rssgaur8 logotipoa

Francesco Cossiga

Euskal herriak lagun asko ditu munduan zehar. Mota guztietako pertsonak gure herria lagundu eta defendatu dute urteetan. Jatorri geografiko eta ideologiko askotarikoak. Ezkerreko militanteak, baina baita ere liberalak, kontserbadoreak, kristau demokratak eta politikaz paso egiten duten hainbat ere bai.

Zaila da gure herriarekiko duten lotura zehaztea. Ezinezkoa da patroi bat irudikatzea. Kasu batzutan edo gehienetan politika da, ezker abertzalearen proiektu politikoarekiko lotura. Beste batzuetan errepresio gordinak sorturiko elkartasuna. Edo gure kultura eta hizkuntzarekiko maitasuna. Baina badira ere bestelako arrazoiak ere bai. Hala nola egindako turismo bisitaren bat, edo jai batzuetan ezaguturiko lagun taldea, edo ta beste mila arrazoi.

Bitxia egiten zait, aktibista politikoetaz ari naiz, haien herrietan elkar ikusi ezin duten pertsonak eta taldeak gure herria laguntzeko bat egiten ikusi izana. Haien arteko liskarrak alde batera utzirik itzaldi bat edo espainiar enbaxada aurrean manifestaldi bat antolatzen. Eta horrelakoak maiz gertatu dira ere.

Aste honetan Francesco Cossiga hil egin da. Italiako presidente ohia, eta Europar kristau demokraten erreferente politiko nagusietariko bat. Ezagutu gabe, ziur nago, ezer gutxi izango genuela amankomunean. Ideologikoki arerioak ginateke espazio politiko berean lan egin beharko bagenu. Baina bere heriotzaren berri egunkarietan irakurri dudanean malko bat isuri dute ene begiek. Euskal Herriaren lagun bat hil da. Euskal Herriaren alde horrenbeste lan egin duen gizona eta politikaria zendu da.

Lizarra Garazi garaietan eta azken prozesuan egin zituenak etorri zaizkit burura. Aznarri buruz esan zituenak. Eta baita Arnaldo Otegiri buruz edo Batasunari buruz esandakoak ere.

Euskal Herriko txoko hontatik doluak aurkeztu nahi nizkioke bere familia eta lagunei.

Eliz Ebanjelikoa

Ez naiz sekula oso eliz edo erlijio zalea izan. Fededuna ere ez. Bestelako hobbyak nahiago izan ditut beti.

Baina gaur Alemaniako eliz ebanjelikoak egin dituen adierazpen batzuk aipatzera natorkizue. Bai, ongi irakurri duzue, Alemaniako eliz ebanjelikoa. Eta zerk lotzen ditu eliz ebanjelikoa eta Euskal Herria. Idearik ere ez.

Uztailaren 15ean, Thorsten Leißner-ek, Präses Schneider Alemaniako eliz ebanjelikoko lehendakariaren izenean, Euskal Herriko egoeraren inguruan adierazpen oso interesgarriak egin zituen. Präses Scheiner-en ustez euskal mugimendu independentistaren historia, alde guztietako biolentzia eta giza eskubide urraketaz ezaugarritua egon da. Bere ustez aldeetako batek, Ezker Abertzalea, biolentziarik gabeko bitartekoen aldeko alde bakarreko deklarazioa oso positiboa da. Baina ondo azpimarratzen du, deklarazio honek gatazkaren konponbidean lagundu behar duela, eta bere ustez horretarako bide bakarra litzatekela alde guztien eta hauen interesen edo helburu arteko akordioa lortzea.

Badirudi Euskal Herrian Ezker Abertzaleak ematen ari dituen aurrera pausuek harrera oso ona izaten ari dituztela nazioarteko eragileen artean.

Bruselako Deklarazioa, Friendshipa, Suitzan sortu berri den Euskal Herriaren aldeko diputatu elkartea, hainbat alderdik egin dituzten deklarazioak (N-VA, Sinn Fein…), eta orain alemaniako eliz ebanjelikoak esandakoak adibide argiak dira.

Dena den Präses Schneider ezin argiago adierazi duenez, urteetan alde guztietako biolentzia existitu da, eta egoera hau aldatzeko proposamena egin duena aldeetako bat baino ez da izan. Ezker Abertzalea ain zuzen. Badira gure gatazkan biolentzia erabiltzen jarraitzen dutenak. Estatu espainola esaterako. Azken asteetan burutu dituen atxiloketak, hasi dituen epaiketak, edo egin dituen kartzela eskaerak ikusi besterik ez dago.

Guk hasitako bidean jarraitu beharko dugu, bidea zaila eta luzea izango denaren jakitun.