rssgaur8 logotipoa

Telesforo Monzon Flandesen

35 urte pasa dira Telesforo Monzonek, euskal delegazio zabalago batekin batera, Flandes bisitatu zuenetik.

100.000 flandestar abertzaleren aurrean mintzatu zen Telesforo. Ziur orduan esan zituenak, egun ere balio politiko handia luketela.

Horrek esan nahi du azken 25 urteetan ez dugula aurrera pausorik eman? Ez dut uste. Gauzak asko aldatu dira geroztik, baina euskal gatazkaren ezaugarri nagusiak hor jarraitzen dute, konpontzeke.

Flandesen ere gauzak dezente aldatu dira geroztik, baina duela 25 urte esandakoak eta egun esaten direnak parekotasun handia daukate.

Independentziaren aldeko borrokek, independentzia dute helburu, eta bide horretan aldaketa politiko nabarmenak eman bitartean diskurtsoak ez dira asko aldatzen.

Eskozian, Faroe Uharteetan, Flandesen eta beste hainbat tokitan ez da Autodeterminazio Eskubideari buruz askorik esaten. Estaturik gabeko herri hauetan independentziaren gauzatzea inguruan dira debate nagusiak.

Erabakitzeko eskubidearen inguruko borroka aspaldi irabazia daukatela uste dut. Gurean, oraindik ere, horretan gabiltza, autodeterminazio eskubidea onartuko duen eskenatoki bat eraikitzen.

Eskenatoki berri horrek demokrazia eta bakea ekarriko luke. Proiektu independentista gauzatu ahal izatea ere bai.

Mundu globalizatu honetan, nazioarteak gero eta garrantzi handiagoa dauka. Ezin da gure herriaren azterketa politiko egokia egin, nazioarteko egoera kontuan hartu gabe. Ezin da planifikazio politikorik gauzatu nazioarteko dimentsioa kontuan hartu gabe. Europan kokatuak gaude eta Europa izan behar da gure lehentasuna.

Beste esperientzietatik ikasi beharra daukagu eta guretzat positiboa izan daitekeena gure herrira inportatu. Azterketa kritikoa inportantea da, eta kalkoak ez du balio izaten, herri eta borroka bakoitzak berezitasun propioak dituelako.

60 urte Al-Nakban… 60 urte borrokan

 

60 urte Al-Nakban… 60 urte borrokan izenburuarekin, IUPP edo The International Union of Parliamentarians for the defence of the Palestinian cause, hirugarren kongresua Bruselan burutzen ari da egun hauetan.

350 diputatuk osatzen dute sare hau. Amerika, Europa, Asia eta Afrikako diputatuak Palestinarren aldeko lobby parlamentarioa antolatzen saiatzen ari dira. Ez da lan makala.

Kongresuaren eta sare honen inguruko informazioa http://iupfp.com webgunean aurki daiteke.

Gero ta indibidualistagoak garen garai hauetan Askapena bezalako erakundeak internazionalismoa bultzatzen jarraitzen dute. Goraipatzekoa. Askapenak palestinar herriaren aldeko elkartasuna adierazteko hainbat konzentrazio eta hitzaldi antolatu ditu egun hauetarako. Hauen zerrenda hemen topatuko duzue.

Parlamentari sare asko lanean dihardute helburu edo borroka ezberdinak aurrera eraman nahian. Nik beste bi aipatu nahi ditut

AWEPA, 1984ean sortua, Hego Afrikar Apartheidaren kontra jarduteko antolaturiko sarea. Boikot kanpainak eta beste motatako ekimen oso interesgarriak aurrera eraman zituen. Egun oso helburu ezberdinak ditu.

Gernika Sarea, 2007an sortua, Europar hainbat herrietako hautetsiak osatzen dute sare hau, eta bere helburua Euskal Herriko Autodeterminazio eskubidearen aldeko lobby parlamentario bateratua egitea da.

Gaza, Gernika, Derry, Soweto. Beste ehun hiri, herri, auzo aipatu daitezke. Gaurkoan nire elkartasun osoa Palestinar Herriari adierazi nahi nioke eta baita aurrera daramaten borroka askatzaileari.

Gora Palestina Libre!

2010ean Erreferenduma !!

Ez, ez nabil Euskal Herriari buruz. Zoritxarrez.

Faroe Uharteei buruz ari naiz. Europako Iparraldean kokaturik, 18 irla osatzen dute Faroe Uharteak. 1399 kilometro karratuko lurraldea eta 48500 biztanle baino ez..

