rssgaur8 logotipoa

Kolonbia

Kolonbian ere bakea lortuko bada elkarrizketa eta negoziazioaren bidetik etorriko da. Azken egunetan argitaraturiko berrien arabera badirudi erresoluzio prozesu bat abiarazteko aukera errealak sortzen ari direla. Azken hilabeteetan aldeek egindako deklarazioak norabide horretan joan dira, nahiz eta tartean bakearekin zer ikusi gutxi daukaten gertaerak ere egon diren.

Erresoluzio prozesua martxan jarri ahal izateko hiru gertakari azpimarratu dituzte. Aldeen borondatea lehenik, haien arteko harreman diskretuak eta nazioartearen laguntza. Bakea eraikitzeko etsaien arteko elkarrizketa beharrezkoa da, gatazkan eragile nagusi diren aktore guztiak parte hartu beharra daukate, prozesua inklusiboa behar du izan. Bestela ezinezkoa da gatazka sortu duen arazoa konpontzea. Toki askotan, Kolonbian ere, prozesu baztertzaileak eraikitzen saiatu izan dira iraganean baina hauek ez dute fruitu positiborik eman. Elkarrizketa eta negoziazio inklusiboak beharrezkoak dira. Nire ustez Nazioartearen laguntza eta bitartekaritza ere guztiz beharrezkoak dira horrelako prozesuetan, segurtasuna eta neutraltasuna ziurtatuko duten heinean. Nazioartearen laguntza gabe horrelako prozesuak eraikitzea posible da, baina askoz ere zailagoa izaten da aldeen arteko mesfidantza handia izaten delako, aurretik eta prozesuan zehar ere. Elkarrizketa eta negoziazioa beste borroka fronte bat da, etsaien artekoa, eta horrelakoetan gatazkan interes zuzenik ez daukan eragile bat parte hartzea bidea errazten du.

Hegoafrika izan zen horrelako prozesuetan aitzindari eta gainontzeko herrientzat eredu bilakatu zen. Gerora beste batzuk etorri ziren, Irlanda eta beste batzuk. Egun munduan dauden Nazio Askapen mugimendu gehienak konponbide prozesuetan murgildurik edo horrelako erresoluzio prozesuak bultzatzen saiatzen ari dira. Emaitza hobeago eta txarragoekin. Euskal Herria ere bide horretan dabil aspaldi. Helburuak argi ditugu, bidea ere bai, jarraitu dezagun aurrera!

Enbaxadoreak

Iritsi da, heldu da eguraldi ona Euskal Herrira, azkenean. Eta eguzkia ailegatu denean ni oporretan ospa, urrutira joan naiz, lurralde epelagoetara. Ez dagoenean faltan sumatzen dut baina agertu bezain laster itzalaren bila hasten naiz. Iparralderako errepidea hartu eta kotxe gutxi aurkitu ditut bidean, beherako norabidea aldiz kolapsatua, Europako Iparraldetik, ekialdetik kotxe andana, hondartza bila.

Europako hiriak abuztuan edo Gabonetako asteetan bisitatzea maite dut. Horiek dira nire ustez momenturik ederrenak. Gabonetan iluntasuna, hotza, elurra, gabon merkatuak, argiak, edari gozoak eta gogorrak, lankideen arteko koktel eta jaiak. Oso giro polita dago. Abuztua, eguraldi epela, jende gutxi, erritmo lasaia, argitasuna. Hiriak jenderik gabe disfrutatzeko unea.

Aurten Europako hiri ezberdinetan “libre” bizi ziren hainbat euskaldun atxilotu dituzte, espainolen aginduz, espainiar ziega ilun eta zikinetan nahi dituzte. Eta abisua eman dute gehiago atxilotuko dituztela. Eta burura etorri zait idazle euskaldun batek behin euskal iheslarien inguruan erabilitako hitza: Enbaxadore. Zenbat enbaxadore dauzka Euskal Herriak munduan zehar?

  • Can I have a beer please?

  • Spanish?

  • No, Basque, We are a people that…

Herriz herri, kontinentez kontinente, errusieraz, txinatarrez, polonieraz ikasi dute batzuk, frantsesa edo ingelesa beste batzuk. Kanpoan euskara ere ikasi duena egongo da ziur. Egunen batean hau guztien abentura eta bizipenak jasoko dituen unibertsitate katedra sortuko da, omenaldi eta ongi etorriak egingo zaizkie. Oporretan nago, hiri horietako batetik paseatzen, terraza batean garagardo bat edaten, gurutzatzen dudan jendearen aurpegia begiratzen dut maiz, enbaxadoreetako bat gurutzatuko ote dudan pentsatuz.