Belgikako krisiaz
Belgikako gobernuaren hamaikagarren kolapsoa suertatu da azken aste-egunetan. Urteak daramate egoera konpondu ezinik. Flandestar eta Waloniar arteko negoziazioak ez dute akordiorik erdiesten. Bien jarrera eta helburu antagonikoak ikusirik nekez lortuko dute.
Eta badirudi ekainean hauteskundeak ospatuko dituztela berriro ere. Hauteskunde posible hauen karira bi gauza azpimarratu nahi nituzke.
Lehenik, BHV aferak eragin du berriz ere gobernuaren dimisioa. Baina gogoratu dezagun BHV gaiari loturik Belgikako gorteek emandako epaia: BHV konpondu ezik hauteskundeak legez kanpokoak izango lirateke. Beraz, lehenik eta behin ikusi beharko da hauteskundeak egitea legala den ala ez. Belgikan debate izugarria dago gai honen inguruan. Ziur nago zirrikituren bat aurkituko dutela hauteskundeak ospatu ahal izateko, baina Flandeseko hainbat alkate (alderdi ezberdinekoak) jada aurreratu dute hauteskundeak egitekotan boikot kanpaina bultzatuko luketela. Horra hor lehenengo arazoa.
Bigarrenik, hauteskundeak gaur burutuko balira, alderdi abertzaleek, eta bereziki N-VA alderdia izango lirateke igoera gehien izango luketen alderdiak Flandesen. Alderdi hauen jarrera BHV gaiari dagokionez tinkoa da, eta ez dirudi aldatuko dutenik.
Zaila da ahaztea duela 100 urte Bruselako biztanleen gehiengoa nederlandera hiztuna zela. Egun nederlandera hiztunak gutxiengo gutxitu bat dira. %15era ere ez dira heltzen. Azken 100 urteetako politika frankofonoaren eta flandestarrekiko diskriminazioaren ondorio da hau.
Waloniar eta frankofonoak BHV-rekin eskatzen dutena onartu ezina da. Hau da, Brusela hiria handitzen doa, eta ondoko herrietara gero eta frantses hiztun gehiago doa bizitzen, eta hauen asmoa da BHV osatzen duten herriek Flandes izatetik Bruselako parte izatera pasa daitezen. Errepikatuko ez den eszepzioa dela diote, baina inork gutxi sinisten die Flandesen. Jakin badakite BHV lurraldearekin amore ematen badute etorkizunean beste zonalde batzuetarako berdina gertatuko litzatekeela.
Bitxia da, walonian milaka flandestar ere bizi direlako, baina hauek guztiak frantsesa ikasi egin dute eta bizitzera joan diren herrietara moldatu egin dira. Belgikan frankofonoak nahi dutena, gainontzeko guztiak haien baldintzetara egokitzea da.