maiatza 4th, 2011
4:39 pm
Europa
Auzitegi konstituzionalak Bildu hauteskundeetan parte hartu dezakeen erabaki aurretik nabil ondorengo lerroak idazten. Baina badira dagoeneko ondoriozta daitezkeen zenbait kontu.
Euskal Herrian aro berri bat eta gatazka politikoa behin betiko konpontzeko aukerak sortzen doazen heinean, espainiar estatuak ez du bere errepresio politika batere aldatu. Denen buruetan dago, ezker abertzaleak unilateralki hasi duen prozesua alde askotariko prozesua bilakatu behar dela, alde guztien konpromisoa eta parte hartzea beharko duela, gatazkaren konponbidea lortu nahi badu.
Bazirudien estatuarentzat asumitu ezina zena Euskal Herriko Askapen Mugimenduak erabilitako borroka moldeak zirela. Rubalcabak “bozak ala bonbak” esaten zuen. Baina azken gertakariak ikusirik eta estatuaren jarrera ongi azterturik argi dago arazoa ez dela “estetikoa”, edo borroka moldeena.
Estatuak asumitu ezin duena Ezker Abertzalearen proiektua da. Independentzia eta sozialismoa. Helburu horiek estatuaren helburu estrategikoen kontra talka egiten dute, eta hor dago arazo nagusia.
Zabaltzen ari den bidea luzea, gogorra eta oztopoz beterikoa izango da. Buruan gure helburu estrategikoak argi izanda, taktika horietara moldatu beharko dugu eta sortuko zaizkigun kontraesanak ondo kudeatu.
Irlandako prozesua ez zen Stortmonteko akordioa sinatu zenean amaitu. Eta Hego Afrikakoa ez zen amaitu Nelson Mandela presidente bilakatu zenean. Bere horretan diraute. Alde guztiek jarraitzen dute haien proiektu eta helburu estrategikoak erdiesten saiatzen. Akordioak joko arau berriak eta demokratikoak zehazteko balio izan zien. Baina konfrontazio politikoa eta mugimendu askatzaileen borrokak bere horretan diraute. Finean batzuen eta besteen helburuak kontrajarriak izaten jarraitzen dutelako.
apirila 13th, 2011
2:39 pm
Europa
Irlandako bake akordioaren 13. urtemuga ospatu da Apirilaren 10ean. Garaian bazirudien Irlandan gertaturikoak Euskal Herriko gatazkaren konponbidean ondorio geldi ezinak izango zituela. Ez da horrela izan, eta gure herriak bizi duen gatazka politikoa konpontzeke jarraitzen du.
Hala ere, 1998an Lizarra Garazi akordioaren sinadurarekin hasitako bideak aurrera jarraitu du urte guzti hauetan. 13 urte hauek gatazkaren konponbidean buru belarri eman ditugu. Momentu hobeak eta txarragoak egon dira.
Prozesuak parentesiak izan ditu, etenaldiak, baina sekula gelditu ez delakoan nago.
Orain prozesu horren etapa itxaropentsu batean murgiltzeko oinarriak ezarri ditu ezker abertzaleak. Orain eta beti. Lizarra Garazi garaian, 2006ko garaian eta aurretik egon diren saiakeretan ezker abertzalea izan delako ere konponbide saiakeren aitzindari eta bultzatzaile nagusia. Nire ustez, helmugara eramango gaituen prozesuaren etapa hasi dugu oraingoan.
Horrelakoetan gertatzen den bezala, gatazkaren konponbidea ez ezik, konponbide horren hurrengo eguneko mapan dute hainbat eragilek burua. Basurdea ehizatu aurretik, nola sukaldatu eztabaidatzen duten lagunak bezala. Azkenean basurdeak ihes egin eta jatekorik ezer.
Eskakizun ugari egiten dizkiote ezker abertzaleari. Baina nire ustez ezker abertzaleak etxeko lan guztiak edo gehienak amaitu ditu dagoeneko. Batzuek haien gabeziak, barne kontra esan eta ezintasunak ezkutatu nahian beste batzuengan jartzen dute jo puntua. Ispiluaren aurrean denbora gehiago emango balute prozesu hau aurrera errazago egingo luke.
Konponbidea helduko da, EHak independentzia lortuko du eta denboraren perspektibarekin momentu historiko hauetan bakoitzaren papera zein izan den epaitzeko ordua ere iritsiko da.
martxoa 16th, 2011
3:49 pm
Europa
Estrasburgo Espainiar erreinua kondenatu du berriz ere. Kasu honetan Espainiako gorteek Arnaldo Otegiri ezarritako zigor baten ondorioz.