Daniarrak?

Daniar erreinuko autonomia, nahiz eta Europan ezagutzen ditugun beste autonomiekiko berezitasunekin. Faroetarrak egun Daniar hiritarrak dira daniar legearen arabera.

Hala ere Erromako bi Itunak argiki adierazten dute Faroe Uharteak ez direla Europar Batasuneko lurralde. Are gehiago, Danimarkak Europar Batasuneko kide bilakatu zenean, protokolo berezi batek zehaztu zuen. Protokolo honen arabera Faroe Uharteetan bizi ziren daniar hiritarrak ez dira Europar Batasuneko biztanle.

Independentziarako bidean urrats berriak.

Urtarrileko hauteskundeen ondoren bi urrats garrantzitsu eman ditu Faroe Uharteak independentziarako bidean.

- Gobernu berriak Kanpo Aferetako ardurak izango dituen kargua sortu du.
- Gobernu akordioan Faroe Uharteetarako Konstituzioa idatzi behar dela zehazten da. Konstituzio hau herritarrek onartu beharko dute 2010ean burutuko den erreferendumean.

Orain arte independentziarako oztopo nagusia, Subirautsa ekonomiko eza eta Kopenagerekiko dependentzia izan dira. Faroeko independentisten lana bide horretan zentratu da azken urteetan. Faroe nazioa estatu independiente bezala bizirauteko nazio eraikuntzan jardun dira lanean.

Republican Party.

Faroe uhartetako alderdi independentista. 1946an faroe uharteetako gehiengoak independentziaren aldeko hautua adierazi zuen baina faroe uharteak ez zuen independentzia lortu. Horren ondorioz, 1948an sortu zen Errepublikar alderdia. urtarrileko hauteskundeetan alderdi bozkatuena izan da, eta bera da independentziarako bidean pausu sendoak ematen dabilen alderdi bakarra.

Belgika, etorkizunik gabeko Estatua

Ekainaren 10ean hauteskundeak izan ziren Belgikan. Oraindik alderdiei ezinezkoa egin zaie akordiorik erdiestea, eta gobernua osatu gabe jarraitzen dute. Krisi sakona maila politikoan.

Pasa den astean The Economist-en publikaturiko artikulu batean Belgiar estatuak bere sorreran zituen helburuak jada bete dituela, eta ez duela jarraitzeko arrazoirik argudiatzen zuen kazetari ingeles batek. “Belgians need not feel to sad. Countries come and go” (belgiarrak ez dira triste egon behar. Herrialdeak sortu eta desagertzen dira) esanaz amaitzen du artikulua The Economist-ek. Aste honetan aldiz The Guardian egunkarian “Belgium? Something that does not exist” (Belgika? Existitzen ez den zerbait) artikulua aurkitu dut, zeinetan antzeko iritzia argudiatzen den.

Flandestarrak eta Waloniarrak, alemaniar hiztun probintzi batekin batera osatzen dute Belgika. Bi herri oso ezberdinak. Neerlandesa da hizkuntz ofizial bakarra Flandrian eta frantsesa Walonian. Ez da existitzen estatu mailako alderdi politikorik. Waloniarrak ezin dute alderdi flandestarrik bozkatu, eta alderantziz ere berdin gertatzen da. Flandestarrak eta Waloniarrak Parlamentu Federalean erabakitzen dute Belgikaren etorkizuna, baina bakoitzak bere parlamentu propioa ere badu, hainbat konpetentzi ezberdinekin. Brusela nahiz eta historikoki Flandestarren kapitala izan, zonalde mixtoa da gaur egun, bere parlamentu propioarekin.

Legearen arabera Belgikako gobernua osatzeko akordioa lortu behar da flandestar eta waloniar alderdien artean. Flandestar edo waloniar hutsez osaturiko gobernurik ezin da egon.

CD&V – N-VA koalizio flandestarrak irabazi ditu hauteskundeak. Kanpainan zehar behin eta berriz azpimarratu dute Konstituzioaren erreforma baten beharraz, federalismoan pausu bat aurrerago emateko norabidean. Pausatzen duten proposamenaren arabera erreforma horrek egun gobernu federalaren esku dauden hainbat konpetentzi deszentralizatu behar dira, besteak beste Osasuna.

