azaroa 3rd, 2011
11:42 am
Europa
Irlandako hauteskunde presidentzialak burutu dira eta azkenean inkestak aurre ikusitako emaitzak lortu ditu Martin McGuinnessek. Ez da sorpresarik izan. Hirugarren hautagai bozkatuena suertatu da, bozen %13arekin. Kanpainaren hasieran bazirudien emaitza hobeak lortzeko aukera izango zuela, baina nire ustez emaitza hauek oso onak dira Sinn Feinentzat. Errepublikanoek Irlaren hegoaldean daukaten babesa indartzen ari dira, pixkanaka eta kostata. Iparraldean abertzale komunitatean haien hegemonia indartzen duten bitartean hegoaldean gero eta emaitza hobeagoak lortzen doaz. Lurraldetasunaren ikuspegitik ere, azken garaian alderdi errepublikanoak harturiko erabakiak subjektu nazional bakarraren ideia indartu du.
Gerry Adams lehenengo eta Martin McGuinnessek ondoren Hegoaldean buruturiko hauteskundeetan aurkeztu izana askoren buruan zegoen eta dagoen muga apurtu egin du. Hori bai benetako mugaz gaineko kolaborazioa.
Martin McGuinnessek ez du lehendakaritza eskuratzea lortu baina Irlanda batasunetik gertuago dagoela iruditzen zait.
Gainontzeko hautagai eta alderdiek McGuinnessen kontra buruturiko kanpaina inork gutxi espero zezakeen beste ondorio bat izan du ere, iparraldeko hainbat unionista bere alde azaltzea. McGuinness Stormonteko lehendakari ordea izateko gaitasuna baldin badauka, eta munduko zirrikitu guztietatik, Irlanda Hegoaldetik ere, Ian Paisley eta Martin McGuinness osatzen duten bikotea txalotu izan bada, nola da posible pertsona bera Hegoaldeko lehendakari izateko ez gai bezala ikustea zenbaitek? Iparraldea gutxitzen duen ariketa bezala ikusi dira kritika guzti hauek.
Azkenik, Irlanda, irlandarrek eta bereziki Sinn Feineko militante eta buruek Euskal Herriaren alde egin duten guztia eskertu nahiko nuke. Euskal Herriak bizi duen une itxaropentsua haiei esker ere lortu da.
urria 5th, 2011
5:50 pm
Europa
Urriaren 27an hauteskunde presidentzialak ospatuko dira Irlandan. Hautagai izan ahal izateko zenbait arau bete behar dira, hala nola, irlandarra izan, 35 urte baino nagusiagoa eta 20 diputatu edo 4 hiri edo eskualde kontseiluen babesa izan behar dira. Martin McGuinness, Sinn Feineko militante historikoa eta Ipar Irlandako Lehen ministro ordea, eskakizun guztiak bete eta Irlandako lehendakari izateko aurkeztu du Sinn Feinek. Irlaren batasunerako beste aurrera pausu bat, dudarik gabe.
Bere burua aurkeztu eta bere kontrako kriminalizazioa berehala hasi zuten gainontzeko hautagai eta alderdiek. IRAko buru izan omen zela, bera lehendakari hautatu ezkero kanpo inbertsioak jaitsi egingo zirela eta antzekoak leporatzen. Ez ditut Martin McGuinness-en inguruko detaile asko ezagutzen. Baina Irlandako gatazkan eta gatazka horren konponbidean izan zuen eta duen jarrera ez zaizkit oso kritikagarriak iruditzen. Prozesu horretan bere alderdikide eta lagunez aparte bere arerio edo beste alderdietako ordezkari esandakoak irakurri eta gero iruditzen zait horrelako kritikak min baino onura egingo diotela McGuinnessi eta Sinn Feini.
Sinn Fein ez dago oraindik Irlandako hauteskundeak irabazteko moduan, baina lehendakaritzako hauteskundeekin auskalo zer gertatzen den. Horrelako hauteskunde sisteman alderdia baino pertsona aukeratzen dute hautesle askok eta dudarik ez dago McGuinness tiroi izugarria duela Irlandan, onera eta txarrerako. Irailaren 25ean The Sunday Business Post egunkariak argitaratuko inkesta baten arabera, lehendakaritzarako lasterketan McGuinness hirugarren doa %16ko babesarekin. Bigarren Michael D. Higgins laboristen hautagai %18arekin eta lehen David Norris senataria, bozen %21arekin.
