rssgaur8 logotipoa

Kriminalizazioa

Estrasburgo Espainiar erreinua kondenatu du berriz ere. Kasu honetan Espainiako gorteek Arnaldo Otegiri ezarritako zigor baten ondorioz.

Ezker Abertzalearen sorrera egunetik, estatu espainiar eta frantsesak bere ekintza politikoa kriminalizatu eta geldiarazten saiatu dira. Ez da ilegalizazioekin hasitako praktika bat. Lehenago ere mota guztietako trabak jarri izan dizkiote Ezker Abertzaleari. Etorkizunean ere berdin jarraituko dute.

Ezker Abertzaleak defendatzen dituen helburu politikoak, independentzia eta sozialismoa, talka egiten dute Estatuen interesekin. Gure mugimendu politikoa jendartearen babesik izango ez balu, marjinala balitz, eta planteatzen dituen helburuak gizartearen interes orokorretatik oso aldendua balego, estatuek ez lukete horrelako jarrera bortitzik izango.

Haien “terrorismoaren” kontrako politika, eremu politikoan erakusten duten ahuleziaren tamainakoa da. Biolentzia erabiltzera behartuak dira, konfrontazio demokratikoari beldur izugarria diotelako. Finean, gure herriak libre eta demokratikoki erabakiko duenaz beldur dira.

Egia da urteetan pairaturiko ilegalizazioek, kriminalizazioak, atxiloketak, torturak, espetxeratzeak, gerra zikina, min izugarria eragin digula. Politikoa eta humanoa.

Baina hori egia den proportzio berdinean, egia da ere politika horrek zeukan azken helburua ez duela lortu. Euskal Herriko askapen mugimendua desagerrarazi eta independentzia eta sozialismoarekiko herritarren babesa gutxitu.

Praktika hau beste lurralde batzuetan ere gertatu da. Sinn Fein, Erresuma Batuaren kriminalizazio etengabea pairatu du bake prozesuaren aurretik, garaian eta ondoren ere.  Horrelako prozesu bat aurrera eraman ahal izateko konfiantza espazioak sortu behar dira aldeen artean, berdintasuna bermatuko dutenak, baina hori ez zaitu zure arerio politikoaren lagun bihurtzen.