rssgaur8 logotipoa

Herriaren Etsaia

Henrik Ibsen antzerkigile eta poeta norvegiarrak “herriaren etsaia” obra idatzi zuen, eta izenburu horrek bikain definitzen du Osloko sarraskia gauzatu duen eskuin muturreko gizona. Hori zen bere azken helburua, norvegiar gizarte eredua suntsitzea. Hala ere Ibsenen obratik ez ezik Henning Mankell edo Stieg Larsson idazle suediarren nobeletatik ateratakoa dirudi.

Stieg Larssonek bere kazetari eta literatura obraren bidez eskuin muturraren arriskuaz hitz egin digu behin eta berriro, baina inork gutxi pentsa zezakeen horrelako edozer gerta zitekeenik Oslon.

Nordahl Grieg idazle eta kazetari norvegiarrak idatziriko “Til ungdommen” (gazteentzat euskaraz) poema bilakatu da dolumin egun hauetako abesti nagusia Osloko kaleetan. Antifaxista eta komunista, bigarren mundu gerran korrespontsal lanetan zebilela alemaniar naziak erail zuten. Gazteen aldeko poema, gerraren kontrakoa eta bakearen apologia egiten duena.

Norvegia bere mugetatik kanpoko gatazka askotan, konponbide baten alde eginiko fazilitazio, bitartekaritza eta diplomaziagatik ezaguna eta errespetatua da munduan. Orain barne arazo potolo baten aurrean irizpide berdintsuak erabiltzen ari da. Kanpoan ikasirikoa etxean erabiltzen. Eta horrek badauka meritua. Antzeko sarraskiak, atentatuak beste herrialde askotan eman dira. Eta toki guzti horietan arduradun politikoen erantzuna eskubide zibil eta demokratikoen murrizketan oinarritu da, kanpo eta barne “etsaiak” borrokatzen eta gerrak abiarazten. Norvegiak hasitako bidearekin jarraitzen badu, eta jarraituko duela uste dut, horrelako egoerak kudeatzeko beste modu bat dagoela erakutsiko dio munduari. Modu eraginkorragoa gainera. Gizarte seguruago baina baita ere demokratikoagoa sortzerako bidean.

Zergatik eta zertarako?

Brian Currinek Euskal Herriko Unibertsitateko uda ikastaroetan parte hartu du. Twitterretik jarraitu dut esan dituenak. Esaldi borobilak bota ditu: “Konponbide elkarrizketatu baten aldeko apustua egin behar da, eta ez neurri polizialetan bakarrik oinarrituriko batean”, “negoziazioetan, deabrua detaileetan dago”, “bake prozesu batek jendea aldarazten du, hobera, horregatik da horren garrantzitsua jendartearen parte hartzea” eta beste asko.

Argi dago Brian Currin ez dela Ezker Abertzalearen agente infiltratu bat, ez duela ezker abertzalearen agenda politikoa defendatzen. Berea eta International Contact Group taldeko kideen papera gure herriak bizi duen gatazka politikoa behin betiko konponduko duen bake prozesu bat abian jartzen laguntzea da. Eta aldeek horrela eskatzen baldin badute, elkarrizketa eta negoziazio prozesu horretan bitartekari lanak burutzea ere.

Unionista gehienek ICG abertzaleen aldeko talde bezala aurkezten dute. Talde horren lana eta etorkizunean joka zezakeen papera gutxitzeko estrategia da. Gurean horren ezaguna egin den George Mitchell senatari estatu batuarra ere errepublikanoen alde egoteaz akusatu zuten behin baino gehiagotan unionistek Irlandan.

Zergatik eta zertarako? Irabazi = irabazi eskema prozesuan sinisten ez dutenek ez dute nazioarteko begiraleen beharrik.. Esan  eta adosturiko guztien lekukoak soberan daude eta arriskutsuak dira. Loiolako elkarrizketetan hiru alderdik parte hartu zuten, baina bertan gertatutakoaz hamarna bertsio ezberdin daude. Elkarrizketa horiek nazioarteko bitartekaritza aditu bat izan balute bertsio bakarra legoke. Agian ez publikoa, eta ziurrenik inoren gustukoa %100ra, baina bertsio ofizial bakarra eta argigarria.  Horrelako prozesuetan, elkarrizketa eta negoziazioak bezain garrantzi handia hartzen dute prozesua garatzeko adosten diren arauak eta agenda.