Diferentzia beraz ez da oso handia eta aukera guztiak posible jarraitzen dute. Gurean ere helduko da Arnaldo Otegi lehendakaritzako hauteskundeetara aurkeztuko den eguna. Aurkeztu eta irabazi!
iraila 21st, 2011
4:21 pm
Europa
Azkenean Belgikan gobernua osatzeko akordioa lortu dute 8 alderdi flandestar eta walloniarren artean.
Hauteskundeetatik urte bete baino gehiago pasa eta gero eta gainera hauteskundeetan bozka gehien lortu zituen N-VA alderdia gabe. Gobernutik kanpo oposizioan geratuko da alderdi abertzalea.
Ez diot etorkizun luze eta oparoa ikusten orain osatuko den gobernuari. Momentuko arazoak kudeatzeko sortua, alderdikeriak bultzaturik, arazo estrukturalak eta gobernua osatzeko krisiaren arrazoiei erantzuten ez diona. Baliteke garai batez irautea, flandestar eta walloniarren arteko harremanak hobera egitea ere, baina erroan dauden arazo horiek konpondu ezean krisiak errepikatuko dira.
N-VA oso jarrera koherentea mantendu du krisian zehar. Hasieratik argi adierazi du bere helburua ez zela gobernua osatzea ez eta lehendakaritza eskuratzea, baizik eta Belgikak behar duen erreforma estrukturalerako akordio bat erdiestea.
Esan bezala, urte bete baino gehiago pasa da hauteskundeak ospatu zirenetik. Baliteke egun flandestarren kezkak beste batzuk izatea. Baina hauteskundeak ospatu ziren egunean haien helburu nagusia Belgikar estatuaren erreforma sakona burutzea, federalismoan aurrera pausu gehiago eman eta Flandestar zein Walloniar komunitateen eskuduntzak handitzea zen. Gobernu berri honek ez du horrelako erreformarik burutuko eta hiru urte barru hauteskundeak izango dira berriro ere Belgikan. Eta ziur naiz, hiru urte barruko hauteskunde kanpainan estatuaren erreformaren beharra gai garrantzitsua izango dela berriz ere. Federalismotik konfederalismora dagoen bidea ez da oso luzea. Eta konfederalismotik independentziara oraindik ere laburragoa. Belgikako independentista moderatuak azkenean ez ote du bide laburragoa aurkituko federalismotik independentziara zuzenean?
abuztua 25th, 2011
8:17 am
Europa
Kurtso politiko berria hastera doa Euskal Herrian, eta susmo guztien arabera bero hasi egingo da. Espainiar hauteskundeak ospatuko dira Azaroaren 20ean. Espero dezagun ordurako Auzitegi Konstituzionalak Sortu alderdiaren inguruko epaia adieraztea. Legalizazioaren aldekoa beharko luke, baina espainiar agintariekin batek jakin. Arnaldo Otegi eta “bateragune” epaiketaren gainontzeko auziperatuen kontrako epaia ere hauteskundeak baino lehenago jakin beharko genuke. Bitartean Arnaldo Otegi, Arkaitz Rodriguez, Sonia Jacinto eta Miren Zabaleta kartzelan jarraitzen dute. Era berean hastera doan kurtso politiko honetan duela urte batzuk “Loiolan eta Europako zenbait hiritan” jolasturiko partidaren bigarren zatiari hasiera ere eman beharko zaio.
Belgikan 8 alderdi politikok gobernua osatzeko akordioa lortzen saiatuko dira. Horrela adierazi zuten udako oporrak hasi aurretik. N-VA Alderdi abertzale eta Alderdi bozkatuena gabe. Urte bete baino gehiago darama Belgikak gobernu gabe, eta konponbide sakonak ez ezik, horrelako saiakerak ez dute jatorrizko gatazka konpontzen lortuko. Kurtso beroa izango da aurtengoa. Gobernua sortu dezakete baina ondorengo kudeaketan mila krisi eta bat egongo dira, dudarik ez daukat.
Faroe Uharteetan ere aurreko kurtsoa ez zen oso modu onean amaitu. Irletarako konstituzio berrirako proposamenak onartu ez eta krisi sakona eragin zuen Errepublikar Alderdi abertzalearen barnean. Kurtso berriaren hasierarekin jakingo dugu zer gertatzen den konstituzioarekin eta baita ere zatiketarik ematen den egun Faroetan alderdi bozkatuena den Errepublikar Alderdian.
Gauza asko, onak eta txarrak gertatuko dira hastera doan kurtso politiko berri honetan. Munduan, gizarte justuago baten aldeko aurrera eta atzera pausuak emango dira, dudarik ez. Baina buruak eta bihotzak, aurtengoa, Euskal Herriaren urtea izango dela esaten didate. Gu guztion eskutan dago.
abuztua 10th, 2011
10:55 pm
Europa
The Clash taldearen London´s burning abesti ezagunak dioen moduan London erretzen ari da. Tottenham, Hackney, Croydon eta beste hainbat auzo sutan.
