otsaila 9th, 2012
10:05 am
Europa
Erreferendum bat burutzeko Eskoziak hartu duen erabakia debate interesgarriak piztu ditu Ingalaterran eta munduko beste hainbat tokitan.
Zenbait politikari, kazetari, iritzi sortzaile “Britanikori” aspaldi irakurri eta entzuna diet Ingalaterrak Parlamentu eta gobernu propioak behar dituela. Ipar Irlanda, Eskozia eta Galesekin konparatu ezkero desabantaila nabarian aurkitzen omen da Ingalaterra, hiru hauek euren berezko gobernu eta parlamentua izateaz aparte Erresuma Batuko Westminsterren ere parte hartzeko eskubidea dutelako. Ingalaterra aldiz ez dauka berezko instituziorik, nahiz eta hiru hauek bezala nazio, herri ezberdin bat izan arren.
Teoria eta eskakizun honek badauka bere logika, baina unionisten ikuspegitik horrelako erabaki batek Erresuma Batuaren desagertzea azkartuko luke. Norberak bere instituzioak baldin baditu, eta kudeaketan ondo badoakie (eta ongi doakie), gero eta eskuduntza gehiago bereganatzen saiatuko da, eta azkenean “Batasunaren” logika eta beharra desagertuko litzateke.
Euskaldunek Eskozia inbidiarekin begiratzen dugu. Beste estaturik gabeko herri askok ere. Zer egin dute haiek gu baino erabakitzeko eskubidea onartua izateko. Gure kasuan are gehiago, biak Europan egonda. Baina konparazioak egiten hasita iruditzen zait klabea edo ezberdintasun nagusia ez dagoela eskoziar eta euskaldun abertzaleen estrategia eta taktika ezberdinetan baizik eta Erresuma Batua eta Espainia eta Frantzia arteko demokrazien konparaketan. Hor dago ezberdintasun nagusia.
Egunkari Britaniko batean irakurrita: David Cameron historiara pasa daiteke Eskozia Ingalaterratik banatzera bultzatu eta Ingalaterra Europatik banatu duen gizona bezala. Hala bedi, eta bidean Irlandaren batasun akta sinatu dezan ere.
urtarrila 26th, 2012
11:48 am
Europa
Inoiz ezagutu dugun Europar Batasun eskuindarrenean bizi gara. Sozialdemokrazia oposizioan eta krisi sakonean dago eta Ezkerra, ezker alternatiboa eta erradikala, oso egoera ahulean aurkitzen da. Egoera politikoa, ekonomikoa goitik behera aldatzea helburu duen ezkerrak ez du jendartearen babesa eskuratzea lortzen.
Eszepzio eta kasu berezi askorekin esango nuke Europan bi ezker alderdi mota nagusitzen ari dela. Alderdi komunista klasikoa ordezkatzen duena eta jatorri eta ezker familia ezberdinen batasunaren ondorioz Europako hainbat herrietan azken urte-hamarkadetan sortu direnak oinarri edo eredu daukatenak. Azken hauek bizi izandako sorrera prozesuak Herri Batasunaren sorrera dakarkit burura (beste noizbait adierazi dudan moduan). Alemaniako Die Linke, daniar Enhedslisten, Holandar SP, Suediar Vansterpartiet, Finlandiar Vasemmistoliitto, norvegiar SV eta abar aipatu daitezke adibide gisa. Berriago diren herrietan emaitza onak eta babes handiagoa eskuratzen ari dira, hala nola Alemania (barne talka ugarirekin), Danimarka (gobernuan) eta Holandan. Suedia edo Norvegian aldiz beherantz doazen alderdiak dira eta bietan norabidea zuzentzeko kongresu eta lider aldaketa burutu dituzte edo burutzear dira.
Bi familia hauek GUE/NGL taldea osatzen dute Europako Parlamentuan, zenbaitek Europako Ezker alderdia ere sortu zuten baina nire iritziz haien arteko diferentziak gero eta nabarmenagoak dira. Ez ninduke harrituko datozen urteetan bi familien arteko haustura gauzatuko balitz. Dagoeneko zenbait taldek GUE utzi eta Berdeetara hurbildu dira. Ondorioa, dudarik gabe ezker ahul eta dispertsoago bat izango da.
