rssgaur8 logotipoa

Nor nori nork

Faroe Uharteetan Konstituzio berria lantzen ari dira. Maiatzaren 9an bozkatu beharra zegoen parlamentuan baina parlamentuak komisiora itzultzea erabaki zuen, aldaketa txiki batzuk egin diezaioten onartua izan aurretik.

Datozen asteetan onartuko du Parlamentuak eta ondoren urte beteren buruan erreferenduma burutu beharko da Faroeko herriak oneritzia eman diezaion.

Aro berria hasten da Faroe Uharteetan. Autonomia izaten jarraituko du, momentuz, baina autonomia eredua beste parametro batzuetan kokatzen du. Konstituzioaren testuak dioenez, Faroe Uharteen burujabetza osoa Faroe uharteko herritarrei dagokie eta ez beste inori. Faroe Uhartearen erabakia da bereak diren zenbait eskuduntza Danimarkako estatuari eskaintzea, beti ere, Faroetarrek horrela nahi duten bitartean.

Burujabetza eta ondorioz, logikoa denez, autodeterminazio eskubidea ere.

Ez da Danimarkako estatuak eskuduntzak Faroetarrei ematen dizkionak baizik eta alderantziz. Hor dago  konstituzio honek eskaintzen duen berritasun nagusia. Badago beste alde positibo bat, kontuan hartzekoa. Momentuz konstituzioa osatzeko eman diren pausu guztiak adostasunez burutu dira. Unionistak eta independentistak prozesu horren partaide izan dira. Bi sektoreentzat konstituzioak arriskuak eta aukerak sortzen ditu. Ondoren gehiengoak erabakiko du.

Nor, nori, nork. Hori da gatazka politiko gehienen gakoa. Gurean aurrera doan prozesuak ere, formulazio ezberdin guzti hauek kontuan izan beharko ditu, bere eredu propioa sortzerako orduan. Lurraldetasuna eta autodeterminazio eskubidea gakoei erantzungo dion eredu adostua lortu beharko dugu. Ate guztiak, aukera guztiak irekiak utziko dituen agertokia. Euskal herritarren gehiengoak erabakiko du norantz joan. Eta hor ere abertzaleok lan izugarria dugu egiteko.

Bildu

Auzitegi konstituzionalak Bildu hauteskundeetan parte hartu dezakeen erabaki aurretik nabil ondorengo lerroak idazten. Baina badira dagoeneko ondoriozta daitezkeen zenbait kontu.

Euskal Herrian aro berri bat eta gatazka politikoa behin betiko konpontzeko aukerak sortzen doazen heinean, espainiar estatuak ez du bere errepresio politika batere aldatu. Denen buruetan dago, ezker abertzaleak unilateralki hasi duen prozesua alde askotariko prozesua bilakatu behar dela, alde guztien konpromisoa eta parte hartzea beharko duela, gatazkaren konponbidea lortu nahi badu.

Bazirudien estatuarentzat asumitu ezina zena Euskal Herriko Askapen Mugimenduak erabilitako borroka moldeak zirela. Rubalcabak “bozak ala bonbak” esaten zuen. Baina azken gertakariak ikusirik eta estatuaren jarrera ongi azterturik argi dago  arazoa ez dela “estetikoa”, edo borroka moldeena.

Estatuak asumitu ezin duena Ezker Abertzalearen proiektua da. Independentzia eta sozialismoa. Helburu horiek estatuaren helburu estrategikoen kontra talka egiten dute, eta hor dago arazo nagusia.

Zabaltzen ari den bidea luzea, gogorra eta oztopoz beterikoa izango da. Buruan gure helburu estrategikoak argi izanda, taktika horietara moldatu beharko dugu eta sortuko zaizkigun kontraesanak ondo kudeatu.

Irlandako prozesua ez zen Stortmonteko akordioa sinatu zenean amaitu. Eta Hego Afrikakoa ez zen amaitu Nelson Mandela presidente bilakatu zenean. Bere horretan diraute. Alde guztiek jarraitzen dute haien proiektu eta helburu estrategikoak erdiesten saiatzen. Akordioak joko arau berriak eta demokratikoak zehazteko balio izan zien. Baina konfrontazio politikoa eta mugimendu askatzaileen borrokak bere horretan diraute. Finean batzuen eta besteen helburuak kontrajarriak izaten jarraitzen dutelako.