Beste asko bezala ni ere oporretan nago, munduan gertatzen denaz apur bat deskonektatua, internet amatatua eta mugikorra ohe ondoko tiraderan gordea. Hala ere han eta hemen ikusi ditudan irudi, egunkari argazki eta abarrei esker Londonen eta ondoren Ingalaterrako hainbat hiritan egondako istiluen berri eduki dut.
Gaur, ordenagailua piztu eta gertatutakoaz informazio gehiago jasotzeko asmoarekin britainiar hainbat komunikabide ezagunen Webak bisitatu ditut. BBC eta The Guardianek gertaturikoaren inguruko informazio zehatza eskaintzen dute. Informazio hutsarekin batera alde guztietako testigantzak jaso eta analisi eta iritzi ezberdin asko eskaintzen dituzte. The Sun egunkari sentsazionalistaren lehen orriak harritu egin nau: Shop a moron, can you name any rioter…? (erosi ergel bat, bazter-nahasleei izena jarri ahal diezu?). izenburu bitxi hori klikatu eta hara non agertzen diren egun hauetako istiluetan parte harturiko hainbat pertsonen argazkiak, eta irakurleari haien izenak eman ditzan eskatzen zaie. Londoneko metroan dohain banatu eta horren ezaguna den Metro egunkariak Birminghamen hildako hiru gazteak auzoa zaintzen ari zirela azpimarratzen du. The Evening Standard-ek Londoneko alkatearen deklarazio populistak azpimarratzen ditu bere lehen orrian: ez dugu poliziaren aurrekontua moztu behar dio Boris Johnsonek.
Mota eta kolore guztietako iritziak eta aurreiritziak. Denetarik entzungo dugu datozen egunotan. Egia zer den edo ez den jakitea oso zaila da horrenbesteko informazio edo desinformazio aurrean. Hala ere, horrelako istilu eta arazoak ez dira inoiz Chelsea edo antzeko auzo aberatsetan ematen.
uztaila 27th, 2011
11:10 am
Europa
Henrik Ibsen antzerkigile eta poeta norvegiarrak “herriaren etsaia” obra idatzi zuen, eta izenburu horrek bikain definitzen du Osloko sarraskia gauzatu duen eskuin muturreko gizona. Hori zen bere azken helburua, norvegiar gizarte eredua suntsitzea. Hala ere Ibsenen obratik ez ezik Henning Mankell edo Stieg Larsson idazle suediarren nobeletatik ateratakoa dirudi.
Stieg Larssonek bere kazetari eta literatura obraren bidez eskuin muturraren arriskuaz hitz egin digu behin eta berriro, baina inork gutxi pentsa zezakeen horrelako edozer gerta zitekeenik Oslon.
Nordahl Grieg idazle eta kazetari norvegiarrak idatziriko “Til ungdommen” (gazteentzat euskaraz) poema bilakatu da dolumin egun hauetako abesti nagusia Osloko kaleetan. Antifaxista eta komunista, bigarren mundu gerran korrespontsal lanetan zebilela alemaniar naziak erail zuten. Gazteen aldeko poema, gerraren kontrakoa eta bakearen apologia egiten duena.
Norvegia bere mugetatik kanpoko gatazka askotan, konponbide baten alde eginiko fazilitazio, bitartekaritza eta diplomaziagatik ezaguna eta errespetatua da munduan. Orain barne arazo potolo baten aurrean irizpide berdintsuak erabiltzen ari da. Kanpoan ikasirikoa etxean erabiltzen. Eta horrek badauka meritua. Antzeko sarraskiak, atentatuak beste herrialde askotan eman dira. Eta toki guzti horietan arduradun politikoen erantzuna eskubide zibil eta demokratikoen murrizketan oinarritu da, kanpo eta barne “etsaiak” borrokatzen eta gerrak abiarazten. Norvegiak hasitako bidearekin jarraitzen badu, eta jarraituko duela uste dut, horrelako egoerak kudeatzeko beste modu bat dagoela erakutsiko dio munduari. Modu eraginkorragoa gainera. Gizarte seguruago baina baita ere demokratikoagoa sortzerako bidean.
uztaila 12th, 2011
11:40 am
Europa
Brian Currinek Euskal Herriko Unibertsitateko uda ikastaroetan parte hartu du. Twitterretik jarraitu dut esan dituenak. Esaldi borobilak bota ditu: “Konponbide elkarrizketatu baten aldeko apustua egin behar da, eta ez neurri polizialetan bakarrik oinarrituriko batean”, “negoziazioetan, deabrua detaileetan dago”, “bake prozesu batek jendea aldarazten du, hobera, horregatik da horren garrantzitsua jendartearen parte hartzea” eta beste asko.
