rssgaur8 logotipoa

Mitchell, Rubalcaba eta Landa

 

George Mitchell, Alfredo Perez Rubalcaba, eta Karmelo Landak ezer gutxi daukate amankomunean.

Lehenengoa Palestinan dihardu Estatu Batuen ordezkari gisa, bakerako bide ezberdinak aztertzen. Bigarrenaren ustez, Ezker Abertzaleak balizko bake prozesu baterako lehenengoak Ipar Irlandan aplikaturiko printzipioak onartzea ez omen du ezer berririk suposatzen. Eta hirugarrenak kartzelan jarraitzen du, epaiketarik gabe, eta nahiz eta Nazio Batuak bere askatzea eskatu berri duen.

Mitchellek Irlandako bake prozesuan emandako laguntza ezaguna eta publikoa da. Nik behintzat hori da beretaz daukadan erreferentzi bakarra. Positiboa gainera.

Rubalcabari buruz ezer positiboa azpimarratzea zaila egiten zait. Ezinezkoa esango nuke. Bake zalea ez dela argi dago. Bere iharduera politikoa kontrakoa adierazten du. Euskal Herrian ondo baino hobeto dakigu hori. Karmelo Landak ederki dakiela esango nuke.

Eta Landari buruz zer esan? Ezagutu dugunok badakigu bere grina eta determinazioa itzelak direla. Jaso dituenak jasota, oraindik ere ilusioa transmititzen duen horietakoa da. Bere konpromiso eta koerentzia kartzelara eraman dute. Hori eta zenbait Rubalcaben erabakia.

Euskal Herrian diren Landa guztiak aktibatu eta lanean jarri behar dira, gure herriak bizi duen gatazka politikoa konpondu nahi badugu, estatu propio bat eraiki nahi badugu. Rubalcaba asko bait dago Espainian, baita gure herri barruan ere bai, eta gogor saiatuko dira hasi nahi dugun bide hau geldiarazten, ahal den moduan oztopatzen. Haiek egungo egoeran eroso bizi dira. Esan bezala, bidea zaila eta oztopoz beterikoa izango da, eta kanpoan dauden Mitchell ezberdinen laguntza beharko dugu zenbait aurrera pausu emateko garaian.

Baina, gauden momentuan gaudela, ez dezagun ahaztu nor den nor.

Islandia Europar Batasunean?

320.000 biztanle inguru eta 103 aireportu dituen herri honek 1944. urtean bilakatu zen estatu. Burutu zen erreferendumean %95ak bozkatu zuen independentziaren alde. Danimarkak erabaki hau errespetatu zuen.

Islandia ongizate estatuaren eta eskandinaviar politikagintzaren eredua izan da. Urteetan mundu mailan egin diren estatistika eta zerrenda ugariren buru. Nazio Batuen 2007-2008 Human Development Index buru eta Gini koefizientearen lehenetarikoa adibidez.

Hala ere, mundu mailan ematen ari den krisiak gogorki kolpatu du Islandiar ekonomia eta honek zurrunbilo sozial eta politikoa eragin du. Islandiar ekonomiaren gainbehera, inoiz egon diren giza mobilizazio eta protesta handienak, gobernuaren dimisioa, hauteskunde berrien antolaketa eta gobernu berri baten aukeraketa eragin ditu hilabete gutxitan. Aliantza Sozialdemokrata eta Ezker-Orlegi mugimenduak osatzen dute gobernu koalizioa.

Islandian orain arte euro-eszeptizismoa izan da nagusi, eta nahiz eta Nazio Batuak, NATO, EFTA eta beste nazioarteko erakundeetako kide izan, ez zirudien islandiarren agendan Europar Batasunean sartzerik zegoen. Hala ere islandiar parlamentu berriak Europar Batasunean sartzeko eskaeraren alde erabaki du duela hilabete batzuk.

Asko aldatzen ari da islandiar gizartea oso denbora gutxian. Ugari dira azken hilabeteetan Islandiatik kanpo lan bila joan diren gazteak. Horren biztanle gutxi duen herri batentzat arriskutsuak dira horrelako migrazioak. Gerta liteke, Europar Batasunarekiko mesfidantza ere desagertzea, baina egun ez dut uste islandiarren gehiengoa Europar Batasunean sartzearen alde dagoenik. Prozesua aurrera badoa, erreferenduma antolatu beharko da eta orduan ikusiko da zer gertatzen den.

Ez dut uste Europar Batasunak islandiar hautagaitzari oztopo handirik jarriko dizkionik, baina eta islandiar herritarrek?