rssgaur8 logotipoa

Katalunia eta EH

Katalunia eta Euskal Herriaren arteko loturak mota askotarikoak dira. Bi herri hauen arteko elkartasuna eta elkar ulertzea handia da. Biek daukate haien lurraldearen zati bat Espainiar zein frantziar estatuen menpe. Bien helburua da nazio bezala onartuak izatea eta dagokien autodeterminaziorako eskubidea bereganatzea. Lotura guzti horiek egonda ere askapen prozesu oso ezberdinak ditugu. Historikoki eta egun ere. Erresuma Batuan Irlanda eta Eskoziaren arteko ezberdintasunak datozkit burura eta ez bakarrik borroka armatuaren erabileragatik. Hala ere irlandar eta eskoziar askapen mugimenduan arteko harremanak ez dira beti izan horren onak.

Kataluniak bizi duen egoera politikoa dela eta behin baino gehiagotan entzun ditut nire ustez arrazoizkoak ez diren zenbait baieztapen. “Euskaldunok garatu behar izan dugu konfrontazio gordinena eta bere ondorio guztiak jaso eta orain katalanek jasoko dituzte horren fruituak”. Edo ta, “katalanek frogatuko dute horrenbeste iskanbila eta konfrontazio gabe independentziaren helburua bereganatzerik badagoela”. Berriro ere, Eskozia eta Irlandaren kasuetan ere antzekoak entzun izan ditut.

Bi herrien arteko leia sustatzen dituzte horiek eta ez daukate oinarri sendorik. Esan bezala askapen prozesu bakoitza ezberdina eta bakarra da eta esaldiak dioen bezala “one size doesn’t fit all”. Horregatik ere eta nahiz eta estatu edo sistema berdinaren menpean egon nazio askapen mugimendu bakoitzak bere bidea egiten du, berak uste duen modurik hoberen eta eraginkorrean. Herrien arteko elkartasuna herri bakoitzak egiten dituen hautuen errespetuan egon behar da oinarritua, ez dago formula magikorik.

Hori esanda, nire ustez Katalunian burutuko diren hauteskundeetan CUPek emaitza onak lortuko ditu. Urteetako lanaren ondorioa. Herrialde Katalanek CUP indartsu baten beharra daukate, askatasun sozial eta nazionalaren bidean beraiek direlako bide osoa egiteko konpromiso indartsuena daukatenak.