Waloniarrak konstituzioaren erreformaren kontra azaltzen dira sutsuki. Eta hori da krisi politikoa areagotzen ari duena, eta Belgiar estatuaren apurketaren inguruko debatea pizten ari duena.

——————————————————————————————

Norabide horretan komunikabideetan hainbat datu atera dira azkenaldian. Holandar Telebista baten arabera holandarren bi heren Flandria eta Holandaren batuketaren alde leudeke. Belgiar telebista baten arabera, flandestarren %48,5a independentziaren alde dago.

Aurreko Abenduan waloniar telebista batek bere programazioa moztu egin zuen, Flandestar Parlamentuak independentzia aldarrikatu zuela adierazteko. Kasualitatea? Ez dut uste, ziurrenik belgiarren artean notizia izango zuen harrera neurtu nahiko luke baten batek, eta baita flandestarren independentziaren kontrako iritzi korrontea zabaldu Belgikan. Hala ere, aipatu beharra dago, waloniar telebistako programa berezi hura iraun zuen orduan, Belgiar askok sinistu egin zutela benetan Flandestarrak independentzia lortu zutela.

——————————————————————————————

CD&V alderdi kristau demokrata falndestarra da. N-VA, VolkUnie mugimedu abertzalearen desagerpena ostean sorturiko alderdi abertzalea da. Koalizio honetan N-VAren papera CD&V alderdia jarrera abertzaleetara hurbiltzea dela uste dut.

Egia esan panorama zaila agertzen zaigu. Hauteskundeak errepikatzea ezinezkoa da, Epaitegi konstituzionalak emandako erabaki batek ez duelako posible egiten.

CD&V – N-VA gabeko koalizio bat osatzeko, gainontzeko alderdiak Vlams Belang alderdi abertzale ultraeskuindarrarekin adostu beharko lukete gobernua. Eta egun, horrelakorik gertatzea ezinezkoa iruditzen zait.

Beste aukera bat, errealagoa, litzateke CD&V alderdiak “estatu interesak” defendatzearren, konpromezua har dezan estatu erreforma alde batera uzteko. Aukera hau posible izanda ere, epe laburreko konponketa baino ez da, eta ziurrenik CD&V – N-VA koalizioaren apurketa ekarriko luke.

Sami Herria

Sami Herria Artikoko jatorrizko herrietako bat da. Mendebaldean Inuitak, eta ekialdean Nenets/Komits Jatorrizko herriak ditu.

Samiak gurean Laponiarrak deitzera ohituak gara. Jakin behar dugu baina, laponiarra hitza mesprezagarria dela.

Sami Herria lau estaturen menpean dago: Finlandia, Suedia, Norbegia eta Errusia. Egun Samiak Ipar Ekialdeko Kola Penintsula eta Norbegia Hegoaldeko Engerdal artean kokatuak daude.

Sami hizkuntzak 10 dialekto ditu, 6 eratara idazten da, eta gutxi gora behera samien %50ak gai da bere jatorrizko hizkuntzan hitz egiteko (Norbegiako Sami Parlamentuaren arabera).

Sami Hizkuntzaren 10 dialektoen lur eremua

Samiek Parlamentu Autonomikoak dauzkate, 1973 geroztik Finlandian, 1989tik Norbegian, eta 1993. urtea ondoren Suedian. Hiru Parlamentu hauek amankomuneko instituzioa daukate, Sami Parlamentu Kontseilua.Errusiapean bizi diren Samiak, Sami Parlamentu Kontseiluan ikuskatzaile bezala bakarrik onartuak dira.

Errusiak ez du Sami Herria aitortzen. Saami Herria ez da Errusiak aitortzen ez duen jatorrizko herri bakarra. RAIPON (Russian Association of Indigenous Peoples of the North) erakundeak ondorengo jatorrizko herriak hartzen ditu haintzat Errusiako iparraldean: Aleut, Alutory, Velps, Dolgan, Itelmen, Kamchadal, Kereki, Kety, Koriak, Kumandincy, Mansy, Nanaicy, Nganasan, Negidalcy, Nenets, Nivhky, Oroki, Orochi, Saami, Selkut, Soioty, Tazy, Telengity, Teleuty, Tofolar, Tubolar, Tuvin-Todjin, Udege, Ulchi, Khanty, Chelkancy, Chuvancy, Chukchi, Chulymcy, Shorcy, Evenk, Even, Ency, Eskimosy eta Ukagiry herriak.

