Hauteskundeak Norvegian
Irailaren 14ean hauteskundeak burutuko dira Norvegian. Parlamenturako hauteskundeak. Egungo gobernua alderdi sozialdemokrataren esku dago, Senterpartiet eta SV ezkerreko alderdiekin koalizioan.
2005ean koalizioa osatu zutenean, kanpo politikarako Soria Moria akordioa adostu zuten. Nire ustez akordio hau oso positiboa suertatu da zenbait gauzetan. Soria Moria akordioaren ondorioz harturiko lehen erabakia Europar Batasuneko zerrenda beltza Norvegian ez aplikatzea izan zen. Horretarako kanpo aferetako ministroak eman zuen arrazoiaz gainontzeko Europako mandatariak ikasi beharko lukete. Bere ustez zerrenda beltzak munduko hainbat tokiko bake prozesuetan modu positiboan eragin ahal izateko oztopo handia bilakatu zitekeen.
Gatazketako alde bat kriminalizatzeak ez omen du ezertan laguntzen, eta elkarrizketa, negoziazioa eta akordioak zaildu egiten ditu.
Ez dut esango Norvegiar gobernua azken lau urteetan bikaina izan denik, baina gai honetan behintzat, bere jarrera eredugarria izan dela esango nuke.
Eskandinaviar herrietan eskuinerako joera nabarmena ematen ari da azken urteetan. Sozialdemokraziaren lurraldea izan da urteetan baina egungo mapa politikoa aztertzen badugu konturatuko gara gauzak dezente aldatu direla. Danimarka, Suedia eta Finlandian eskuina dago gobernuan. Islandia Eskandinavian ohitura sozialdemokrata hau izan ez duen herria bada ere, gobernu sozialdemokrata du egun, Norvegia bezala.
Eskandinavia nahiko euroezeptikoa izan da ere bai. Baina, Islandia Europar batasunean sartzen bada Norvegia, Faroe eta Groenlandia bakarrik geratuko dira kanpoan. Estatu bakarra eta estaturik gabeko bi herri.
Norvegiar hauteskunde hauek garrantzitsuak dira beraz, Norvegia, Eskandinavia eta Europar Batasunaren etorkizunerako.
Toki gutxitan irakurriko badugu ere, Norvegiar hauteskundeekin batera Sami parlamenturako hauteskundeak ere burutuko dira irailaren 14ean. Baina hauetaz hurrengoan arituko gara.