Ezker Abertzalearen sorrera egunetik, estatu espainiar eta frantsesak bere ekintza politikoa kriminalizatu eta geldiarazten saiatu dira. Ez da ilegalizazioekin hasitako praktika bat. Lehenago ere mota guztietako trabak jarri izan dizkiote Ezker Abertzaleari. Etorkizunean ere berdin jarraituko dute.
Ezker Abertzaleak defendatzen dituen helburu politikoak, independentzia eta sozialismoa, talka egiten dute Estatuen interesekin. Gure mugimendu politikoa jendartearen babesik izango ez balu, marjinala balitz, eta planteatzen dituen helburuak gizartearen interes orokorretatik oso aldendua balego, estatuek ez lukete horrelako jarrera bortitzik izango.
Haien “terrorismoaren” kontrako politika, eremu politikoan erakusten duten ahuleziaren tamainakoa da. Biolentzia erabiltzera behartuak dira, konfrontazio demokratikoari beldur izugarria diotelako. Finean, gure herriak libre eta demokratikoki erabakiko duenaz beldur dira.
Egia da urteetan pairaturiko ilegalizazioek, kriminalizazioak, atxiloketak, torturak, espetxeratzeak, gerra zikina, min izugarria eragin digula. Politikoa eta humanoa.
Baina hori egia den proportzio berdinean, egia da ere politika horrek zeukan azken helburua ez duela lortu. Euskal Herriko askapen mugimendua desagerrarazi eta independentzia eta sozialismoarekiko herritarren babesa gutxitu.
Praktika hau beste lurralde batzuetan ere gertatu da. Sinn Fein, Erresuma Batuaren kriminalizazio etengabea pairatu du bake prozesuaren aurretik, garaian eta ondoren ere. Horrelako prozesu bat aurrera eraman ahal izateko konfiantza espazioak sortu behar dira aldeen artean, berdintasuna bermatuko dutenak, baina hori ez zaitu zure arerio politikoaren lagun bihurtzen.
otsaila 2nd, 2011
2:10 pm
Europa
Ezker Abertzaleak aldebakarreko erabaki garrantzitsuak hartu ditu azken hilabeteetan. ETAk ere berdintsu jardun du, gatazkaren konponbidearekin konpromiso irmoak erakutsiz.
Aldebakarreko pausuetatik, alde anitzeko prozesu batera saltoa eman beharra dagoela denon burutan dago.
Elkarrizketa eta negoziazioa ardatz izango duen alde guztien arteko prozesuak hori behar baitu. Alde guztien, edo gehienen, parte hartzea.
Orain arte estatu espainola eta hainbat alderdi ezberdinen jarrera erosoa izan da. Gainontzeko eragileek eman dituzten aurrera pausuak baloratu. Besterik ez.
Baina hori ere laster amaituko delakoan nago. Datozen hilabeteak erabakigarriak izango dira prozesuaren nondik norakoak zehaztu eta ikusteko.
Ezker Abertzaleak adierazi du datozen egun edo asteetan alderdi berri bat aurkeztuko duela. Alderdi honen legalizazioaren aurrean gainontzeko aldeak jarrera argia erakustera behartuak izango dira. Kontra edo alde, ez dago besterik. Ezker Abertzale legal bat gabe nola eraikiko dugu berdintasunean oinarrituriko prozesu bat?
Lokarrik jakinarazi duenez International Contact Group delakoa datozen asteetan aurkeztua izango da Euskal Herrian. Haien helburuen artean legalizazioa bultzatu eta alderdien arteko elkarrizketa eta negoziazio mahaia sortzea.
Honen eskaera zehatzen aurrean alderdien jarrera eta asmoak ere argituko dira. Ez, bai edo agian.
Hauteskunde garaiak dira Euskal Herrian, eta zenbaitek epe labur ikuspegitik haratago ikusteko zailtasuna daukatenez, guzti hau atzeratu nahiko dute. Euskal gizartea adi eta aktiboa egon beharko da, prozesua bultzatu eta amaierara eramateko.
Bide onean goazelakoan nago, etengabeko aurrera pausuak emanez, eta borondate politikoa ez daukaten aldeek urduri jartzen ari dira dagoeneko.
