Martxoaren 1ean…
Munduan gertatzen direnen inguruan idazteko sortu genuen txoko hau. Gaurkoa kakotxa artean doa, aspaldian Euskal Herrira begira bait dago Mundua.
Gurean gertatzen ari direnak Europar Batasuneko beste txokoren batean gertatzea pentsa ezina da. Hala diote Nazioarteko hainbat aditu eta erakundek.
Gurean aldiz jende asko mutu.
EAE hauteskundeak burutuko dira Martxoaren 1ean. Hauteskunde ez demokratikoak. Halakorik Venezuelan gertatuko balitz entzun beharko liratezkeenak…
Agintarien betebehar nagusia hiritarren oinarrizko eskubideak errespeta daitezen da. Printzipio hori, sortu daitezkeen lege edo aginduen gainetik dago. Gurean jai.
Ibarretxe jauna EAEko lehendakaria izan den urteetan oinarrizko eskubide hauek bortxatuak izan dira, behin eta berriro. Ibarretxe jauna borreroa izan da gurean.
Espainiar epaileek agindutakoa bete behar dutela esaten digute. Nahiz eta agindu horiek oinarrizko giza eskubide eta eskubide zibil eta politikoen kontra joan. Esan dezatela nahi dutena, baina ez dago egiten ari dutena justifika dezakeenik. Non dago limitea? Limiterik badago…
EAE Madriletik gobernatua izateko arriskua azpimarratzen ari dira jeltzale askok. Noiz utzi dio ba Madriletik gobernatua izateari? PNV izan da espainiar interesen defendatzaile eta bultzatzaile nagusia, Ajuria Enea Espainiar gobernuaren sukurtsala bilakatu arte.
Gure herriak bizi duen gatazka ez du PNVk konponduko. Iruzur politikoa eta putxerazoa erabili nahi dituzte, PSOErekin batera gatazka bere horretan utziko duen estatutuaren erreforma egiteko.
Egoera honen aurrean zer? Nire ustez gure betebehar nagusia, iruzur politikoa ekidin, eta gure herriak bizi duen gatazka politikoa konponduko duen prozesu baten alde indar egitea dira. Horretarako Euskal Herrian eta nazioartean jarriko nituzke indarrak. Bide horretan, Martxoaren 1ean D3M bozkatuko dut.
