rssgaur8 logotipoa

Norberaren alde

Entzuna edo irakurrita daukat prozesuak autobusa bezalakoak direla. Autobusak bere bidea egin behar du Xtik Yra, bidean topatzen dituen geltokietan jendea jaitsi edo igoko da, baina autobusa bere bidea jarraitzen du Yra heldu arte. Egia da bidearen hasieran, tartean eta helmugan autobusak gidaria, bidaiariak eta bestelakoak behar dituela aurrera egin ahal izateko. Horiek dira ezinbestekoak diren ezaugarriak. Prozesuetan ere berdin gertatzen da. Zenbait ezaugarri ezinbestekoak dira. Bestela ez dago prozesua hasi eta are gutxiago gatazka konpontzeko modurik.

Berdintasunean oinarrituriko alde guztien edo adierazgarrienen parte hartzea horietako bat da. Arerioen edo “etsaien” artekoa behar du elkarrizketa, negoziazioa eta akordioa. Parte hartze hori gabe ez dago gatazka

konpontzerik. Gatazkaren konponbidea lortu duten prozesu guztiek ezaugarri hori bete dute. Ezaugarri hori betetzen ez zuten zenbait prozesu saiatu izan dira, baina ez dute gatazkaren konponbidea lortu.

Hori jakinda, esan beharra daukat horrelako prozesuetan beste motatako “espezie” bat ere egon dela beti. Teorian gatazka konpondu nahi baina bere ekinbide politikoa konponbide prozesua oztopatu, zaildu edo desitxuratzen ematen duena. Kasu gehienetan interes pertsonalen mesedetan, norberaren alde. Irlandan, Hego Afrikan, nonahi. Zinez, inork sinesten al du Sinn Feinen parte hartzerik gabe Irlandako gatazkaren konponbidea posible litzatekeenik? Euskal Herrian badirudi hori sinesten duenik badagoela. Saiakera antzuak dira, proposamena babesten dituenak ere ongi baino hobeto dakielako proposamen horiek dauzkaten oinarrizko gabeziak. Ez dute ezer berririk asmatu, horretan ere ez dira aitzindariak izan. Beste herrialdetako esperientziak horretarako ere balio digute. Besteen eta norberaren asmatzeetatik asko ikasten da baina akatsetatik are gehiago.