Argi dago Brian Currin ez dela Ezker Abertzalearen agente infiltratu bat, ez duela ezker abertzalearen agenda politikoa defendatzen. Berea eta International Contact Group taldeko kideen papera gure herriak bizi duen gatazka politikoa behin betiko konponduko duen bake prozesu bat abian jartzen laguntzea da. Eta aldeek horrela eskatzen baldin badute, elkarrizketa eta negoziazio prozesu horretan bitartekari lanak burutzea ere.
Unionista gehienek ICG abertzaleen aldeko talde bezala aurkezten dute. Talde horren lana eta etorkizunean joka zezakeen papera gutxitzeko estrategia da. Gurean horren ezaguna egin den George Mitchell senatari estatu batuarra ere errepublikanoen alde egoteaz akusatu zuten behin baino gehiagotan unionistek Irlandan.
Zergatik eta zertarako? Irabazi = irabazi eskema prozesuan sinisten ez dutenek ez dute nazioarteko begiraleen beharrik.. Esan eta adosturiko guztien lekukoak soberan daude eta arriskutsuak dira. Loiolako elkarrizketetan hiru alderdik parte hartu zuten, baina bertan gertatutakoaz hamarna bertsio ezberdin daude. Elkarrizketa horiek nazioarteko bitartekaritza aditu bat izan balute bertsio bakarra legoke. Agian ez publikoa, eta ziurrenik inoren gustukoa %100ra, baina bertsio ofizial bakarra eta argigarria. Horrelako prozesuetan, elkarrizketa eta negoziazioak bezain garrantzi handia hartzen dute prozesua garatzeko adosten diren arauak eta agenda.
ekaina 29th, 2011
2:42 pm
Europa
Belgikak marka guztiak hautsi ditu. Ekainaren 13an urte bat bete du gobernurik gabe eta dagoeneko Gobernurik gabe denbora gehien eman duen munduko estatua da. Ez da nola nahiko errekorra. Egoera bere horretan jarraitu ezkero auskalo zer gertatuko den. Bitxia bada ere, alderdi eta aditu gehienek hauteskundeak deitzearen kontra azaltzen dira. Badirudi hauteskundeak egitekotan antzeko emaitzak lortuko liratekeela, eta akaso N-VA (flandestar abertzaleak) eta Sozialista Walloniarrak bozka gehiago lortuko dituzte.
Belgikarrak, halakorik existitzen bada, egoerarekin nazkatuak daude, baina era berean flandestar zein walloniarrak, haien alderdi nagusiek negoziazioetan izandako jarrerak defendatzen dituzte eta etorkizunean alderdi berei babesa emateko prest daude. Datu hau garrantzia berezia dauka, alderdiek ez dutelako haien posizioa aldatzeko presio nabarmenik nabaritzen, eta bai aldiz kontrakorako. Duela gutxi Bruselan izan naiz eta ez dut aparteko girorik sumatu. Hauteskundeen ondorengo hilabeteetan krisi politikoa eta akordioak lortzeko ezintasuna denen ahotan zegoen bezala, egun ez dut halakorik ikusi.
Flandestarrak eta Walloniarrak ez dute elkar gorrotatzen, ez dago bata eta bestearen arteko lehia edo desafio gogo berezirik ere. Bata bestearekiko interes falta izugarria da, bi lurraldeen artean 10.000 kilometroko distantzia balego. Antwerpen (Anberes) eta Lieja artean 100 kilometroko distantzia dago, baina bien artean ozeano bat dagoela dirudi. Elkar interes eza horrek, eta bi gizarteen arteko ezberdintasunak izango dira Belgika behin betiko desagerraraziko dituenak. Sentsazioa daukat hortaz aspaldi jabetu direla bai Belgikako zein nazioarteko mandatariek. Hala ere etorkizunean zer gertatu eta Belgikaren desagerpena nola gauzatuko den aurre ikusten oso zaila egiten zait. Ez ninduke harrituko bapateko erabakia izatea, hots, parlamentu flandestarrak independentzia aldarrikatzea, edo adosturiko prozesu luzea izatea ere.
ekaina 1st, 2011
4:09 pm
Europa
Ekainaren 18an hitzordua dugu Biarritzen. Eskubide zibil eta politikoen egoera eta Euskal Herriko gatazka politikoaren konponbidea aztertuko dituen konferentzia antolatu dute.
