Josu Juaristi
2007ko Apirilaren 13a
Casablancan eta Aljerren izandako polizia operazioek eta atentatuek, beste inon baino nabarmenago, Madrilen eta Parisen izan dute oihartzuna. Bietan, segurtasun neurriak (are gehiago) indartuz erreakzionatu dute. Magreberako Al Qaedak bere gain hartu ditu Casablanca eta Aljerreko kontuak eta, agirian, propio aipatu ditu Frantzia eta Espainiako estatuak. Lehenengoan, gainera, aurki dira presidentziarako hauteskundeak (22an aurreneko hitzordua), eta tentsioak nabarmen egin du gora. Madrilen hauteskunde bezperan gertatutakoa gogoan izango dute, seguru, eta eguna pasa arte, larri izango dira. Hori dela eta, segurtasunaren auziak pisu handiagoa hartu du azken egunotako hauteskunde kanpainako eztabaidetan eta proposamenetan, eta horrek ez du behera egingo Jacques Chiracen ordezkoa aukeratu artean (eta, Sarkozy bada garailea, ondoren ere ez). Sarkozyk mehatxua egiazkoa dela esan du, presaka bezala, antzeko aitzakia baten zain balego bezala. Royal ere ez da atzean geratu, baina penagarria litzateke, hori ere (Espainiako PSOEren antzera), eskuina edo eskuin muturra baino gogorragoa dela frogatzen saiatuko balitz. Joko horretara eraman nahi du Sarkozyk Royal, eta gauza jakina da originala eta kopiaren artean jendeak, normalean, originala nahiago izaten duela. Astebete dute, bi horiek eta beste hautagai guztiek (Bayrou, Bove, Besancenot, Le Pen, Voynet...), jendea konbentzitzen saiatzeko. Bigarren itzulian sartzen denak (maiatzaren 6an) beste era batera planteatuko du gero, seguru asko, azken esprinta. Orain, hautagai batek botoen %50 baino gehiago eskuratzen badu lehenengo itzulian, bera nagusi. Momentuz, aipagarriena, beharbada, inoiz baino jende gehiagok eman duela izena bozkatu ahal izateko. Aurki ikusiko dugu noren mesederako.
Europar Batasuna ere Frantziako hauteskundeei begira dago, hor gertatzen denak marka baitezake, neurri batean, integrazio prozesuaren etorkizuna. Gogoratuko duzue, Herbehereetan bezala, Estatu frantsesean atzera bota zutela herritarrek europako Hitzarmen Konstituzionala. Sarkozyk, espero zitekeen bezala, ez die herritarrei galdetu nahi, nahiago luke Parlamentuan onartu, besterik gabe; Royal eta Bayrou beste erreferendum baten aldekoak dira.
Frantziarren pisua handia da Batasunean. Euroaren eremuko bigarren estaturik handiena da eta Europako 50 enpresa handienetatik hamar bertan daude, bertan dute egoitza. Datu makroekonomikoak ez dira onak eta langabezia ere altutik dabil. Gainera, gauza jakina da tentsio sozial handia dagoela leku askotan, Parisen inguruan eta beste hiri askotan.
Nicolas Sarkozy ageri da, gaur, faborito, baina inkestetan ez da ezer garbirik ateratzen (bozka nori eman oraindik erabaki gabe duen asko omen dago). Bera aterako balitz, Parisek norabide aldaketa handi samarra joko luke: Europar Batasuneko atea betiko itxi nahi dio Turkiari eta Ameriketako Estatu Batuekin gaur egun dutena baino askoz harreman estuagoa nahi du; ekonomiaren arloan liberala baino gehiago «pragmatiko basatia» dela diote adituek.
Europar Batasunak, bestalde, Sarkozyk oso gustuko duen gai bat izango du hizpide egunotan: immigrazioa (immigranteen kalterako, alegia). Zalantza handirik gabe, Casablancan eta Aljerren gertatutakoak kanpoko mugak oraindik gehiago isteko erabili nahi izango dituzte askok (beti bezala, alegia).
Europatik atera gabe, Ukrainak ere albiste izaten jarraituko du datorren astean. Ianoukovich lehen ministroaren eta presidentearen arteko borrokak ez du etenik, ez kalean ez Auzitegi Konstituzionalean, eta bigarren horrek aste honetan jarraituko du aztertzen Legebiltzarra disolbatzeko estatuburuak erabilitako dekretua konstituzionala den ala ez. Parlamentuaren kontrola dago jokoan eta, ondorioz, presidentziarena.
Italian, bestalde, Prodi gobernuburuak datorren aste honetan aurkeztuko omen du hauteskunde legea aldatzeko proposamena. Italiako hauteskunde sistema gehienbat proportzionala da eta, adituen esanetan, estatu horren ezegonkortasun kronikoa sistema horren isla da, neurri handi batean. Egun indarrean dagoena Berlusconik utzitakoa da. Prodik buelta eman nahi dio orain, baina hori bultzatzeko nahikoa indarrik duen ala ez ikusteko dago oraindik.
Amerikan, bihar bertan, ekuadortarrek Correa presidenteak proposatu duen Batzar Eratzaileari bidea zabaldu ala ez erabaki beharko dute. Ale honetan bertan diogun bezala, itxaropena inoiz baino handiagoa omen da Ekuadorren.
Afrikara goaz, zeharka Irak aipatuz. Kontu honen protagonista nagusia Paul Wolfowitz da, egun Munduko Bankuko presidentea dena eta, bere garaian, Irakeko azkeneko inbasioa diseinatu zuena. Orain, antza denez, ustelkeria kasu batean sartua dabil. Bere kolaboratzaile bati soldata igoera ikaragarria agintzea leporatzen zaio. Wolfowitzek harreman sentimentala izan zuen kolaboratzaile horrekin eta hortik dator salaketa. Munduko Bankuak batzarra du gaur Washingtonen, eta kontu horrek Wolfowitzen kargua kolokan jar lezakeela uste dute adituek. Kasualitateak zer diren... Paul Wolfowitzek ustelkeriaren aurkako egitasmoa aurkeztuko du gaur Washingtongo sesioan eta, horrekin batera, Afrikako garapen ekonomikorako proposamena. Ostegunean bertan, presidenteak barkamena eskatu zuen, baina horrek ez ditu kritikak gerarazi.