Parlamentuen sorrera aurretik Sami Herri osoa haintzat hartu duen berezko erakunde bakarra Sami Kontseilua izan da. 1956an Sami Herriko mugimendu sozial ezberdinak sortua. Sami Kontseiluaren helburuak Samien eskubide eta interesak bultzatzea, Samien arteko harremana areagotzea, Sami Herriaren aitortza lortzea eta samien eskubide sozial, kultural eta ekonomikoak lau estatuetan mantentzea izan dira eta diraute.

Sami gose grebalariak Oslon, Norbegiako Parlamentu aurrean

Alta-Koutokeino gatazkak Samien herri borroka berpiztu eta indartu egin zuen 70. hamarkadan. Norbegiako gobernuak Alta-Koutokeinon urtegi bat eraikitzea erabaki zuen. Gatazka 1970ean hasi bazen ere, 1978an erabaki zuen ofizialki norbegiako parlamentuak urtegia eraikitzea. Urtegi honen kontrako manifestazioak, obren sabotaiak, gose grebak etengabeak izan ziren, 1982an proiektua bertan behera geratu arte. Gatazka honek Sami Herriaren aldarrikapenak aditzera eman zituen eta haien aldarrikapenen areagotze bat ekarri zuen. Samien artean ez dira gutxi uste dutenak Norbegiako gobernuak parlamentua eta nolabaiteko autonomia aitortu ziola Sami Herriari, Alta-Kautokeino gatazkak sorturiko herri borrokak eta aldarrikapenak bertan behera geldi zitezen.

Argi dagoena da Estatuek ez dituztela oparirik ematen. Estaturik gabeko herriak, jatorrizko herriak, ez dituzte haien eskubideak estatu menderatzaileen fede onagatik lortzen. Ez Norbegiako erreinuan ezta Espainiakoan ere ez

Ronde Van Vlaanderen

argazkiak-08-02-114.jpg

Flandestar eta euskaldunen artean harremana oso ona da. Elkar errespetatzen duten herriak dira Flandes eta Euskal Herria.

Harreman estu honen adibide asko dago, baina gaurkoan partekatzen dugun zaletasun batean zentratuko naiz. Txirrindularitza.

Igandean “Ronde Van Vlaanderen” (Flandesko Itzulia) klasikoan Alessandro Ballan Italiarra izan zen garaile.

Larunbatean, aldiz, amateuren eguna. Flandesen, Euskal Herrian bezala, txirrindularitzak zale asko ditu eta 12.000 txirrindularik parte hartu zuten amateur lasterketan. Haien artean euskaldun dexente ere.

Mendirik ez omen dago Flandes osoan, baina aldapa gogorrak bai, asko. Euskal Herritik etorritako txirrindularitza zaleak aldapa luzeak igotzera ohituak daude, baina Flandeseko aldapak igotzera ez. Oso luzeak ez dira, baina desnibel izugarrizkoak. Hauetako askok gainera lurra galtzadarritua daukate eta horrek zaildu egiten ditu igoera zein jaitsierak.

Idazten duen honek ez luke bizikleta baten gainean Artxanda igotzea lortuko ere. Hori dela eta, amateurrak animatzen ibili nintzen, bide parean eta ikurrina eskuan. Aitortu beharra daukat, han ikusitakoak asko harritu ninduela. Nik txirrindulariak animatu beharrean, txirrindulariak baitziren ikurrina ikustean ni animatzen nindutenak. Flandestar txirrindulariak “Euskadi!”, “Baskenland!” eta “gora Euskal Herria” oihuak botatzen zizkiguten.

Kurdistan bidegurutzean.

Newroz píroz be!! edo Ongi etorri Urteberrira!!

Newroz edo urteberriaren ospakizunak, duela ehunka urtetatik hona, kurdutar herriaren eskubideen aldeko borroka adierazten du. Sua du bere sinbolo eta tirano arrotzaren desagerketa bere oinarri mitologikoa.

25 milioi lagun, lau estaturen menpean(Irak, Iran,Siria eta Turkia)dagoen estatu frantsesa bezain handia den lurralde eremuan. Hizkuntzak bi dialekto nagusi ditu eta alfabeto arabiarra zein latindarra erabiltzen da idazterakoan.

Bere kokapen geoestrategikoak beti inperioen menpe egotera behartu du eta orain ere hor dago bere askatasun demokratikoak lortzeko koxka nagusia.

