rssgaur8 logotipoa

Estandar bikoitza

Behin baino gehiagotan ikusi dugu. Aste honetan berriz ere gertatu da. Europar Batasunak estandar ezberdinak erabiltzen ditu bere mugetatik kanpo edo barne gertatzen direnak epaitu eta aztertzerako orduan.

Estrasburgon, Europar Parlamentuko plenoak Kubari buruz kristonak esan ditu. Bitxia egiten zait horrelako gauzak entzutea. Kubako egoeran sartu gabe, bitxia egiten zaidala diot, ez ditudalako europar diputatuak horren temati ikusten beren mugen barnean gertatzen diren giza eskubideen urraketekin.

Beraz, eta urteetan Europar Batasunak bere mugen barnean egindakoak eta bereziki ez egindakoen jarraipena egin ostean, atera dudan lehen ondorioa da Europar Batasunari Giza eskubideen urraketak ez zaiola batere inporta. Badirudi, Europar Batasuneko kide izanda karta txuria lortzen duzula zure mugen barnean kristonak eta bi egiteko. Eta karta txuri hori izanda nazioarteak ez du dudan jarriko estatu horren oinarri demokratikoa. Eta denok ederki ikasi dugun bezala demokrazian ez da preso politikorik, errepresio politikorik ez antzekorik gertatzen. Eta noizbait giza eskubideen urraketaren bat ematen baldin bada, estatu berak balizko egiturak dauzka kasu zehatz horiek aztertu, epaitu eta zigortzeko.

Gure kasuan guzti honen ondorioa argia da. Europar Batasunaren begietan Euskal Herrian azken urteetan eman diren milaka tortura kasuak ez dira existitzen, gezurra dira, ez dago preso politikorik eta ez da gatazka politikorik existitzen. Segurtasun arazo bat baina ez da existitzen eta segurtasun arazoak segurtasun konponbideak behar dituzte. Amen.