Ezkerrak Europan (eta beste hainbat tokitan) hausnarketa sakona egin beharra dauka. Bere helburua boterea eskuratu eta egoera iraultzea baldin bada argi dago bide onetik ez doala. Emaitzak eta errealitate gordina hor daude.
urtarrila 12th, 2012
10:50 am
Europa
Eskozian erreferenduma inguruko debatea gori-gorian dago. Erresuma Batuko lehen ministroak, David Cameronek, duela gutxi adierazi zuen Eskoziar erreferenduma inguruan dagoen zalantza orokorra bi arazo nagusi dakartzala. Bat, gertatuko denaren inguruko ezjakintasunak Eskozia eta eskoziar ekonomiarentzat bereziki negatiboa dela. Bi, eskoziar jendartearekiko errespetu gutxikoa deritzo erreferenduma noiz eta nork antolatuko duen eta zer galdetuko den ez jakiteak. Hori dela eta bere proposamena erreferenduma datozen 18 hilabeteetan antolatzea da, eta galdera argia eta erabakigarria izatea. Independentzia bai ala ez. Eta autonomia gehiago izateko inguruko hirugarren aukera ez sartzea. Honek erreferenduma inguruko debatea berpiztu du. Alex Salmond eskoziar lehen ministroaren iritziz erreferenduma inguruko detaile guzti hauek eskoziar gobernuaren eskuduntza dira eta Londonek ez du zer esanik. Badirudi SNP alderdiaren helburua erreferendum hori 2014ko udazkenean antolatzea dela, Bannockburn batailaren 700. urtemugan.
Eskozia eta Ingalaterra arteko “AKORDIOA” (Erresuma Batua) 300 urte darama eta batzuen arabera ona eta besteen arabera txarra da egiten den balantzea. Mota guztietako argudioak erabiltzen dituzte batzuek eta besteek, konfrontazio handia dago, baina konfrontazio politiko eta demokratikoa. Hala ere nire ustez errespetuan oinarrituriko prozesua da nahiz eta Westminsterrek batzuetan metropoli jarrera izan. Errespetuan diot, ez konfrontazio armatua ez dagoelako (ere) , baizik eta oinarrizko zenbait arau onartuak direlako: Eskozia eta Ingalaterra arteko Batasuna bi herrien arteko akordioa da (akordioaren inguruko irakurketa historiko ezberdinak egon arren), Eskoziarren nazio izaera alde guztiek onartzen dute. Akordioa bi aldeetatik edonor apur dezake, hau da, erabakitzeko eskubidea onartua dago. Hori da errespetu harreman bat bermatzen duena. Horregatik Euskal Herrian ere, konfrontazio demokratikoan, errespetuan oinarrituriko harreman bat eraikitzeko biolentziaren desagerpena ez da nahikoa.
abendua 28th, 2011
8:05 pm
Europa
Amaitzera doan urtean mundu mailan gertatu den ekimen, gertaera garrantzitsuena, esanguratsuenari buruz idatzi nahi nuen gaurko “post”a. Horretarako hainbat iturri ezberdin begiratzen pasa dut denbora, hemerotekak aztertzen, hilabetez hilabete gertatu diren gerra, lurrikara, inbasio, independentzia, hauteskunde, krisi eta abarren inguruan irakurtzen. Horrelako aukeraketa prozesuak ez dira errazak izaten. Zerbait aukeratzea beste edozer baztertzea dakar, eta karaktere kopuru mugatua daukaten zutabe hauetan ezin guztiak aipatu, gertatu diren denak ezagutzen ez ditudala aldez aurretik jakinda gainera.
Ez da ariketa batere objektiboa, hori hasiera-hasieratik argi neukan, aukeraketa eta balorazio oro aurreiritzi eta iritzi jakin batzuen arabera egiten baita. 2011.ean datozen hamarkadetako historia liburuetan agertuko diren asko gertatu dira, onerako zenbait kasuetan baina bereziki txarrerako.
Hala ere, aitortu beharra daukat, mahaiaren gainean datu guztiak jartzerakoan erraza egin zaidala gertaera hori aukeratzea: Euskal Herriko gatazkaren konponbide prozesua, dudarik gabe. Kanpora begiratu eta gertatu direnak gertaturik ere, etxe barruan aurkitu dut erantzuna. Iruditzen zait gure etorkizunean ondorio gehien izango duen gertaera gatazkaren konponbidean eman diren urratsak izan dela.
