1888an zeinuz idatzitako euskarazko ehunka atsotitzen misterioaren berri izan dugu azken egunotan GAUR8ko Gutenberg Galaxia blogean

Imanol Amiano
2007ko Martxoaren 15a
Gutenbergen heriotza iragarri ondoren, Haritz Rodriguezek hiletara joateari uko egin eta XIX. mendeko euskarazko liburu bitxi baten berri eman digu GAUR8n duen blogean. Honakoa, paper zaharretatik uhinetarako bidaia egin ondoren, saretik ukimenerakoa dugu, bueltan. Zirkuluaren koadratura, alajaina!
Esku artean harribitxia duelakoan dago, oso ziur, gure blogger-a. 1873. urtean Baionan argitaratutako "Proverbes basques et gascons", Gustave Brunet-ek bi hizkuntza hauetan idatziriko atsotitz bilduma. Haritzek Landetako auskalo-zein-herritako liburu zaharren denda batean lortutako alean, ordea, 1888an norbaitek orri bazterretan eskuz inprenta tipoetan azaltzen diren adina errefrau agertzen dira. Ehunka. Eginda dauden atsotitzen bildumekin alderatu beharko ditu, Rodriguezek, noizbait (lapiko guztietako burruntzalia dugu).
Brunetek idatzitako ale honen berunezko tipoen ondoan euskaraz atsotitz gehiago idatzi bazituen eskuz (liburuan ikusitako refrauac berridatziko zituenaren aukera hori baztertzeko modukoa da; betiere konprobatu beharko bada ere), idazle anonimo hau euskalduna zenik ezin ukatuko da. Euskara jakin gabe zail suertatuko baizitzaion autoreari «euskaraz hitz egiten zuen jendearengandik» edo agian «beste liburu batzuetatik» atsotitz hauek jasotzea, eta frantsesera itzultzea, egin zuen bezala.
Irakurketak paperean oinarritzen dituen edonori eta, beraz, Gutenberg Galaxian murgildu ez den edonori, izenburuan idatzitakoak eta orain arte irakurritakoak lotura gehiegirik ez dutela irudituko zaio. Izan pazientzia; izan ere, misterioa, hasiera bederen, aurkeztera bainoakizue.
Ez zirilikoa, ez japoniera...Laburdurak eta karaktere bereziak
Bigarren idazle honek, hots, eskuizkribuak egin zituenak, euskaraz atsotizak idatzi eta frantsesera itzultzeaz gain, zeinuz josi zituen orrien bazterrak. Gure heroiak -barkatu, kazetariak- igarri zuen esaera bakoitzak, «sekula ikusi ez eta ulertzen ez ditudan zirriborroak, runa moduko hizkuntza fantastiko batean egindako marrazkitxoetan» baliokidetasuna zuela. Baina «ez zen zirilikoa, ez japoniera, ez arabiera...». Atsotitzak, banan-banan, zeinuen hizkuntza batera itzulita zeudela ikusi zuen.
Atsotitz hutsek baino areago, zeinuek erakarri zuten kazetaria, eta «pixka bat ikertu ostean» eskuizkribu horiek estenografia edo takigrafia zirela ohartu zen. Hau da, esaldiak esaten diren une berean idatziz laburtzeko modua, gero berriz transkribatu ahal izateko. «Teknika honen oinarria traza laburrak, laburdurak eta karaktere bereziak erabiltzean datza, hizkiak, hitzak edo esaldiak ordezkatzeko. Normalean, idazkera takigrafikoak testuen zatiak baztertzen ditu eta zaila da takigrafista batek jasotako testu bat beste batek deszifratzea, ez badu lehenago jatorriko testua entzun» edo ikusi. Gure ezkutuko idazleak takigrafia zekien eta, euskara takigrafiatzen, antza.
Ez, ez da Iruña-VeleiaTakigrafiaren glosa donemiliagarrak
Ez, ez da Iruña-Veleia, ez eta Lazarraga ere. Eta hasperendun «hatxea» takigrafian ez da inondik inora erreproduzitzen, Bidasoatik gorako norbaitek idatzi arren. Baina ezin ukatu bitxikeria polita dela, eta euskal kulturaren arlo desberdinen aberasgarri izan daiteke. Rodriguezentzat «euskara estenografiatua idatzi zen lehenengoetariko aldia izan daiteke liburu honetan ikus daitekeena». Euskal takigrafiaren «glosa donemiliagarrak»?
Misterioa gehitzen duen beste elementu bat ere badago. Edo argitzen lagunduko duena, nork daki. Donemiliaga Kukulan latineko iruzkinen artean X. mendeko euskarazko bi esaldi haiek (izioqui dugu eta guec ajutu ez dugu) zein fraide euskaldunek idatzi zituen inoiz jakingo ez badugu ere, agian Bruneten liburukoak norenak diren bai. Izan ere, «eskuizkribuen ustezko egilearen inguruan ezer gutxi asmatuko nuela sinistuta nengoenean», hau nor izan zitekeen jakitera bideratu dezakeen pista aurkitu du kazetariak. Antoine D'Abbadie euskalzale bitxiarengana. Ama irlandarra zuen (Antoine Thompson D'Abbadie zen bere izen osoa) eta beste mila gauzaren artean geografo, astronomo eta eleaniztuna izan zenak idatzi ahal izango zuenaren teoria luzatzen da Gutenberg Galaxian.
Musika estenografiatzeko metodoaIkerkuntzak ate berriak ireki ditu
D'Abbadiek gaztaroan musika estenografiatzeko metodo bat asmatu omen zuen eta, hemendik abiatuta, gure blogariak takigrafiatutako eskuizkribuaren egilea eta Dublinen jaiotako euskalzalea pertsona bera izan daitekeela uste du.
Garai hartan ez ziren zientoka izango euskaraz atsotitzak idazteko gai ziren intelektualak. Teklatu gainean ditudan hatzak beste, asko jota. Eta takigrafia zekitenak, teklatuan dauzkadan hatz hauetatik idazteko gai diren beste. Hots, pare bat, esku bakoitzeko hatz erakusleak, nire kasuan.
«Eta honaino irakur dezaket» esaten digu Haritz Rodriguezek, bat baino gehiago pixka bat harantzago joateko irrikaz utzita. Hori bai, kazetariak jakinarazi digu liburuak oraindik sekretu asko gordetzen dituela eta «azken ikerkuntza honek zenbait ate berri ireki» dizkiola. Landetako auskalo-zein-herritako saltzaile harekin kontaktua egin omen du eta zerbait argituko duen itxaropena du. Zerbait gehiago jakitearekin, blogean horren berri emango duela agindu du. «Argia eta takigrafoak!», beraz.
(Jarraituko du...).




