rssgaur8 logotipoa

indijenen bozak Mexikon

Edozein lekutik zeharkatzen duzula, Mexikok paraje ikusgarriak ditu. Horietako bat, Queretarotik Sierra Gordako deserturako bidea da.

Ostiralean, kotxean gindoazen, “Zeruko atea” deitzen den gailurrerantz eta errepide bazterrean dagoen etxe txiro batean, etxe txikia baino handiagoa eta garestiagoa zen pankarta erraldoia ikusi genuen. Bertan, Queretaroko estatuan PANen hautagaien aldeko bozka eskatzen zen. Larunbatean, aldiz, ondoko herri batean, PRIko hautagaia eta lau indijenen arteko bilera ikusi genuen. Bertako lauak, PANen aldeko kanpaina egin bazuten ere, herri horretan PRIk irabaziko zuela ikusita haien bozka aldatu eta PRIren alde egitea erabaki zuten. Hautagaiarekin, haien bozka aldatzearen prezioa hitzartzen ari ziren.

Agerkari honetan askotan azaldu dugun bezala, jatorrizko herriak txikituta bizi dira Mexikon, alkohola, langabezia eta hezkuntza gabeziak bultzatua. Honela, hauteskundeetan diru truke bozkatzen dute, haien auzoetara, haien etxeetara, diru piskat sartuko duen hautagairen alde lerratzen dira. Bost axola zaie PAN edo PRI izan.

PRI 72 urtez gobernuan egon izana, politikari egin dion kaltea izugarria da. Alderdi bakarrak, politika egiteko modu bakarra nagusitzea lortu zuen. Dirua, eta honen hotsa dira hauteskunde hauetako buruhaustea.

Eta tristea bada ere, inoiz PANeko eskuindar batek eskua emango ez dion arren, bertako indijenek, haien alde bozkatuko dute. Edo PRIren alde. Txanponaren bi aldeak.

Bakoitza bere tokian…

1954. urtean sortu zen VolksUnie (Herri Batasuna) alderdi abertzale flandestarra. 2001ean alderdia desagertu zen, bi sektore kontrajarrien arteko ezadostasunak zirela eta.

VolksUnieko sektore txiki batek, Bert Anciaux buru zuela, Flandesen independentziaren aldeko hautu garbiaren kontra zegoen. Gehiengoa aldiz, Geert Bourgeois buru, alderdiaren izaera abertzalea mantendu nahi zuen. Ondorioa apurketa.

Bert Aciaux Spirit alderdia sortu eta berehala Sozialista flandestarrekin akordioa lortu zuen, hauteskundeetan elkarrekin parte hartzeko. Lehenengo urte horietan emaitza ona keta ordezkaritza instituzional garrantzitsua lortu zuten. Aipatu beharra dago VolksUnieko hainbat ordezkari ezagun Spiritera joan zirela.

Geert Bourgeois-ren aldekoak N-VA alderdia sortu zuten eta zailtasun handiekin bada ere bere izaera abertzalea mantendu zuten. Ordezkaritza lortzeko %5a lortzeko borrokan ibili dira urtez urte, VolksUnieko militanteen gehiengoaren sostenguarekin, baina Geert Bourgeois kenduta, perfil mediatiko gutxiko ordezkariekin.

8 urte pasa dira VolkUnieko desagertu zenetik. Spirit alderdia gero eta emaitza txarragoak lortu izan ditu azken urteetan, eta hori dela eta duela gutxi apurketa berria izan zuen. Bert Anciaux sozialistekin batera aurkeztu da ekaineko hauteskundeetara. Gainontzekoak SLP alderdia sortu zuten duela hilabete batzuk eta ekainean izan diren hauteskunde europar eta erregionalistetan %1a baino gutxiago lortu dute. Ziurrenik SLP alderdia desagertuko da datozen egun edo asteetan.

N-VA alderdia %10 inguru lortu du azkeneko hauteskundeetan eta Flandeseko abertzaleen erreferente erreal bakarra bezala agertzen da.

Eta guzti hau zertara dator? Ariketa bat proposatzen dizuet. Flandesen gertatu dena Euskal Herrira trasladatu eta esaidazue zein den zein. Ziur asmatuko duzuela.

Nik bozkatu dut jada

Iniciativa Internacionalista – la Solidaridad entre los Pueblos (II-SP) izan da nire hautua. Duda izpirik ez dut izan nire hautua egiterako orduan. Ezkertiar eta independentista izanik ez dago beste inor bozkatzerik, edo hori iruditzen zait niri behintzat.

Atzerrian bizi garen euskaldunok lehenago bozkatu beharra dugu, eta ni gaur joan naiz bozkatzera.

Igandean ez dadila inor etxean geratu. Bozka guztiak beharrezkoak izango dira II-SP eurodiputatua lortu dezala gura badugu.

Aurrera bolie!

Benedetti

Maiatzak 17an hil zen Mario Benedetti idazle uruguaiarra. Herri txikiak eman duen idazle handia bere Montevideoko etxean hil zen 88 urte zituela.

Benedettirekin zor batzuk ditugu eta post mortem bada ere, hona gure zorren kitatzea.

Inoiz ordainduko ez duguna, La Tregua da. 1960. urtean idatzia, itxaropena, tristezia, alaitasuna, orohar, bizitzako sentimendu guztiak jasotzen ditu. Avellanedaren bila jarraituko dugu, pertsonai horrek duen esanahi osoa bilatzen.

Pedro y el Capitan, 1979. urtean idatzitako antzerkiak, torturatu orori eman dion bizipena ere itzela da. Eta torturatuak izan ez garenoi, irabaztea posible denaren utopian dantzan utzi gaitu. Pedro, militante ezkertiarrak bere torturatzailearekin duen elkarrizketa azaltzen du antzezlanak eta bertan, Pedrok torturatzailea garaitzen du, datu bakar bat ere ez emanaz torturatzaileari. Torturatzailea zalantzaz beterik uzten du. Zeren eta, informaziorik lortu ezean, zer da torturatzaileak egin duena?

Primavera con una esquina rota, 1982. urtean argitaratua, Benedettiren beste idazlan izugarria da. Presoa eta kanpoan dagoenaren arteko eskutitzen bitartez, Uruguay deskribatzen du, baina baita ere deserriratzea, espetxea, eta azken finean, herri honetan ere hain ezagunak zaizkigun lekuak.

Montevideora iritsi ginen lehen aldian, bere gainbehera eta xarma ezagunak bazitzaizkigun, beregatik zen. Militantzia, erbesteratzea eta itzulera bikain deskribatu izan ditu Benedettik bere bizitza osoan eta bere idazlanek, guretzat, hurbileko leku izaten jarraituko dute.