Euskal Herriko eta estatu Frantseseko pertsonalitate ezagun ugari eta garrantzitsuak azaltzen dira manifestua izenpetu dutenen artean. Baten batzuk aipatzearren, hor daude esaterako Stephane Hessel (aktualitate osoa duen indignez vous! liburuaren idazlea), Olivier Besancenot (NPAko militantea), Bove, Alfonsi eta Gréze europar diputatuak, Jacques Gaillot apezpikua, eta abar luze bat.
Nazioarteko zenbait aditu ere haien esperientzia eta jakituria azaltzeko aukera izango dute. Therese Ruane Sinn Feineko ordezkariak nazioartea eta Europar Batasunak gure gatazkaren konponbidean joka dezakeen paperaz arituko da, Irlandan bete zuten rola azalduz. Veronique Dudouet, Berghof Fundazioko kideak aldiz lege antiterroristak eta gatazken konponbidea izango ditu hizpide.
Euskal Herriak bizi duen momentu politikoan aktualitate osoa duten gaiak edo gaia. Argi baitago gurea bezalako gatazka politikoetan gatazka kudeatzeko eta konponbidea bilatzeko orduan estatuek bi eskema edo filosofia nagusien aurrean aurkitzen direla. Segurtasun neurrietan oinarritzen dena, lege anti terrorista zorrotzak, eskubide zibil eta politikoen urraketa, legez kanpoko erasoak, finean, arerioaren desagerpenaren bidez garaipena bilatzen dutenak. Sri Lankak Tamilekin erabili zuen eskema. Bigarrena elkarrizketa, negoziazioa eta akordioan oinarrituriko prozesu demokratikoak dira, Irlandan edo Hego Afrikan eman ziren modukoak.
Konponbide demokratikoa bilatzen dutenek ere segurtasun neurrietan oinarrituriko politikak kale egin duelako izaten ohi da, eta bake prozesuak garatzerako orduan segurtasun neurri horiek ezarritako hainbat egoera zuzendu behar dituzte, prozesuek behar bezala aurrera egin dezaten. Hori da estatu espainiar eta frantsesaren bidegurutzea. Eta guzti horren inguruan Biarritzen eztabaida interesgarria emango da.
maiatza 18th, 2011
2:47 pm
Europa
Faroe Uharteetan Konstituzio berria lantzen ari dira. Maiatzaren 9an bozkatu beharra zegoen parlamentuan baina parlamentuak komisiora itzultzea erabaki zuen, aldaketa txiki batzuk egin diezaioten onartua izan aurretik.
Datozen asteetan onartuko du Parlamentuak eta ondoren urte beteren buruan erreferenduma burutu beharko da Faroeko herriak oneritzia eman diezaion.
Aro berria hasten da Faroe Uharteetan. Autonomia izaten jarraituko du, momentuz, baina autonomia eredua beste parametro batzuetan kokatzen du. Konstituzioaren testuak dioenez, Faroe Uharteen burujabetza osoa Faroe uharteko herritarrei dagokie eta ez beste inori. Faroe Uhartearen erabakia da bereak diren zenbait eskuduntza Danimarkako estatuari eskaintzea, beti ere, Faroetarrek horrela nahi duten bitartean.
Burujabetza eta ondorioz, logikoa denez, autodeterminazio eskubidea ere.
Ez da Danimarkako estatuak eskuduntzak Faroetarrei ematen dizkionak baizik eta alderantziz. Hor dago konstituzio honek eskaintzen duen berritasun nagusia. Badago beste alde positibo bat, kontuan hartzekoa. Momentuz konstituzioa osatzeko eman diren pausu guztiak adostasunez burutu dira. Unionistak eta independentistak prozesu horren partaide izan dira. Bi sektoreentzat konstituzioak arriskuak eta aukerak sortzen ditu. Ondoren gehiengoak erabakiko du.
Nor, nori, nork. Hori da gatazka politiko gehienen gakoa. Gurean aurrera doan prozesuak ere, formulazio ezberdin guzti hauek kontuan izan beharko ditu, bere eredu propioa sortzerako orduan. Lurraldetasuna eta autodeterminazio eskubidea gakoei erantzungo dion eredu adostua lortu beharko dugu. Ate guztiak, aukera guztiak irekiak utziko dituen agertokia. Euskal herritarren gehiengoak erabakiko du norantz joan. Eta hor ere abertzaleok lan izugarria dugu egiteko.