rssgaur8 logotipoa

Harry Potter

Pelikula zale amorratua naiz, txikitatik. Hala ere azken urteetan gutxitan edo gutxiago hurbildu naiz zinemetara. Aspaldi uste dut pelikulak, zinema zein telebistak, jatorrizko hizkuntzan eman beharko lituzkela, euskarazko azpitituluekin. Eta tokia eta telebista katearen arabera euskara eta gaztelera edo euskara eta frantsesa azpitituluekin. Badakit ere honen kontrako iritziak badirela Euskal Herrian. Hala ere nik ez ditut arrazoi horiek gehiegi ulertzen. Egia da gure zinemetan ematen dituzten pelikula gehienak ingelesez eginak direla, baina ez guztiak, eta alemania, txina edo beste edonon egindako pelikula bat jatorrizko hizkuntzan entzutea ere oso aberasgarria da. Batzuek diotenaren kontra, nire ustez pelikula guztiak euskaraz entzutea ez du espazio horretan euskararen erabilpena normalizatzen laguntzen. Aupa Etxebeste euskaraz entzutea normala den logika eta arrazoi berberengatik Akira Kurosawaren zazpi samuraietako pertsonaiak batueraz entzutea ez da batere normala. Nahiz eta mila aldiz ikusi eta entzun.

Euskal zinemagintza ez da pelikulak doblatzen bultzatzen baizik eta bertoko produkzioak laguntzen.

Bruselan Frantsez eta nederlanderazko azpitituluak jartzen dizkiete pelikulei, biak batera, bata bestearen azpian, eta ondo dabilen sistema dela aitortu beharra daukat, nahiz eta textu dezente agertu pantailan. Hala ere 3D pelikulen sorrerarekin eta horiek ikusteko erabili behar diren betaurrekoekin, ziur naiz laster (dagoeneko existitzen ez bada) betaurrekoak azpitituloak ikusteko eta hizkuntza erabakitzeko ere balioko dutela.

Eta zertara dator guzti hau? Duela gutxi Donibane Lohitzuneko zinema berrian egon naiz, eta zinez diotsuet Harry Potterren aztikeriak ez dutela magia berdina frantsesez.

Eurozale ala Euroezeptiko?

Dudarik ez dago Nazioarteko krisi ekonomikoak Europar Batasunean krisi sakona eragin duela. Urteetan Europar Batasunari egin zaion kritika zorrotzenetariko bat da batasun ekonomikoa indartu duela batasun politikoan aurrera pausuak eman gabe. Europar konstituzioaren porrotak eta ondoren modu ez demokratikoan estatu kideek ezarri zuten Lisboako ituna horren adierazle argiak dira. Europar Batasuna nora doan inor gutxi daki. Partaideek ere ez. Baina egun bide hori elkarrekin egin nahi duten ere dudan jarriko nuke.

Europar Batasuneko kide izateko prozesua ederki zehaztua dago, eta azken hamarkadetan asko dira Klub honetara gehitu diren estatuak. Europar Batasuna nola utzi daitekeen aldiz ez dago batere argi. Ez dago Europar Batasuna utzi duen estaturik. Groenlandia, Danimarkarekin batera Europar Batasunean sartu eta handik gutxira irtetea erabaki zuen. Baina Danimarka kide izaten jarraitzen du.

Denak elkarturik influentzia gehiago, botere gehiago, indar gehiago dugunaren argumentua zabaldu da maiz. Ekonomikoa, militarra eta politikoa. Estatu Batuen aurrean Europako Estatu Batuak. Hala ere badira Europar Batasuneko kide ez izatea erabaki duten hainbat estatu. Teoria horrekin ados ez daude edo ez diote berebiziko garrantzirik ematen. Dezente diren arren burura datozkit bereziki Suitza eta Norvegia. Bi hauek gauza asko gaizki egingo dituzte, ziur. Baina munduko gatazka politikoen konponbidearen alde gehiago egin dute bi hauek bakarrik Europar Batasuna, bere botere guztiarekin, baino. Duela gutxi publiko egin den inkesta baten arabera Europar Batasuneko kide izatearen kontra dagoen norvegiar kopurua inoiz egon den handiena da. Populazioaren %72a dago kontra eta %12a bakarrik sartzearen alde. Europar Batasuna eta Norvegia nola dauden ikusi eta konparatuz ez nau harritzen.

Irlandako Hauteskundeak

Irlandako hauteskunde presidentzialak burutu dira eta azkenean inkestak aurre ikusitako emaitzak lortu ditu Martin McGuinnessek. Ez da sorpresarik izan. Hirugarren hautagai bozkatuena suertatu da, bozen %13arekin. Kanpainaren hasieran bazirudien emaitza hobeak lortzeko aukera izango zuela, baina nire ustez emaitza hauek oso onak dira Sinn Feinentzat. Errepublikanoek Irlaren hegoaldean daukaten babesa indartzen ari dira, pixkanaka eta kostata. Iparraldean abertzale komunitatean haien hegemonia indartzen duten bitartean hegoaldean gero eta emaitza hobeagoak lortzen doaz. Lurraldetasunaren ikuspegitik ere, azken garaian alderdi errepublikanoak harturiko erabakiak subjektu nazional bakarraren ideia indartu du.

Gerry Adams lehenengo eta Martin McGuinnessek ondoren Hegoaldean buruturiko hauteskundeetan aurkeztu izana askoren buruan zegoen eta dagoen muga apurtu egin du. Hori bai benetako mugaz gaineko kolaborazioa.

Martin McGuinnessek ez du lehendakaritza eskuratzea lortu baina Irlanda batasunetik gertuago dagoela iruditzen zait.

Gainontzeko hautagai eta alderdiek McGuinnessen kontra buruturiko kanpaina inork gutxi espero zezakeen beste ondorio bat izan du ere, iparraldeko hainbat unionista bere alde azaltzea. McGuinness Stormonteko lehendakari ordea izateko gaitasuna baldin badauka, eta munduko zirrikitu guztietatik, Irlanda Hegoaldetik ere, Ian Paisley eta Martin McGuinness osatzen duten bikotea txalotu izan bada, nola da posible pertsona bera Hegoaldeko lehendakari izateko ez gai bezala ikustea zenbaitek? Iparraldea gutxitzen duen ariketa bezala ikusi dira kritika guzti hauek.

Azkenik, Irlanda, irlandarrek eta bereziki Sinn Feineko militante eta buruek Euskal Herriaren alde egin duten guztia eskertu nahiko nuke. Euskal Herriak bizi duen une itxaropentsua haiei esker ere lortu da.