2011
Amaitzera doan urtean mundu mailan gertatu den ekimen, gertaera garrantzitsuena, esanguratsuenari buruz idatzi nahi nuen gaurko “post”a. Horretarako hainbat iturri ezberdin begiratzen pasa dut denbora, hemerotekak aztertzen, hilabetez hilabete gertatu diren gerra, lurrikara, inbasio, independentzia, hauteskunde, krisi eta abarren inguruan irakurtzen. Horrelako aukeraketa prozesuak ez dira errazak izaten. Zerbait aukeratzea beste edozer baztertzea dakar, eta karaktere kopuru mugatua daukaten zutabe hauetan ezin guztiak aipatu, gertatu diren denak ezagutzen ez ditudala aldez aurretik jakinda gainera.
Ez da ariketa batere objektiboa, hori hasiera-hasieratik argi neukan, aukeraketa eta balorazio oro aurreiritzi eta iritzi jakin batzuen arabera egiten baita. 2011.ean datozen hamarkadetako historia liburuetan agertuko diren asko gertatu dira, onerako zenbait kasuetan baina bereziki txarrerako.
Hala ere, aitortu beharra daukat, mahaiaren gainean datu guztiak jartzerakoan erraza egin zaidala gertaera hori aukeratzea: Euskal Herriko gatazkaren konponbide prozesua, dudarik gabe. Kanpora begiratu eta gertatu direnak gertaturik ere, etxe barruan aurkitu dut erantzuna. Iruditzen zait gure etorkizunean ondorio gehien izango duen gertaera gatazkaren konponbidean eman diren urratsak izan dela.
Urtea ETAren su-etenarekin hasi eta Aieteko nazioarteko konferentzia eta ETAren borroka armatuari amaiera emateko erabaki historikoarekin amaitu da. Tartean, aurretik eta ondoren gauza asko gertatu dira, gehienak edo ia guztiak ezker abertzalearen erabaki eta pausu alde bakarrekoak izan dira. Egia da gatazka politikoa eta gatazkaren “ondorio” gehienak bere horretan dirautela, eta prozesua alde askotarikoa izatera mugitu ezinik nekez lortuko duela benetako konponbidea. Egia da ez dela ezer lortu. Baina egia da ere konponbiderako oinarri sendoak ezarri direla eta ezker abertzalea indartua atera dela. 2012a konponbide integralaren urtea izan dadila. Gu guztion eskuetan dago.