Urtea ETAren su-etenarekin hasi eta Aieteko nazioarteko konferentzia eta ETAren borroka armatuari amaiera emateko erabaki historikoarekin amaitu da. Tartean, aurretik eta ondoren gauza asko gertatu dira, gehienak edo ia guztiak ezker abertzalearen erabaki eta pausu alde bakarrekoak izan dira. Egia da gatazka politikoa eta gatazkaren “ondorio” gehienak bere horretan dirautela, eta prozesua alde askotarikoa izatera mugitu ezinik nekez lortuko duela benetako konponbidea. Egia da ez dela ezer lortu. Baina egia da ere konponbiderako oinarri sendoak ezarri direla eta ezker abertzalea indartua atera dela. 2012a konponbide integralaren urtea izan dadila. Gu guztion eskuetan dago.
abendua 14th, 2011
10:29 pm
Europa
TIME aldizkari famatuak urtero egiten duen moduan aurten ere urteko pertsonai nagusia aukeratu du eta bere lehen orrian jarri. 1927a geroztik Gandhi, Stalin, Churcill, De Gaulle, Luther King, Nixon, Kissinger, Clinton, Bush, Obama eta beste asko izan dira aukeratuak.
Aurten, izen bat, pertsona ezagun bat aukeratu beharrean “protesta” egiten duen aktibista baten irudia ageri du bere lehenean. Ingelesez “protester”, euskaraz ez dut egokia iruditzen zaidan hitzik aurkitzen (Xabier Amurizaren zenbait proposamen datozkit burura), baina ingelesa jakin ala ez, denok dakigu zertaz edo nortaz ari naizen.
Zoritzarrez susmoa daukat 2011ko pertsonai nagusiak lan izugarria izango duela datorkigun 2012. urtean ere. Ez dirudi epe laburrean gauzak hobera egingo dutenik. Munduko, Europako eta Espainiar estatuko mandatariek aplikatu nahi dituzten “konponbideak” lasaitu baino beldurtu egiten naute.
Europar Batasuna nora ezean dirudi, eta ezkerraren egoera ahulak ez du aldaketa sakonik ahalbideratuko. Egoera txarrera doa eta ez dirudi Europako ezker mugimenduak alternatiba errealik aurkeztu eta eraikitzeko gaitasunik duenik. Kezkagarria.
Eta “protestaria” munduan protagonismoa mantenduko badu, Euskal Herrian ere edo gure herriak ez du etorkizunik izango. Garai berriak datoz gurera, edo iritsi dira dagoeneko, gatazkaren konponbidea sustatzeko aukera paregabea dugu. Baina ez dezagun pentsa dena egina, bideratua dagoenik. Ez da akordio ez eta deklarazio magikorik egongo. Ez dezagun pentsa norbaitek, beste batek, gure herriak eta gu geuk behar ditugunak lortuko dituenik. Inoiz gure helburuak lortuko baditugu protesta, aldarrikapena, lanaren ondorioz izango da. Gu guztien ekarpena inoiz baino beharrezkoa izango da 2012an. Baietz 2012ko TIME pertsonai nagusia Euskal Herria izan.
azaroa 30th, 2011
12:24 pm
Europa
Pelikula zale amorratua naiz, txikitatik. Hala ere azken urteetan gutxitan edo gutxiago hurbildu naiz zinemetara. Aspaldi uste dut pelikulak, zinema zein telebistak, jatorrizko hizkuntzan eman beharko lituzkela, euskarazko azpitituluekin. Eta tokia eta telebista katearen arabera euskara eta gaztelera edo euskara eta frantsesa azpitituluekin. Badakit ere honen kontrako iritziak badirela Euskal Herrian. Hala ere nik ez ditut arrazoi horiek gehiegi ulertzen. Egia da gure zinemetan ematen dituzten pelikula gehienak ingelesez eginak direla, baina ez guztiak, eta alemania, txina edo beste edonon egindako pelikula bat jatorrizko hizkuntzan entzutea ere oso aberasgarria da. Batzuek diotenaren kontra, nire ustez pelikula guztiak euskaraz entzutea ez du espazio horretan euskararen erabilpena normalizatzen laguntzen. Aupa Etxebeste euskaraz entzutea normala den logika eta arrazoi berberengatik Akira Kurosawaren zazpi samuraietako pertsonaiak batueraz entzutea ez da batere normala. Nahiz eta mila aldiz ikusi eta entzun.
Euskal zinemagintza ez da pelikulak doblatzen bultzatzen baizik eta bertoko produkzioak laguntzen.
Bruselan Frantsez eta nederlanderazko azpitituluak jartzen dizkiete pelikulei, biak batera, bata bestearen azpian, eta ondo dabilen sistema dela aitortu beharra daukat, nahiz eta textu dezente agertu pantailan. Hala ere 3D pelikulen sorrerarekin eta horiek ikusteko erabili behar diren betaurrekoekin, ziur naiz laster (dagoeneko existitzen ez bada) betaurrekoak azpitituloak ikusteko eta hizkuntza erabakitzeko ere balioko dutela.