Badatozela Currin eta konpañia!!
abendua 8th, 2010
1:40 pm
Europa
Suedia, Ongizate estatuaren eredua izan da urteetan. Maldan behera doan ongizatea. Iraganean sozialdemokraziaren gotorlekua, azken bi hauteskunde orokorren ondoren gero eta eskumarago doan gizartea.
Olof Palme Suediako lehendakaria zelarik, Txiletar errefuxiatuak onartu, Afrikar askapen mugimenduak lagundu, Euskal Herriaren alde protestatu eta beste hainbat ekimen solidario burutu zituen Suediak.
Stieg Larsson suediar idazle famatua, aktibista antifaxista amorratua, suediar gizartearen gainbeheraz idatzi zuen.
Julian Assangeren abokatuak “Suedia lotsatua egon beharko luke” adierazi du, Wikileaksen sortzailearen kontra abiarazi duen nazioarteko atxiloketa agindua gogoratuz.
Egun ezer gutxi espero daiteke Suediako agintarietatik. Eta ez eskuina gobernuan dagoelako bakarrik. Sozialdemokratek ere haien erroak aspaldi ahaztu zituzten. Europan gero eta hedatuagoa dagoen fenomenoa da hau. Sozialdemokrazia-kontserbadore arteko diferentziak gero eta txikiagoak diren neurrian.
Egungo Suedian Olof Palme eta Stieg Larsson bezalako pertsonaiak Ave Raris bezala ikusiak dira. Erromantiko txoroak bezala. Eta noski, inork gutxi oroitzen ditu holako pertsonaiak esan eta egindakoak. Olof Palme aspaldi erail zuten. Stieg Larssonen kasua bitxiagoa da, duela gutxi hil baita. Baina esan beharra dago, Stieg Larssonek ospea hil ondoren lortu duela eta ez aurretik.
Julian Assangeren inguruan gauza izugarriak entzun ditugu azken asteetan. Erail, desagerrarazi, ehizatu, bere semea bahitu beharko luketela esan dute nazioarteko hainbat pertsonai ezagun, politikari eta abar. Zer eta, denok susmatzen genituen egiak jakinarazi dituelako.
Estatu Batuarren presioa eta demokrazia eza izugarria, eta Suedia eta gainontzeko estatuen morroitza penagarria. Ea Kurt Wallanderrek kasua argitzen laguntzen digun…
azaroa 25th, 2010
10:52 am
Europa
Bitxia izan badaiteke ere, Belgikak gobernua osatu gabe jarraitzen du. Inon gutxi irakurri daiteke gobernu osaketa prozesu honen inguruko informaziorik. 7 alderdien arteko akordioa lortzea, tartean estatuaren erreforma inguruko adostasuna behar denean, ezinezkoa dirudi.
Belgikak azken urteetan pairatzen duen hamaikagarren krisia da. Eta irteera edo konponbide zaila dauka.
Argi dago Flandestar eta Waloniarrek ez dutela elkarrekin jarraitu nahi. Hori da behin eta berriro arazoak sortzen duen benetako arrazoia. Belgikako zenbait mandatari, erregeak barne, benetako arazoa konpondu beharrean partxeak jartzen saiatzen dira. Belgika bizirauteko helburuarekin. Baina edozein momentutan egoera jasan ezina bilakatuko da.
Egungo estatu sistema ez dabil. Brusela da horren adibide argiena. Estatu federalak ezarritako administrazio sistema kaosa dakar, eta hori eguneroko bizitzan eragiten du. Adibidez, Ixelles deitzen den Bruselako auzoan, obra bat egin nahi badute, eta lan horien ezaugarriak zeintzuk diren azterturik, gerta daiteke Ixelles udaletxea, Bruselako administrazioa, Flandestar administrazioa, Waloniar administrazioa eta administrazio federalak lan horien inguruan iritzia, baimena eta dirua eman behar izatea. Ulertuko duzuenez horrelako sistema bat ez da eraginkorra.
Nire familian Belgikarekiko lotura handia dago, familia dugu bertan, eta urteetan gerturatu gara ni eta familiako gainontzeko kideek. Aurrerapen sozial, politiko eta teknologikoaren eredua izan da gurean. Nire aititea 1958ko nazioarteko esposizioan egon eta liluratua bueltatu zen. Egun, eta Bruselan zenbait urte eman eta gero, iruditzen zait 70 edo 80. hamarkadetan estankatu direla, eta Belgikar estatua mantentzeko burugogorkeria ondorio latzak izaten ari dituela belgikar biztanle eta gizartearengan.
