Fundacion para la Libertad?
Euskal Herrian ezker abertzaleak daraman barne eztabaida, eta bereziki honek izan ditzakeen ondorioak eta sortu dezakeen agertokiaren beldur da espainiar gobernua. Euskal Herrian Espainiar gobernuak azken hilabeteetan garatu duen jarduera errepresiboa horren adierazle argia da.
Gero eta argiago geratzen ari da ere nazioartearen esku hartzeari espainiarrek dioten beldur ikaragarria. Eskozia, Ipar Irlanda, Faroe, Groenlandia eta beste hainbat tokitan posible dena ilegala ei da Euskal Herriarentzat. Hots, autodeterminazio eskubidearen aplikazioa, gatazken konponbide politiko eta demokratikoa ez dira formula baliagarriak Euskal Herriarentzat.
Estatu Espainiarrak nahiagoko luke Erresuma Batua edo Eskandinaviar herriak beharrean Sri Lanka eta Turkia Europar Batasuneko kide izango balira.
Estatu espainiarrak badaki nazioartearen esku hartzea haien interesen kontra doala. Ezker abertzaleak defendatzen dituen bideak nazioarteko eredu eta praktikan oinarrituak direlako. Eta hori ekiditeko bidean izugarrizko lobbya egiten dute.
Espainiar prentsak azaldu duenez espainiar diplomaziak Suitzan eta Londonen gatazkaren konponbidearen alde burutu behar ziren ekimen ezberdinak eragotzi ditu.
“Fundacion para la Libertad” deritzon taldea Europako parlamentuan egon da gaur, “Ezker abertzaleak garatu dituen harremanak oztopatu” eta bereziki “Friendshipa sortu ez dadin” helburuekin. Berandu dabiltza zioen Ruperren kantuak eta halaxe da…
Argi dago Nazioarteak eta bereziki Europar Batasunak berebiziko papera joka zezakeela Euskal Herriko gatazkaren konponbidean. Argi dago ere orain arte ez duela dagokion papera jokatu eta espainiar tesien alde lerrokatu dela. Espainiar gobernuak izugarrizko presioak burutzen ditu kanpoko inor haien “oilategian” muturrik sartu ez dezan.
Baina azken urteetan ezker abertzalea eta espainiar gobernuak adierazi dutenez 2006ko prozesuan nazioartearen parte hartzea bermatu zen, eta ondorioz euskal gatazkaren konponbidea nazioarteko agendan kokatu zen. Behingoz. Hasitako bidea jarrai dezagun…
