rssgaur8 logotipoa

FLIK

Ludo Docx apaiza Flandesen ezagutu nuen FLIK elkarteak antolatu zuen ikastolen aldeko azken gaualdian. Beste behin Ludo Dock eta Walter Luyten-ekin batera Berlaar deritzon herrian pasa genuen eguna nik eta beste lagun batek. Walter Luyten jada oso gaixorik zegoen, baina hitza hartzen zuenean eta Euskal Herriari buruz hitzegiten hasten zenean bazirudien 20 urte zituela oraindik.

Egun hori eta Walterrekin pasatako beste momentu batzuk oroitzeak zirrara berezia sortarazten dit oraindik ere.

Datorren Urtarrilaren 27an bi urte beteko dira Walter zendu zenetik.  Baina Walter, Ludo eta beste flandestar abertzale askok landatutako kimua hazten jarraitzen du.

Flandesen Euskal Herriarekiko elkartasun handia egon da eta dago. Elkartasun honen adibide asko daude, baina gutxi batzuk aipatzearren ondorengoak zerrendatuko nituzke:

- FLIK (Flandriatik Ikastolentzat): Ludo Docx zuzendutako proiektua, urteetan Flandesen ikastolen aldeko sustengua garatu zuena.

- Walter Luyten eta Willy Kuijpers senatariak Euskal Herrian egindako elkartasun ekimenak.

- 1996an Flandeseko Parlamentuak Euskal Herriko autodeterminazio eskubidearen alde onarturiko ebazpena.

Egun ere Euskal Herriarekiko elkartasuna jorratzen duten hainbat flandestar ezagutzen ditut. Garai batean, 70. hamarkadan bereziki, euskal militante abertzale askok Flandesen pasa zituen hilabeteak eta urteak. Horrek ere harremanak indartzen lagundu zuen.

Hala ere, gaur egun, Euskal Herrian Flandesekiko dagoen informazio apurra eta interes eza harritu egiten naute. Harreman historiko honen inguruan ezer gutxi dago idatzirik, eta pena da.

Askatasunerako bidai luze honetan  izan ditugun bidai lagun ezberdinak ez genituzke ahaztu behar. Gure memori historikoaren parte ere badirela uste dut.

Haize berriak…

Eskandinaviar herrietako egoera politikoari buruz maiz idatzi dut. Sozialdemokraziaren gotorlekua, Ongi Izate estatuaren aintzindariak, eskuinerako joera izugarria jasan izan du azken urteetan.

Joera hau koiunturala den denborak esango du, baina ezker mugimendu zabalaren baitan joera interesgarriak ematen ari dira, eta gerta liteke datozen urteetan boterea berreskuratu ahal izatea hainbat herrietan.

Norvegian Ezker koalizioak (Sozialdemokratak, SV eta Zentru alderdia) berriro ere gobernu akordioa lortu du.

Islandian, krisiaren ostean eta ondorioz, ezker alderdien arteko gobernua osatu da, lehenengoz bere historian.

2010eko Irailean hauteskundeak burutuko dira Suedian. Eta badirudi Suediako sozialdemokratak, Vansterpartiet (Ezker Alderdia) eta Alderdi Berdeak hauteskundeen ostean gobernu koalizioa osatzeko akordioa osatzen ari direla. Norvegian burutu zen Soria-Moria akordioa da haien eredua.

Azken inkestak adierazten dutenaren arabera, koalizio horrek hauteskundeak irabaziko lituzke, eta alderdi eskuindarrek oposiziora bueltatuko lirateke.

Finlandian aldiz, ez dirudi momentuz horrelako aldaketarik emango denik. Finlandiako Alderdi Berdea, gainontzeko europako alderdi berdeen eskuinera dago, eta egun gobernuan dago Finlandiar alderdi kontserbadoreekin batera. 2011ean izango dira datozen hauteskundeak, denbora asko falta da oraindik, baina ez dirudi ezkerrak emaitzei buelta emateko gaitasunik izango duenik. Era berean Finlandiako alderdi sozialdemokrata eta ezker alderdiaren artean, ez dago elkarrekin gobernatzeko inolako aurre lanik eginda.

Groenlandian eta faroe Uharteetan ezker alderdiek independentismoari lotuak daude, gure herrian gertatzen den bezala.

Danimarkan udal hauteskundeak izan dituzte duela gutxi eta ezkerrak eskuinak baino bozka gehiago lortu ditu. Aipatzekoa da Alderdi Herritar Sozialistak izandako emaitza onak. Azken urteetan alderdi honek gorakada izugarria izan du, eta ez litzaidake arraroa egingo aurrera begira Sozialdemokratekin batera Danimarkako gobernua eskuratzeko koalizioa burutuko balute. Hala ere , alderdi honen igoera, bere diskurtsoaren epeltasun eta eskuineratzearekin batera eman da. Europar batasuna eta konstituzioaren kontra egon den alderdi hau Lisboako itunaren alde agertu izan da adibidez.

Orokorrean Sozialdemokrazia eta ezker alderdien arteko koalizioak sortzen ari dira. Ezker alderdien diskurtso eta praktikan honek izan ditzazkeen aldaketak aztertzea interesgarria litzateke. Errezagoa  da oposizio lana gobernu lana baino. Azken honek kontradikzioak sortuko ditu ezker alderdien baitan, baina era berean, oposizio ta salaketa lanetik gestiora pasatzeak aukera paregabeak sortu ditzazke.