2010ko Otsailaren 05a
Joan den asteburuan egin zen Madrileko Munduko Jendarte Foroa eta bertan protagonista izan ziren Euskal Herritik joandako ordezkariak. Bizkaiko Langabeen Asanbladen koordinakundekoak joan ziren bertara, azken hogeita hamar urteotan pilatutako esperientziaren berri ematera, eta zerbait egingo zuten ondo, bileratik egutegi zehatz bat irten da-eta, Estatu mailako koordinakundea osatze aldera. «Madrileko Foroak bete du bere helburua: sare soziala sortu du», idatzi zuen Jesus Morenok bilerari buruz “Publico” egunkarian argitara emandako kronikan.
Langabezia oso arazo larria da espainol Estatuan, gero eta larriagoa. Krisiak sekulako eragina izan du bertan. Beraz, ez da harritzekoa langabe antolatuen esperientziari inoiz baino kasu gehiago egitea. Andoni F. barakaldarrari egokitu zitzaion eguneroko borrokan ikasi dutenaren berri ematea. «Guk zer egiten dugun jakin nahi zutela esanez hots egin ziguten, orain leku askotan sortu baitira langabeen asanbladak. Ea zer egin dezaketen jakin nahi zuten», esan dio GAUR8ri 42 urteko langabeak.
Madrileko, Murtziako, Extremadurako, Andaluziako eta beste leku askotako langabeek hartu zuten parte Madrileko mintegian. Baina Euskal Herritik joandakoek berehala ikusi zuten horietako hainbaten helburuak ez zetozela bat beraiek egindako lanarekin. «Nik oso berde daudela esango nuke –erantsi du Andonik–. Askotan zirudien Udalari edo beste erakunderen bati diru laguntzak eskatzeko indar gehiago pilatu nahi zutela, besterik gabe. Hasiera-hasierako fase batean daude».
«Langabezia ez da gizabanakoaren porrota, talde arazo bat baizik. Langabeok antolatu egin behar dugu geure burua, bakoitza bere arazo pertsonala konpontzeko bakarka aritu beharrean», esan zien Barakaldokoak elkartutakoei.
«Barakaldokoa naiz, ezkonduta nago eta bi alaba ditut. Gazteena neskatxa da, eta bestea, hipoteka», esanez aurkeztu zuen bere burua Andonik, umorea tankerako bileretan oso baliagarria izaten dela erakutsiz. Barakaldoko langabeez gain, Madrileko bileran ordezkatuta egon ziren ere Sestao, Santurtzi, Erandio, Leioa, Plentzia eta Berriotxoako asanbladak ere. Lortutako lanpostuak betetzeko puntukako sistema erabiltzen dutela jakinarazi zuten, beraien jarduera legez kanpokoa dela garbi azalduz. Hori bai, beraien mobilizazio guztiak erabat baketsuak direla argitu zuten: «Lantokira sartzen gara asanbladako langabe guztiok eta bertan geratzen gera, zutik, herriko asanbladako norbait kontratatzen duten arte».
Jesus Morenoren kronikan irakur daitekeenez, «iparraldeko –Euskal Herrikoengatik– langabeen asanbladak oso eraginkorrak dira. Ehunka pertsonek egiten dute bat horiekin, ez Gobernuak ez udalek inolako laguntzarik ematen ez dietelako. Espainiako beste lekuetako langabeek tankerako asanblada txikiak egiten hasiak dira. Horietan hasita daudenek isil-isilik jarraitu zituzten Bizkaiko lagunek esaten zutena».
Antolatzen hasi berriak direnentzat, beharbada gogorregia izan daiteke euskal langabe horien jarduera. Honela esplikatu zuen egoera Andonik: «Udalekin, zerbitzu sozialekin eta abarrekin hitz egin izan dugu akordioren bat adostu nahian, baina ez digute kasurik egiten. Zer jan ez daukala pertsona bat iristen zaienean, handik hilabetera egin beharreko bilera baterako hitzordua ematen diote, berak jan beharra egun horretan bertan daukan arren. Batzuetan lotsagabeagoak izaten dira eta guregana bidaltzen dituzte pertsona horiek».
Langabeen Asanbladek inolako konfiantzarik ez dute alderdi politikoekiko. Ezta sindikatuekiko ere. Baina Madrilen egindakoa ondo iruditzen zaio Barakaldokoari. «Jendarte Foroen formula positiboa iruditu zait. Guk gehiago espero genuen, egia esan. Gauza guztiak hobeto prestatuta egongo zirela, baina hala ere positiboa izan da eta beste egoera batzuen berri jasotzeko ere balio izan digu». Esaterako, bere iritziz Andaluzia eta Extremadurako langabeek Bizkaikoek baino laguntza gutxiago izaten dute une honetan. Bestalde, sindikatuekin haserre dauden beste langabe batzuekin ere egon dira. «Sindikatu ezberdinetako kideak elkartzen dituen batzar bat ere ikusi genuen. Sindikatuetako zuzendaritzekin ez zeuden ados. Berehala kaleratu zituzten, jakina!», esan dio GAUR8ri Barakaldokoak.




