proposatu duen Batzar Eratzaileari bidea zabaldu ala ez. Herrialdeak lehen ere bizi izan ditu tankerako egoerak, baina itxaropena inoiz baino handiagoa da orain, inguruko herrialdeetan gertatzen ari dena ikusita

pd04_f01.jpg

Jose Angel Oria

2007ko Apirilaren 13a

Orain ia 500 urte Frai Bartolome de las Casas elizgizonak erabili zuen esaldiak ez du gaurkotasunik galdu: «Itun soziala apurtuta dago». Indigenen egoera txarra ikusi zuenean bota zuen esaldi hori, eta matxinadara deitu zituen. «Egoera hura ez da aldatu, itun soziala apurtuta baitago oraindik ere», esan dio Gaur8-ri Paco Velasco kazetariak. Quitoko Radio La Lunan egiten du lan eta oso ondo ezagutzen ditu azken urteotan agintarien aurka Ekuadorren sortutako giza mugimenduak. «Batzar Eratzaileak eragin duen itxaropena oso nabarmena da gutxien dutenen artean, beren senideak herritik alde egiten ikusi dituztenen artean», erantsi du kazetariak.

Migrazioak sekulako garrantzia dauka gaur egungo Ekuadorren. 1999ko krisi ekonomiko larriaren eraginez -makina bat banketxe itxi ziren eta beste batzuk estatuaren esku geratu ziren-, gero eta ekuadortar gehiago dira Europara edota Estatu Batuetara lanera joaten direnak. Eta hori datu ekonomikoetan ere antzematen da: Hugo Jacome Ekonomia ministrordeak egin dituen kalkuluen arabera, aurten 3.000 milioi dolar bidaliko dituzte Ekuadorrera atzerrira lanera joandakoek -2003ko kopurua ia bikoiztu egingo da-.

Ondasun banaketa beste inon baino okerrago egina dago herrialdean, adituen arabera. Arlo horretan, Latinoamerika omen da desberdintasun gehien duen kontinentea eta, bertan, Brasil eta Guatemalarekin batera, Ekuadorrek eskaintzen ditu daturik negargarrienak: herrialdeko %10 aberatsenak, ondasunen %54 du bere esku, eta %10 pobreenak, ondasunen %0,6 besterik ez. Ez da harritzekoa azken urteotan Ekuadorrek egonkortasun politikorik ez ezagutzea.

Paisaia aldatzen

Etorkinen dibisa-bidalketek Ekuadorreko paisaia ere aldatu dute. Quito hiriburuan eta Guayaquil hiri erraldoian ibilgailuek bazter guztiak hartzen badituzte, Andeetan eta oihaneko eskualdeetan ez dago horrelakorik, bertako populazioa askoz ere pobreagoa baita eta errepideak oso txarrak baitira. Hirietan, aldiz, estatus sozio-ekonomikoa adierazteko ere erabiltzen da ibilgailua: auzo aberatsenetan auto asko eta garestiak, Japoniakoak Europakoak baino gehiago, eta besteetan, merkeagoak eta kutsatzaileagoak.

Banketxeen krisia, bestalde, ez du inork ahaztu. Atzerritik dibisak bidaltzen dituztenek nahiago izaten dute autoa edo etxebizitza erostea dirua bankarien esku uztea baino. Horregatik, bigarren eskuko ibilgailuen salerosketa ikaragarri hazi da. Arazoa da autochuzo horiek eragiten duten kutsadura gero eta larriagoa dela.

Quitok ere badu Londresen ezaugarri bihurtutako smoga. Herrialde industrializatuetako arazoak herrialde pobreetan. Eta agintariek emandako konponbideak ez du ezer konpondu. Smog horri aurre egin nahian, autobus zaharrenak bi milioi biztanle dituen hiriburutik ateratzea erabaki zuten: Ekuadorreko gainerako eskualdeetara eraman zituzten, arazoa konpontzen ari zirelakoan. Eskualde horietan, ordea, autobus zaharrak kamioi bihurtu zituzten, kamioien beharra handiagoa baitzen. Eta ibilgailu horiek hirietara itzultzen dira, itxura eta zeregin berriarekin, baina betiko kearekin.

Hirietatik ateraz gero, errepideak oso txarrak dira. Gune turistikoetara eta multinazionalen instalazioetara joateko egindako bideak dira salbuespen bakarra. Gainera, Ekuador barruan emigrazio prozesu indartsua izan da, herrietatik hirietara, nekazaritza girotik industria eta zerbitzuak dauden lekuetara. Ezkerreko mugimenduek salatu dutenez, AEBetako nekazarien mesedetan abian jarritako politikaren eragina da fenomenoa, bertakoak beren produktuak non saldu ez daukatela geratzen baitira.

Herrietan, gero eta biztanle gutxiago. Eta hirietan, bien bitartean, baldintza minimorik eskaintzen ez duten auzoen hazkunde izugarria. Egurrez eta blokez egindako txabolak gero eta ugariagoak dira Quiton -kontuan hartu 2.000 metroko altueratik gora dagoela hiria- .

Hain baldintza kaskarretan dagoen herriak futbol selekzioaren balentriatan aurkitu du nolabaiteko kontsolamendua, Euskal Herritik joandako bisitari batek baino gehiagok ikusi duenez. XX. mendean Ekuadorrek ezagutu dituen gerren eraginez -Peruren aurka, mugak direla eta-, oso nazio sentimendu indartsua dute bertakoek. Futbolariek arrakastaren bat lortzen duten bakoitzean, bazter guztiak selekzioko kamisetekin eta herrialdeko koloreak dituzten gauzekin betetzen dira.