Belgikar estatuaren apurketa, nahi legitimoa izatetik behar bat izatera pasatu da.
azaroa 9th, 2010
5:25 pm
Europa
Garai batez Amsterdamen bizi izan nintzen. Oroitzapen politak datozkit burura. Lagun eta toki asko ezagutu nituen. Horietariko toki asko “Squat”-ak eta lagun ugari okupa. 2001. urtea izan zen hori. Euskal Herritik etorria, Amsterdam okupen paradisua iruditu zitzaidan.
Geroago jakin nuen, 70 eta 80. hamarkadetan giza mugimenduek garaturiko borroken ondorioz, etxebizitza inguruan, eta bereziki okupazioaren inguruan nahiko lege aurrerakoiak lortu zituztela Holandan.
Holandako gobernu eskuindarra aldiz lege horiek moldatu eta berriak adostu ditu. Ondorioak ez dira okupen mesedetan izaten ari.
Urriaren 1ean hasi dira lege berria aplikatzen. Eta geroztik hainbat etxe hustu eta bere biztanleak bota dituzte. Kalera. 2010eko urriaren 1etik okupatzea delitu bilakatu baita. Lehenago eskubidea zena delitu orain. Egun batetik bestera. Gurean politikan jarduteko eskubidearekin gertatu denaren antza hartzen diot.
Amsterdameko kaleetan egunero ari dira protesta maniak antolatzen. Aste honetan, okupek, egun batzuetan arnasa hartzeko aukera emango dien garaipen judiziala lortu dute. Hagako gorteak (gorte holandarra, ez nahastu Hagako nazioarteko tribunalarekin) etxe okupetako biztanleak kanporatzea ilegala eta Giza Eskubideen konbentzioen kontra doala esan du. Ondorioz eta momentuz etxeen hustutzea gelditu da.
Giza Eskubideen gorteak hainbatetan adierazi duenez, pertsona baten etxebizitza ezin da hustu, aurretik erabaki edo prozesu judizialik izan ez bada. Holandako gobernuak onartu duen legea ez du prozedura judizialik zehazten, eta zentsu horretan Hagako gorteak etxe okupen hustutzea Giza Eskubide konbentzioaren kontra doala ondorioztatu du.
Legea zehaztu edo aldatuko dute, eta okupen kontrako kanpainak aurrera jarraituko du. Okupek borroka zail baten aurrean daude.
iraila 30th, 2010
9:18 am
Europa
Rubalcaba jaunak Askapenaren kontrako operazio poliziala bideratu du azken aste honetan. 7 lagun atxilotu ditu.
23 urte darama Askapena internazionalismoa jorratzen. 23 urte oparo izan dira.
Askapena ETA erakundearen nazioarteko lana burutzen duela egia balitz zergatik 23 urte itxaron horrelako operazio bat antolatzeko. Are gehiago Askapenaren lana publikoa eta ezaguna denean.
Argi daukat Askapenaren kontrako operazioa muntai polizial eta politikoa baino ez dela. Ondorioak baina oso gordinak.
Estatu Espainolaren jokaera koldarra da. Beldur dio konfrontazio politikoari, badaki agertoki berri bat zabaltzea lortzen badugu egungo estatus quoa ezingo duela mantendu. Euskaldunen erabakitzeko eskubidea errespetatu beharko duela.
Koldarra bai. Politikoki galdua duen gerra militarki irabazten saiatzen delako.
Deseroso, berriro ere euskal herriko eragile politiko eta sozialak iniziatiba politikoa hartu eta estatuaren jarrera ez demokratikoari muzin eginez, konponbide demokratiko baten bila abiatu delako.
Hego Afrika eta Irlanda gure eredu beharko lukete. Etorkizunean Flandes, Faroe, Eskozia, Groenlandia ta estaturik gabeko beste hainbat nazioetako borroketatik ikasi beharko dugu.
Espainiar estatuaren ereduak Turkia eta Sri Lanka direla askotan errepikatu dut.
Azken asteetan antzeman dugunez Nazioarteak gero eta esku-hartze eta influentzia gehiago izango du gure herriaren egoeraren transformazioan. Bide hori lagundu eta sustatzeko Askapena bezalako erakundeak egiten duten lana behar beharrezkoa zaigu. Internazionalismoa landu. Euskal Herriarekiko elkartasuna bideratu eta antolatu, eta beste herri batzuetan garatzen diren borroken aldeko lana sustatu euskaldunen artean.