Eta zertara dator guzti hau? Duela gutxi Donibane Lohitzuneko zinema berrian egon naiz, eta zinez diotsuet Harry Potterren aztikeriak ez dutela magia berdina frantsesez.
azaroa 16th, 2011
10:22 am
Europa
Dudarik ez dago Nazioarteko krisi ekonomikoak Europar Batasunean krisi sakona eragin duela. Urteetan Europar Batasunari egin zaion kritika zorrotzenetariko bat da batasun ekonomikoa indartu duela batasun politikoan aurrera pausuak eman gabe. Europar konstituzioaren porrotak eta ondoren modu ez demokratikoan estatu kideek ezarri zuten Lisboako ituna horren adierazle argiak dira. Europar Batasuna nora doan inor gutxi daki. Partaideek ere ez. Baina egun bide hori elkarrekin egin nahi duten ere dudan jarriko nuke.
Europar Batasuneko kide izateko prozesua ederki zehaztua dago, eta azken hamarkadetan asko dira Klub honetara gehitu diren estatuak. Europar Batasuna nola utzi daitekeen aldiz ez dago batere argi. Ez dago Europar Batasuna utzi duen estaturik. Groenlandia, Danimarkarekin batera Europar Batasunean sartu eta handik gutxira irtetea erabaki zuen. Baina Danimarka kide izaten jarraitzen du.
Denak elkarturik influentzia gehiago, botere gehiago, indar gehiago dugunaren argumentua zabaldu da maiz. Ekonomikoa, militarra eta politikoa. Estatu Batuen aurrean Europako Estatu Batuak. Hala ere badira Europar Batasuneko kide ez izatea erabaki duten hainbat estatu. Teoria horrekin ados ez daude edo ez diote berebiziko garrantzirik ematen. Dezente diren arren burura datozkit bereziki Suitza eta Norvegia. Bi hauek gauza asko gaizki egingo dituzte, ziur. Baina munduko gatazka politikoen konponbidearen alde gehiago egin dute bi hauek bakarrik Europar Batasuna, bere botere guztiarekin, baino. Duela gutxi publiko egin den inkesta baten arabera Europar Batasuneko kide izatearen kontra dagoen norvegiar kopurua inoiz egon den handiena da. Populazioaren %72a dago kontra eta %12a bakarrik sartzearen alde. Europar Batasuna eta Norvegia nola dauden ikusi eta konparatuz ez nau harritzen.
azaroa 3rd, 2011
11:42 am
Europa
Irlandako hauteskunde presidentzialak burutu dira eta azkenean inkestak aurre ikusitako emaitzak lortu ditu Martin McGuinnessek. Ez da sorpresarik izan. Hirugarren hautagai bozkatuena suertatu da, bozen %13arekin. Kanpainaren hasieran bazirudien emaitza hobeak lortzeko aukera izango zuela, baina nire ustez emaitza hauek oso onak dira Sinn Feinentzat. Errepublikanoek Irlaren hegoaldean daukaten babesa indartzen ari dira, pixkanaka eta kostata. Iparraldean abertzale komunitatean haien hegemonia indartzen duten bitartean hegoaldean gero eta emaitza hobeagoak lortzen doaz. Lurraldetasunaren ikuspegitik ere, azken garaian alderdi errepublikanoak harturiko erabakiak subjektu nazional bakarraren ideia indartu du.
Gerry Adams lehenengo eta Martin McGuinnessek ondoren Hegoaldean buruturiko hauteskundeetan aurkeztu izana askoren buruan zegoen eta dagoen muga apurtu egin du. Hori bai benetako mugaz gaineko kolaborazioa.
Martin McGuinnessek ez du lehendakaritza eskuratzea lortu baina Irlanda batasunetik gertuago dagoela iruditzen zait.
Gainontzeko hautagai eta alderdiek McGuinnessen kontra buruturiko kanpaina inork gutxi espero zezakeen beste ondorio bat izan du ere, iparraldeko hainbat unionista bere alde azaltzea. McGuinness Stormonteko lehendakari ordea izateko gaitasuna baldin badauka, eta munduko zirrikitu guztietatik, Irlanda Hegoaldetik ere, Ian Paisley eta Martin McGuinness osatzen duten bikotea txalotu izan bada, nola da posible pertsona bera Hegoaldeko lehendakari izateko ez gai bezala ikustea zenbaitek? Iparraldea gutxitzen duen ariketa bezala ikusi dira kritika guzti hauek.