Kontsolamendua bilatzerako orduan, drogek ere badute garrantzia Ekuadorren, legezkoek zein legez kanpokoek. Alkohola da, zalantza izpirik gabe, gehien erabiltzen dena. Hedabideetan nabarmentzen denez, alkohola da arazo sozial larrienak eragiten dituen droga. Kristina Martin Basaurin jaiotako andoaindarra harrituta geratu zen Quitoko parrandak bertatik bertara ikusteko aukera izan zuenean. «Oso bortitza iruditu zitzaidan giroa, eta oso matxista, tabernetan ia ezinezkoa zen emakumeren bat ikustea. Askoz ere errazago zen gaztetxoak sekulakoak harrapatuta ikustea», adierazi dio Martinek Gaur8-ri.

Emakumeen eskubideak

David Gonzalez barakaldarrak urtebete egin du Ekuadorren, Askapenak antolatu behar dituen brigadei bideak zabaltzeko. Legez kanpoko drogei dagokienez, Quitoko iparraldeko auzo aberatsetan kokaina da nagusi, baina diru gutxiagoko guneetara joanez gero, droga merkeagoak erabiltzen dira: batez ere basuco izenekoa, kokainaren ekoizpen prozesutik sortzen den hondakina -erre egiten dute, edalontzi bat erabiliz-. Kalamua, berriz, oso gutxi ikusten da, zati txikia eramateagatik ere sekulako zigorrak ezartzen baitira.

Edonola ere, Ekuadorreko kartzelak ez ditu droga kontsumoak betetzen, salerosketak baizik. «Nik ezagutu nuen emakume espetxe batean, zigortuta zeudenen %90 mula izateagatik zeuden preso: alegia, kokaina ateratzen saiatzeagatik», jakinarazi du Gonzalezek.

Emakumeen eskubideen aldeko borrokan indigenak dira aitzindari. Beraiek dira agintarien aurkako protestatan aurreko muturrean ibiltzeko lotsarik ez dutenak, bertako haziak ondoen defenditzen dituztenak, eguneroko borrokan gehien saiatzen direnak... «Batzutan badirudi, turista moduan joanda, Ekuadorren lan egiten duten guztiak emakumeak direla -dio Kristina Martinek-. Bazter guztietan daude: tabernetan lanean, dendetan, kalean jartzen dituzten postuetan... Eta umeak ere nonahi dabiltza, inork kasurik egin gabe».

Correa presidenteak Guadalupe Larriva aukeratu zuen Defentsa ministro kargurako. Larriva istripu batean hil zen eta Ekuadorreko emakume askok oso bere zuten pertsona bat galdu izana sentitu zuten. Sekulako kolpea izan zen. Askok esaten zuten militarrek hil zutela. Edota gringoek.

Estatubatuarren presentzia begi-bistakoa da Ekuadorren. Onerako zein txarrerako. Ezkertiarren protestatan gringoen aurkako mezuak entzuten diren moduan, turistentzat indigenek egiten dituzten produktuetan AEBetako bandera ipintzen dute. Gainera, senideren bat Ipar Amerikan lanean dutenek, harro-harro erakusten dituzte estatubatuarren ikurrak dituzten arropak, autoak...

Ezkerreko taldeetako kideekin hitz eginez gero, estatubatuarrek Ekuadorren kalterako egindakoak entzungo ditu irakurleak. Aurreko asteetan, esaterako, AEBek Mantan duten egoitza militarra izan dute hizpide giza mugimenduetako zenbait ordezkarik. Correa presidenteak agindu du 2009tik aurrera atzerritarrek instalazio horiek utzi egin beharko dituztela, eta nazioarteko aireportua eraikiko dutela. Mantako basea Kolonbia Plana ezartzeko erabiltzen dute AEBek, bertatik ateratzen baitira esaterako Kolonbiako mugimenduak zelatatzen dituzten hegazkinak.

AEBen aldeko jarrera izaten dute Ekuadorreko konpainia handienen jabeek. Alvaro Noboa banana esportatzailea da adibiderik garbiena. «Noboa aberatsa bezain tentela da -azaldu du Velascok-. Nongoa den guztiz ahaztuta dauka, bere hitzek ez dute sustantziarik...». George Bush AEBetako presidentearengatik ari den galdetzean, zera eransten du kazetariak: «Oso konparazio ona. Gutierrez presidente ohiak, kargura iristean, jendea asko haserretu zuen esaldia bota zuen: `Bushen anaia txikia sentitzen naiz'. Pentsa nolakoak diren».

Egitasmo aurrerakoia

Gustavo Ayala Alderdi Sozialistako presidenteordeak badauka itxaropentsu egoteko arrazoirik, nahiz eta onartzen duen azken hamarkadetan agintarien «traizioa» jasan duela herrialdeak. Gogoan du Gutierrez presidente ohiak aldaketak aginduta lortu zuela kargua, «azkenean neoliberalismoan gehiago sakontzeko, alde zeuzkan sektoreen ilusioak zapuzteko. Orain gauzak aldatu egin dira, oraingo aldaketa egitasmoa aurrerakoia baita, ez neoliberala».