rssgaur8 logotipoa

Ispiluaren Aurrean

Irlandako bake akordioaren 13. urtemuga ospatu da Apirilaren 10ean. Garaian bazirudien Irlandan gertaturikoak Euskal Herriko gatazkaren konponbidean ondorio geldi ezinak izango zituela. Ez da horrela izan, eta gure herriak bizi duen gatazka politikoa konpontzeke jarraitzen du.

Hala ere, 1998an Lizarra Garazi akordioaren sinadurarekin hasitako bideak aurrera jarraitu du urte guzti hauetan. 13 urte hauek gatazkaren konponbidean buru belarri eman ditugu. Momentu hobeak eta txarragoak egon dira.

Prozesuak parentesiak izan ditu, etenaldiak, baina sekula gelditu ez delakoan nago.

Orain prozesu horren etapa itxaropentsu batean murgiltzeko oinarriak ezarri ditu ezker abertzaleak. Orain eta beti. Lizarra Garazi garaian, 2006ko garaian eta aurretik egon diren saiakeretan ezker abertzalea izan delako ere konponbide saiakeren aitzindari eta bultzatzaile nagusia. Nire ustez, helmugara eramango gaituen prozesuaren etapa hasi dugu oraingoan.

Horrelakoetan gertatzen den bezala, gatazkaren konponbidea ez ezik, konponbide horren hurrengo eguneko mapan dute hainbat eragilek burua. Basurdea ehizatu aurretik, nola sukaldatu eztabaidatzen duten lagunak bezala. Azkenean basurdeak ihes egin eta jatekorik ezer.

Eskakizun ugari egiten dizkiote ezker abertzaleari. Baina nire ustez ezker abertzaleak etxeko lan guztiak edo gehienak amaitu ditu dagoeneko. Batzuek haien gabeziak, barne kontra esan eta ezintasunak ezkutatu nahian beste batzuengan jartzen dute jo puntua. Ispiluaren aurrean denbora gehiago emango balute prozesu hau aurrera errazago egingo luke.

Konponbidea helduko da, EHak independentzia lortuko du eta denboraren perspektibarekin momentu historiko hauetan bakoitzaren papera zein izan den epaitzeko ordua ere iritsiko da.