rssgaur8 logotipoa

Eskozian

Eskozian hasiera eman diote Independentziaren aldeko kanpainari. Egia esateko urteak daramate independentziaren aldeko lan izugarria egiten. Azkeneko hamarkadan SNP alderdi independentista izugarri handitu da, alderdi bozkatuena izatera iritsi delarik. Horrek duda barik independentziaren aldeko borroka indartu egin du.

Kontuan izan 1998an, Irlandan Ostiral Santuko bake akordioa sinatu eta gero Eskoziarako lege berria adostu zela. Lege edo akordio berri honek autonomia aitortu zion Eskoziari eta ondorioz parlamentu eta gobernu propioak.

Geroztik 4 hauteskunde burutu dira. Alderdi Laborista (unionista) izan da historikoki alderdi indartsuena Eskozian, eta horrela 1999an Eskoziako parlamenturako lehen hauteskundeak burutu zirenean laboristak 56 diputatu lortu zituzten eta SNP aldiz 35. 2003ko hauteskundeetan bien arteko diferentzia handitu egin zen: laboristak 50 lortu zituzten eta SNPk aldiz 27. 2007ko hauteskundeetan aldaketa nabarmena gertatu zen, SNP 47 lortu eta laboristak 46 lortu bait zituzten. Gobernua SNPk eskuratu zuen, eta oposizio laborista-liberal-kontserbadorea SNPk ezingo zuela gobernatu iragarri zuen, eta horrek hurrengo hauteskundeetan kalte izugarria suposatuko litzaiokeela iragarri zuten. Baina 2011ean burutu diren azken hauteskundeetan SNPk diferentzia nabarmenarekin irabazi zituen hauteskundeak, lehenengoz gehiengoarekin gobernatzeko aukera izan duelarik. SNPk 69 diputatu eta laboristak 37 lortu zituzten.

Pentsa 13 urtetan Eskoziar politikak eta parlamentuak egin duen ibilbidea eta aldaketa. Gehiengo unionista izatetik gehiengo independentista izatera. Hamarkada bakar batean. 2014eko udazkenean burutuko da erreferenduma. Galdeketa egitea bada aurrera pausu bat bere horretan. Guretzat, euskaldunentzat, garrantzi handiko unea izango da, tamainako erreferentzi politikoa bilakatuko da.