Irak-en eta Sadam Hussein-en erorketaren ondorioz autonomi maila bat lortu dute. Barzani eta Talabaniren mugimenduek EEBBen elkarlaguntzaz egundo izan ez duten egoerara eraman ditu hegoaldeko kurdutarrak. Alaintza taktiko honek noizarte jarraituko duen ikusteke dago.

Iran-en PKKren alderdi anaiak borroka latzak izan ditu Iraniar armadarekin. Iran-en ahultzea bilatzen duten EEBBek laguntza ez baina kontra ere ez du egiten,indar handia hartzen ari den mugimendu politiko honen aurrean.

Siria-n ehun milaka kurdutar bizi dira inolako eskubiderik gabe eta hainbat ez daude erroldatuak, ez dira existitzen,alegia.

Kurdutar gehien batzen dituen estatua Turkia da.PKKak azken urteetan dozena erdi bat su eten eman baditu ere, soluzio negoziatu baten alde Turkiar estatuak ez du inolako urratsik eman bide horretan.

Irak-en sortutako lurralde autonomoak eta Europear Batasunean Turkiaren onarpenaren atzerapenak ez dirudi negoziaketarko gogoa piztu diezaiokenik benetako boterea den armada turkiarrari.

Okupazio militarra eta eskubideen urraketak eguneroko ogia dira. Hizkuntza debekatua bai hezkuntzan zein administrazio guztietan, hautetsien kontrako jazarpena, komunikabideen itxiera, tortura, presoen dispertsioa, egoera ekonomiko itogarriak…urtero ehunka gazte eramaten ditu mendietara borrokatzera.

Geoestrategikoa den inguru honetan ez dirudi mendebaldeko herriei gehiegi interesatzen zaienik Kurdutar estatu baten sorrerak. Botere maila batzuk eman, again, baina beti ere beraien interesen arabera eta kurdutar herriaren kalterako.

Europan ere kurdutarrak badira eta bere herriaren alde lan egiten dutenak ez dira gutxi. Europan dute askok itxaropena eta bertan dituzte telebista, egunkari eta elkartasun sare handi bat. EBak baina ez du laguntzarik eskaintzen Alemanian eta Frantzian egondako sarekadek agertzen duten moduan.

Hurrengo hilabeteetan jakingo dugu ea estatu turkiarrak interesik duen negoziatzeko kurdutarrekin.Itxaropena ezin galdu.

Info gehiago:

www.rojtv.com eta www.kurdistaninfo.de

 

 

Hauteskundeak Quebecen

Parti Québécois alderdiak hauteskunde emaitzak aztertu ditu

Argi dago, Quebecen izandako hauteskundeen emaitza ez dela oso positiboa izan Subirautza Nazionalaren aldeko alderdientzat.

André Boisclairek Parti Québécois alderdiko buruak Quebecen izan berri diren hauteskunde emaitzak aztertu ditu. Bere arabera hauteskunde emaitzak “etsigarriak dira” bere alderdirako. Hala ere, bere aburuz Parti Québécois alderdiak “Quebeceko Asanblada Nazionalean parlamentari talde indartsua izaten jarraituko du”. Hautatuen heren bat lortu du André Boisclairen alderdiak. Bere konpromezua berretzi du, Asanblada nazionalaren bitartez Quebec “berdeagoa, aberatsagoa, bidezkoagoa eta libreagoa” eraikitzen jarraitzeko.

Bere ustez Quebeceko Asanblada Nazionala osatuko duten diputatuen gehiengorako “Subirautza Nazionalerako hirugarren erreferenduma egitea ez da lehentasun bat izango”. Hala ere, ADQ alderdi erregionalistaren igoerak, Quebeceko herriak “benetazko aldaketa bat nahi duela” esan nahi du, “politika egiteko moduan, eta baita ere arazo nazionalari dagokionez”. “Asanblada Nazionalaren bi herenak kasi, Status Quo konstituzionala onargarria ez dela uste du”.

André Boisclairen iritziz “Subirautza nazionala desiragarria izaten jarraitzen du, baina egun ez da, epe motzean behintzat, lorgarria”.

Autodeterminazio eskubideak proiektu politiko guztiak defendagarri eta eskuragarri izateak ahalbidetzen du. Baina azkenean herria da bere etorkizuna erabaki behar duena. Ez beste inor. Autodeterminazioa, eskubide demokratikoa da. Gurean asko dira autodeterminazio eskubidea, proiektu politiko independentistarekin nahita nahasten dutenak. Euskal Herriak erabakiko duenaren beldur ote?