rssgaur8 logotipoa

Paris

Sakine Cansız, Dogan Fidan eta Leyla Söylemez emakume kurdutarrak erahil dituzte Parisen. Kurdutar Nazio Askapen Mugimenduko hiru militante ziren, nazioarteko harremanetan lanean ziharduten, gatazkaren konponbidearen aldeko lana egiten eta babesa eskuratzen.Hori izan da bere delitua.

Notizia irakurri eta burura etorri zait Dulcie September hegoafrikarra. Bera ere emakumea, bera ere militantea. 1988An hil zuten Parisen ere, Apartheidaren kontrako lan politikoa egiteagatik. Nazioarteko harremanetan ziharduen bera ere.

Nadarajah Mathinthiran tamildarra zen, LTTEko komandante izandakoa, 2003a geroztik tamildarren aldeko lan politikoa koordinatzen zuen estatu frantsesean. Bera ere hiru tiroz hil dute duela gutxi, azaroan, non eta Parisen.

Bost militante hauek ez zuten ziurrenik elkar ezagutu, edo agian bai, nork daki. Nik nire buruan Parisko Brasserie batean imaginatzen ditut bostak batera, haien herriei buruz hitz egiten, mundu hobeago bat eztabaidatzen, barreka eta pozik, herriminez, exilioa eta herri mina eskutik heldurik baitoaz. Haien herrietatik alde egitera behartuak izan ziren, eta haien herri berria eraikitzen jarraitu zuten, atzerritik. Bazekiten ez zela bide erreza izango baina bideari ekin zioten hala ere.

Turkia, Apartheid eta Sri Lankako borreroak ere imaginatzen ditut, hilketa hauek planifikatzen, burutzen eta haien etxeetara pozik bueltatzen.

Eta bapatean Brasserieko atea ireki da. Bostok intuitiboki, erreflexuz eta beldur apur batez burua ateruntz mugitu dute.