rssgaur8 logotipoa

Urte bat gobernurik gabe

Belgikak marka guztiak hautsi ditu. Ekainaren 13an urte bat bete du gobernurik gabe eta dagoeneko Gobernurik gabe denbora gehien eman duen munduko estatua da. Ez da nola nahiko errekorra. Egoera bere horretan jarraitu ezkero auskalo zer gertatuko den. Bitxia bada ere, alderdi eta aditu gehienek hauteskundeak deitzearen kontra azaltzen dira. Badirudi hauteskundeak egitekotan antzeko emaitzak lortuko liratekeela, eta akaso N-VA (flandestar abertzaleak) eta Sozialista Walloniarrak bozka gehiago lortuko dituzte.

Belgikarrak, halakorik existitzen bada, egoerarekin nazkatuak daude, baina era berean flandestar zein walloniarrak, haien alderdi nagusiek negoziazioetan izandako jarrerak defendatzen dituzte eta etorkizunean alderdi berei babesa emateko prest daude. Datu hau garrantzia berezia dauka, alderdiek ez dutelako haien posizioa aldatzeko presio nabarmenik nabaritzen, eta bai aldiz kontrakorako. Duela gutxi Bruselan izan naiz eta ez dut aparteko girorik sumatu. Hauteskundeen ondorengo hilabeteetan krisi politikoa eta akordioak lortzeko ezintasuna denen ahotan zegoen bezala, egun ez dut halakorik ikusi.

Flandestarrak eta Walloniarrak ez dute elkar gorrotatzen, ez dago bata eta bestearen arteko lehia edo desafio gogo berezirik ere. Bata bestearekiko interes falta izugarria da, bi lurraldeen artean 10.000 kilometroko distantzia balego. Antwerpen (Anberes) eta Lieja artean 100 kilometroko distantzia dago, baina bien artean ozeano bat dagoela dirudi. Elkar interes eza horrek, eta bi gizarteen arteko ezberdintasunak izango dira Belgika behin betiko desagerraraziko dituenak. Sentsazioa daukat hortaz aspaldi jabetu direla bai Belgikako zein nazioarteko mandatariek. Hala ere etorkizunean zer gertatu eta Belgikaren desagerpena nola gauzatuko den aurre ikusten oso zaila egiten zait. Ez ninduke harrituko bapateko erabakia izatea, hots, parlamentu flandestarrak independentzia aldarrikatzea, edo adosturiko prozesu luzea izatea ere.

Ekainak 18 Biarritz

Ekainaren 18an hitzordua dugu Biarritzen. Eskubide zibil eta politikoen egoera eta Euskal Herriko gatazka politikoaren konponbidea aztertuko dituen konferentzia antolatu dute.

Euskal Herriko eta estatu Frantseseko pertsonalitate ezagun ugari eta garrantzitsuak azaltzen dira manifestua izenpetu dutenen artean. Baten batzuk aipatzearren, hor daude esaterako Stephane Hessel (aktualitate osoa duen indignez vous! liburuaren idazlea), Olivier Besancenot (NPAko militantea), Bove, Alfonsi eta Gr├ęze europar diputatuak, Jacques Gaillot apezpikua, eta abar luze bat.

Nazioarteko zenbait aditu ere haien esperientzia eta jakituria azaltzeko aukera izango dute. Therese Ruane Sinn Feineko ordezkariak nazioartea eta Europar Batasunak gure gatazkaren konponbidean joka dezakeen paperaz arituko da, Irlandan bete zuten rola azalduz. Veronique Dudouet, Berghof Fundazioko kideak aldiz lege antiterroristak eta gatazken konponbidea izango ditu hizpide.

Euskal Herriak bizi duen momentu politikoan aktualitate osoa duten gaiak edo gaia. Argi baitago gurea bezalako gatazka politikoetan gatazka kudeatzeko eta konponbidea bilatzeko orduan estatuek bi eskema edo filosofia nagusien aurrean aurkitzen direla. Segurtasun neurrietan oinarritzen dena, lege anti terrorista zorrotzak, eskubide zibil eta politikoen urraketa, legez kanpoko erasoak, finean, arerioaren desagerpenaren bidez garaipena bilatzen dutenak. Sri Lankak Tamilekin erabili zuen eskema. Bigarrena elkarrizketa, negoziazioa eta akordioan oinarrituriko prozesu demokratikoak dira, Irlandan edo Hego Afrikan eman ziren modukoak.

Konponbide demokratikoa bilatzen dutenek ere segurtasun neurrietan oinarrituriko politikak kale egin duelako izaten ohi da, eta bake prozesuak garatzerako orduan segurtasun neurri horiek ezarritako hainbat egoera zuzendu behar dituzte, prozesuek behar bezala aurrera egin dezaten. Hori da estatu espainiar eta frantsesaren bidegurutzea. Eta guzti horren inguruan Biarritzen eztabaida interesgarria emango da.