Azkenik, Irlanda, irlandarrek eta bereziki Sinn Feineko militante eta buruek Euskal Herriaren alde egin duten guztia eskertu nahiko nuke. Euskal Herriak bizi duen une itxaropentsua haiei esker ere lortu da.
urria 5th, 2011
5:50 pm
Europa
Urriaren 27an hauteskunde presidentzialak ospatuko dira Irlandan. Hautagai izan ahal izateko zenbait arau bete behar dira, hala nola, irlandarra izan, 35 urte baino nagusiagoa eta 20 diputatu edo 4 hiri edo eskualde kontseiluen babesa izan behar dira. Martin McGuinness, Sinn Feineko militante historikoa eta Ipar Irlandako Lehen ministro ordea, eskakizun guztiak bete eta Irlandako lehendakari izateko aurkeztu du Sinn Feinek. Irlaren batasunerako beste aurrera pausu bat, dudarik gabe.
Bere burua aurkeztu eta bere kontrako kriminalizazioa berehala hasi zuten gainontzeko hautagai eta alderdiek. IRAko buru izan omen zela, bera lehendakari hautatu ezkero kanpo inbertsioak jaitsi egingo zirela eta antzekoak leporatzen. Ez ditut Martin McGuinness-en inguruko detaile asko ezagutzen. Baina Irlandako gatazkan eta gatazka horren konponbidean izan zuen eta duen jarrera ez zaizkit oso kritikagarriak iruditzen. Prozesu horretan bere alderdikide eta lagunez aparte bere arerio edo beste alderdietako ordezkari esandakoak irakurri eta gero iruditzen zait horrelako kritikak min baino onura egingo diotela McGuinnessi eta Sinn Feini.
Sinn Fein ez dago oraindik Irlandako hauteskundeak irabazteko moduan, baina lehendakaritzako hauteskundeekin auskalo zer gertatzen den. Horrelako hauteskunde sisteman alderdia baino pertsona aukeratzen dute hautesle askok eta dudarik ez dago McGuinness tiroi izugarria duela Irlandan, onera eta txarrerako. Irailaren 25ean The Sunday Business Post egunkariak argitaratuko inkesta baten arabera, lehendakaritzarako lasterketan McGuinness hirugarren doa %16ko babesarekin. Bigarren Michael D. Higgins laboristen hautagai %18arekin eta lehen David Norris senataria, bozen %21arekin.
Diferentzia beraz ez da oso handia eta aukera guztiak posible jarraitzen dute. Gurean ere helduko da Arnaldo Otegi lehendakaritzako hauteskundeetara aurkeztuko den eguna. Aurkeztu eta irabazi!
iraila 21st, 2011
4:21 pm
Europa
Azkenean Belgikan gobernua osatzeko akordioa lortu dute 8 alderdi flandestar eta walloniarren artean.
Hauteskundeetatik urte bete baino gehiago pasa eta gero eta gainera hauteskundeetan bozka gehien lortu zituen N-VA alderdia gabe. Gobernutik kanpo oposizioan geratuko da alderdi abertzalea.
Ez diot etorkizun luze eta oparoa ikusten orain osatuko den gobernuari. Momentuko arazoak kudeatzeko sortua, alderdikeriak bultzaturik, arazo estrukturalak eta gobernua osatzeko krisiaren arrazoiei erantzuten ez diona. Baliteke garai batez irautea, flandestar eta walloniarren arteko harremanak hobera egitea ere, baina erroan dauden arazo horiek konpondu ezean krisiak errepikatuko dira.
N-VA oso jarrera koherentea mantendu du krisian zehar. Hasieratik argi adierazi du bere helburua ez zela gobernua osatzea ez eta lehendakaritza eskuratzea, baizik eta Belgikak behar duen erreforma estrukturalerako akordio bat erdiestea.
Esan bezala, urte bete baino gehiago pasa da hauteskundeak ospatu zirenetik. Baliteke egun flandestarren kezkak beste batzuk izatea. Baina hauteskundeak ospatu ziren egunean haien helburu nagusia Belgikar estatuaren erreforma sakona burutzea, federalismoan aurrera pausu gehiago eman eta Flandestar zein Walloniar komunitateen eskuduntzak handitzea zen. Gobernu berri honek ez du horrelako erreformarik burutuko eta hiru urte barru hauteskundeak izango dira berriro ere Belgikan. Eta ziur naiz, hiru urte barruko hauteskunde kanpainan estatuaren erreformaren beharra gai garrantzitsua izango dela berriz ere. Federalismotik konfederalismora dagoen bidea ez da oso luzea. Eta konfederalismotik independentziara oraindik ere laburragoa. Belgikako independentista moderatuak azkenean ez ote du bide laburragoa aurkituko federalismotik independentziara zuzenean?