rssgaur8 logotipoa

Gizarte Zibilaren indarra

Bake prozesua indartzeko Foro Soziala antolatu dute Bake Bidean eta Lokarrik Iruñean eta Bilbon. Helburu nagusia, haien webean irakurri dudanez, Euskal herriko gatazka politikoaren konponbidean euskal gizarte zibila inplikatzea da. Ez da helburu makala eta era berean guztiz beharrezkoa iruditzen zait.

Konponbidearen berme bakarra euskal jendartea dela iruditzen zait. Bere lana eta helburu akuilu lana egitea da, prozesua bukaeraraino iristen dela ziurtatzea. Estatuen blokeo jarreraren aurrean eta baita ere euskal eragile guztien inplikazioa, hasieratik bukaera arte, bultzatzeari eta ziurtatzeari begira. Bestela jai daukagu.

Herri hontako elite politikoak ez dira mugituko bere burua hortarako behartuak ikusten ez badute. Bidasoaren bi aldeetan gertatzen da hori. Ipar Euskal Herrian , Aieteko konferentzia geroztik, etengabeko zurrunbilo politikoa ematen ari da. Bake Bideanen sorrerarekin hasi, Baionako konferentziako adierazpenarekin jarraituz edo eta duela gutxi eratu den Koordinazio gunearekin amaituz. Aukerak hor daude. Gizarte zibilaren inplikazioa eta bultzada gabe aipaturiko hauek ez lirateke gertatuko.

Oso adierazgarria iruditu zitzaidan Katalunian, Diada egunean antolaturiko manifa erraldoia Kataluniako parlamentuan amaitu izana eta ez Espainiar estatuko ordezkaritza guneetan. Gizarte zibilak Kataluniako lehendakari eta instituzioei zuzendu zitzaien eta ez beste inori. Haien ardura baita katalandarren nahia gauzatua izan dadin. Gizarte zibilak eraman ditu Mas eta CIU egungo posizioetara eta ez alderantziz.

Blokeo eta konpromiso ezaren aurrean herri honen gehiengoaren nahia eta lanak eramango du konponbide prozesua amaierara. Hori nola gauzatu eta antolatu da egun prozesuak daukan erronka nagusietako bat.