Faroe
2010ean konstituzio propioa onartzeko erreferenduma burutzeko akordioa zegoen Faroeko alderdi politiko nagusien artean. Hala ere 2008an emandako gobernu koalizio apurketaren ondoren erreferenduma burutzeko plana ere geldirik geratu zen.
Ez da prozesu erreza ez eta laburra izan. 1999an hasi zituzten Faroe uharteetako alderdi politiko ezberdinak konstituzio propioa diseinatzeko elkarrizketak eta negoziazioak.
2008ko krisi politikoa eta gero badirudi berriro ere elkarrizketak berreskuratu dituztela eta bide onetik doazela. Zaila da data zehatzik aurreikustea baina ematen duenez 2011ko hasiera edo udaberrian burutuko da aipaturiko erreferenduma.

google earth
48.000 biztanle besterik ez dauzkan herri honek urte dezente daramatza independentziarako bidean urratsak ematen. 1946an dagoeneko independentziaren aldeko erreferenduma burutu eta irabazi zuten. Geroztik autonomia bereganatu eta urratsez urrats joan dira estatu independente bat eraikitzen. Europar Batasunean Danimarkarekin batera ez sartzea erabaki zuten 1973an eta 2008ko hauteskundeen ondoren Faroetar kanpo aferetako “ministerioa”sortu zen.
Eta konstituzio propioaren aldeko erreferendumak bide horretan beste urrats garrantzitsua izango da. Faroetarren autodeterminazio eskubidea lege bihurtuko du.
Baten batek pentsatuko du Faroetarren gehiengoa abertzale edo independentista dela. Mugimendu independentista indartsua dago, baina baita ere unionista, eta azken hamarkadetan unionistak gehiengoa daukate Faroeko parlamentuan. Hala ere alderdi bozkatuena Alderdi Errepublikar alderdi abertzalea izan da. Alderdi ezkertiar eta abertzalea.
Nola da horrelako prozesu bat posible orduan? Bi arrazoi nagusi azpimarratuko nituzke. Elkarrizketa eta negoziazioen erabilera proiektu politiko kontrajarrien kudeaketarako. Bigarrenik, Irabazi-irabazi eskemaren aplikazioa. Unionistek konstituzioaren beharra ikusten dute eta ez dute uste konstituzio horrek independentzia ahalbideratuko duenik. Abertzaleek aldiz konstituzio hori independentziarako bidean azken geltokia dela uste dute. Biek daude konstituzioaren alde, eta baita ere Faroetarrek erabakiko dutena errespetatzeko prest.