Aupa askapena eta zorionak egindako lanagatik!
iraila 1st, 2010
8:29 pm
Europa
Aurreko artikuluan Francesco Cossigak Arnaldo Otegiren inguruan egin eta esandakoak goraipatu nituen. Bi aste beranduago Sao Paoloko Foroan parte hartu duten alderdietako askok Otegiren askatasuna eskatu dute.
Sinatzaileen artean, Kubako Alderdi Komunista, Salvadorreko FMLN, Mexikar PRD, Nikaraguako FSLN, eta Brasildar Langileen Alderdia (Lula da Silva). Hego eta Ertain Amerikako ezker alderdi garrantzitsuenetarikoak.
Brian Currin ere Arnaldo Otegi gartzelan egotearen kontra azaldu da behin baino gehiagotan.
Espainiar gobernua ez da pozik egongo. Gero eta gehiago dira bere barne politika kritikatzen duten nazioarteko eragileak.
Giza eskubideen urraketaren ikuspegitik asko dira Espainiar estatua kritikatu duten nazioarteko instituzio eta erakundeak, hala nola Nazio Batuetako hainbat komite edo Amnistia internacional bezalako gobernuz kanpoko erakundeak ere.
Euskal Herrian ematen ari den eskubide zibil eta politikoen urraketaz ere asko dira atzerrian estatu espainolaren jarrera ez demokratikoak kritikatzen ari dituztenak.
Euskal Herrian ere Irailaren 11rako Adierazi EHk Bilbon deituriko manifestaldira eragile politiko eta sozial ugari gehitzen ari dira. Hori da jarraitu beharreko bidea, Nazioartean Espainiar estatuaren jarrera behin eta berriro salatu, eta Euskal Herrian gizarte uholdea martxan jarri, espainiar gobernuaren kontrako presioa jasangaitza bilkatu arte.
Gu gara egoera ez demokratiko honi buelta eman beharko diogunak, espainiarren “borondate ona” ez baita sekula azalduko. Haien bide orria argia da, Euskal Herria herri bezala desagertarazi, eta bide orri horrek gure helburuekin talka egingo du beti. Gaurko eskenatokian eta etorkizunean sortu daitezkeen eskenatoki berrietan. Euskal Herritarron determinazio eta indarra baita gurehelburuen lorpenerako izan dezakegun garantia bakarra.
abuztua 18th, 2010
4:13 pm
Europa
Euskal herriak lagun asko ditu munduan zehar. Mota guztietako pertsonak gure herria lagundu eta defendatu dute urteetan. Jatorri geografiko eta ideologiko askotarikoak. Ezkerreko militanteak, baina baita ere liberalak, kontserbadoreak, kristau demokratak eta politikaz paso egiten duten hainbat ere bai.
Zaila da gure herriarekiko duten lotura zehaztea. Ezinezkoa da patroi bat irudikatzea. Kasu batzutan edo gehienetan politika da, ezker abertzalearen proiektu politikoarekiko lotura. Beste batzuetan errepresio gordinak sorturiko elkartasuna. Edo gure kultura eta hizkuntzarekiko maitasuna. Baina badira ere bestelako arrazoiak ere bai. Hala nola egindako turismo bisitaren bat, edo jai batzuetan ezaguturiko lagun taldea, edo ta beste mila arrazoi.
Bitxia egiten zait, aktibista politikoetaz ari naiz, haien herrietan elkar ikusi ezin duten pertsonak eta taldeak gure herria laguntzeko bat egiten ikusi izana. Haien arteko liskarrak alde batera utzirik itzaldi bat edo espainiar enbaxada aurrean manifestaldi bat antolatzen. Eta horrelakoak maiz gertatu dira ere.
Aste honetan Francesco Cossiga hil egin da. Italiako presidente ohia, eta Europar kristau demokraten erreferente politiko nagusietariko bat. Ezagutu gabe, ziur nago, ezer gutxi izango genuela amankomunean. Ideologikoki arerioak ginateke espazio politiko berean lan egin beharko bagenu. Baina bere heriotzaren berri egunkarietan irakurri dudanean malko bat isuri dute ene begiek. Euskal Herriaren lagun bat hil da. Euskal Herriaren alde horrenbeste lan egin duen gizona eta politikaria zendu da.
Lizarra Garazi garaietan eta azken prozesuan egin zituenak etorri zaizkit burura. Aznarri buruz esan zituenak. Eta baita Arnaldo Otegiri buruz edo Batasunari buruz esandakoak ere.
Euskal Herriko txoko hontatik doluak aurkeztu nahi nizkioke bere familia eta lagunei.