rssgaur8 logotipoa

Ezkerra Europan

Inoiz ezagutu dugun Europar Batasun eskuindarrenean bizi gara. Sozialdemokrazia oposizioan eta krisi sakonean dago eta Ezkerra, ezker alternatiboa eta erradikala, oso egoera ahulean aurkitzen da. Egoera politikoa, ekonomikoa goitik behera aldatzea helburu duen ezkerrak ez du jendartearen babesa eskuratzea lortzen.

Eszepzio eta kasu berezi askorekin esango nuke Europan bi ezker alderdi mota nagusitzen ari dela. Alderdi komunista klasikoa ordezkatzen duena eta jatorri eta ezker familia ezberdinen batasunaren ondorioz Europako hainbat herrietan azken urte-hamarkadetan sortu direnak oinarri edo eredu daukatenak. Azken hauek bizi izandako sorrera prozesuak Herri Batasunaren sorrera dakarkit burura (beste noizbait adierazi dudan moduan). Alemaniako Die Linke, daniar Enhedslisten, Holandar SP, Suediar Vansterpartiet, Finlandiar Vasemmistoliitto, norvegiar SV eta abar aipatu daitezke adibide gisa. Berriago diren herrietan emaitza onak eta babes handiagoa eskuratzen ari dira, hala nola Alemania (barne talka ugarirekin), Danimarka (gobernuan) eta Holandan. Suedia edo Norvegian aldiz beherantz doazen alderdiak dira eta bietan norabidea zuzentzeko kongresu eta lider aldaketa burutu dituzte edo burutzear dira.

Bi familia hauek GUE/NGL taldea osatzen dute Europako Parlamentuan, zenbaitek Europako Ezker alderdia ere sortu zuten baina nire iritziz haien arteko diferentziak gero eta nabarmenagoak dira. Ez ninduke harrituko datozen urteetan bi familien arteko haustura gauzatuko balitz. Dagoeneko zenbait taldek GUE utzi eta Berdeetara hurbildu dira. Ondorioa, dudarik gabe ezker ahul eta dispertsoago bat izango da.

Ezkerrak Europan (eta beste hainbat tokitan) hausnarketa sakona egin beharra dauka. Bere helburua boterea eskuratu eta egoera iraultzea baldin bada argi dago bide onetik ez doala. Emaitzak eta errealitate gordina hor daude.

Eskoziar Erreferenduma

Eskozian erreferenduma inguruko debatea gori-gorian dago. Erresuma Batuko lehen ministroak, David Cameronek, duela gutxi adierazi zuen Eskoziar erreferenduma inguruan dagoen zalantza orokorra bi arazo nagusi dakartzala. Bat, gertatuko denaren inguruko ezjakintasunak Eskozia eta eskoziar ekonomiarentzat bereziki negatiboa dela. Bi, eskoziar jendartearekiko errespetu gutxikoa deritzo erreferenduma noiz eta nork antolatuko duen eta zer galdetuko den ez jakiteak. Hori dela eta bere proposamena erreferenduma datozen 18 hilabeteetan antolatzea da, eta galdera argia eta erabakigarria izatea. Independentzia bai ala ez. Eta autonomia gehiago izateko inguruko hirugarren aukera ez sartzea. Honek erreferenduma inguruko debatea berpiztu du. Alex Salmond eskoziar lehen ministroaren iritziz erreferenduma inguruko detaile guzti hauek eskoziar gobernuaren eskuduntza dira eta Londonek ez du zer esanik. Badirudi SNP alderdiaren helburua erreferendum hori 2014ko udazkenean antolatzea dela, Bannockburn batailaren 700. urtemugan.

Eskozia eta Ingalaterra arteko “AKORDIOA” (Erresuma Batua) 300 urte darama eta  batzuen arabera ona eta besteen arabera txarra da egiten den balantzea. Mota guztietako argudioak erabiltzen dituzte batzuek eta besteek, konfrontazio handia dago, baina konfrontazio politiko eta demokratikoa. Hala ere nire ustez errespetuan oinarrituriko prozesua da nahiz eta Westminsterrek batzuetan metropoli jarrera izan. Errespetuan diot, ez konfrontazio armatua ez dagoelako (ere) , baizik eta oinarrizko zenbait arau onartuak direlako: Eskozia eta Ingalaterra arteko Batasuna bi herrien arteko akordioa da (akordioaren inguruko irakurketa historiko ezberdinak egon arren), Eskoziarren nazio izaera alde guztiek onartzen dute. Akordioa bi aldeetatik edonor apur dezake, hau da, erabakitzeko eskubidea onartua dago.  Hori da errespetu harreman bat bermatzen duena. Horregatik Euskal Herrian ere, konfrontazio demokratikoan, errespetuan oinarrituriko harreman bat eraikitzeko biolentziaren desagerpena ez da nahikoa.